Gutxi batzuek handitu dute mugimendua

Arraunlari dantza izan da iaztik Eusko Label eta Euskotren ligetan, ohi bezala. Gizonetan, Santurtzi aldatu da asko, eta emakumeetan, Donostiarra eta Orio

Santurtzi aurreko igandean, Sestaon jokatu zen Jaitsieran. ITSASOKO AMA ARRAUN ELKARTEA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun

Arrauneko entrenatzaileentzat eta klubetako zuzendaritzetako kideentzat ez da garai samurra izaten aurreko denboraldi bukatu berria eta datorrena lotzen dituen zubia zeharkatzea. Taldeak osatu behar izaten dira urtero, eta azken urteetan ohikoa bilakatu da arraunlarien mugimendu handia. Taldez aldatzeko zioak alde batera lagata, errealitatea hori da, eta lan eskerga egin behar izaten da taldeetan datorrenari aurre egiteko. Iazko sasoitik aurtengorako bidea ez da salbuespena izan, eta arraunlari dantza handia izan da Eusko Label eta Euskotren ligetan.

Kontsultatu kirolarien joan etorriak, hemen: Eusko Label Liga.

Kontsultatu kirolarien joan etorriak, hemen:Euskotren Liga

Ohi baino lan handiagoa izaten dute hainbat taldetan. Hirutan izan dira aldaketa asko: gizonezkoetan, Santurtzin, eta emakumezkoetan, Donostiarran eta Orion. Santurtziri ia osorik hondoratu zaio azken urteetako egitasmoa, eta hutsetik hasi behar izan du lanean. Etxeko arraunlariak, kanpotik zenbait, utzita zeudenetako batzuk berreskuratu, eta horiek guztiak gehitu behar iaztik jarraitzen duen multzo txikiari.

Santurtziren deskalabruak beste norabait eraman ditu hango piezak, eta deigarria da Urdaibaik nola batu dituen iaz Sotera traineruan, besteak beste, Kontxako Bandera eta Eusko Label liga irabazitako sei arraunlari, Iker Zabala entrenatzailea ez ezik. Indartu egin da, horrenbestez, Bou Bizkaia trainerua, azkenaldiko ibilbide malkartsua zuzentzeko asmoz. Gizonen liga nagusian, bestelakoan, ez da mugimendu handirik, hau nabarmentzekoa bada ere: Fernando Rua galiziar beteranoak Orion jarraituko du bere ibilbide luze bezain oparoarekin.

Emakumezkoetan, Donostiarraren iazko egitasmoa hautsi egin da neurri handi batean, eta beste horrenbeste edo antzekoa esan daiteke Orioren inguruan ere. Hainbat berrikuntza daude bi taldeetan. Arraun Lagunak-en ere bai, baina aurreko urteko bizkarrezurrari eutsi diote, eta gehiago indartu ere bai taldea. Deigarria da Pescador ahizpak —Ane eta Eli— lehen aldiz ariko direla batera liga nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.