ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Iruzurra zientzian

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Betidanik izan da iruzurra zientzian. Iazko kasu nabarmenena RIKEN ikerketa-zentroak zelula amekin egindakoa izen zen. Ez bakarrik iruzurraren neurriagatik, baita izan zituen ondorioengatik ere: ikerketan parte hartu zuen zientzialari ospetsuenak bere buruaz beste egin zuen. Yoshiki Sasai izena zuen, eta zelula arruntak zelula ama bihurtzeko STAP errezetaren egileetako bat zen. Errezeta ia magikoa zen, ordura arte garatutakoak baino askoz ere errazagoa. Nature aldizkarian argitaratu zituzten osagaiak eta prozedura osoa, iazko urtarrilean, bi artikulutan. Ia berehala azaldu ziren lanari buruzko zalantzak; gutxienez zortzi ikertzailek esan zuten ezin zutela ikerketa errepikatu (errepikagarritasuna da metodo zientifikoaren oinarrietako bat). Otsailean, RIKENek barne-ikerketa bat egin zuen, eta artikulu zientifikoen sinatzaile nagusiak, Haruko Obokatak, jokabide okerra izan zuela ondorioztatu zuen. Korapiloa estutzen joan zen, eta, uztailean, Nature-k atzera bota zituen bi artikuluak.

Sasairen suizidioa alde batera utzita, batek pentsa lezake artikulu iruzurtiak atzera botatzea mekanismo eraginkorra dela zientziaren zuzentasuna bermatzeko. Alabaina, iruzurrarekiko kezka areagotzen ari da. Batetik, atzera botatako artikuluak ez direlako baztertzen beti; askotan, ontzat emanak eta aipatuak izaten jarraitzen dute. Bestetik, gero eta gehiago direlako argitaratu ondoren atzera botatzen diren lanak: 2000. urtean, 30 artikulu ziren; 400 baino gehiago 2014an. Hala, iruzurra eragozteko neurriak hartzeko garaia dela uste dute aditu askok. Ez dute lan makala: Nature-k egindako aurreikuspenaren arabera, aurten 470 artikulu botako dira atzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.