Etorkizunaren errelatoa

Ehun mugimendua
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusak handitu egin du krisi globalaren dimentsioa. Handitze horrek, orain arte normaltzat genuena, ez-normal bilakatze bidean jarri du. Betierekoak ziruditen egiak zalantza bilakatu zaizkigu. Sistemari arrakalak ireki zaizkio eta, inoiz ez bezala, arrakala horiek ebidenteak egin dira gehiengoarentzat.

Azken hamarkadetan pribatuaren alde egindako politikek prekarizazioa eta izen eta abizendun pertsonen heriotza dakartela ari gara ikusten. Bizitzaren (duinaren) aurrean, orain artekoaren aldekoek, kapitalaren eta pribatizazioaren aldeko aukera kontzientea egin dutela gutxik jarriko dute ezbaian.

Krisiak agerian jarri du, publikoa/komuna bizitza duinaren baldintza dela. Baina krisiak beste gauza bat ere azaleratu du: estatu batek ematen dituen erreminten beharra. Estatu batekin jada identifikatzen zirenek iraganeko kontua zirela esaten ziguten; estatu baten beharrik ez dagoela. Baina, gaur-gaurkoz, krisi globalari bizitzaren aldeko erantzunaemateko, egitura politikorik eraginkorrena estatua dela argi geratu da.

Krisi hau ez da bukatuko aurreko egoerara itzultzean. Hori ez baita pasatuko. Krisiak, normalkeria edo normaltasun berri baterako ateak dira. Hau da, egoera murriztaileago batera edo egoera justuago batera joan gaitezke, soilik. Gauzen egoera aldatu nahi dugunontzat, krisiak, aukera garaiak dira, beraz.

Bi aukerek behar dute etorkizunaren errelato bat; etorkizunerako egiten den hautu politikoa justifikatuko duen errelato bat. Betikoaren aldekoak hasi dira etorkizuneko marko murriztailea justifikatzen: ekonomiak beherantz egin duenez, egoera orokorraren prekarizazioa etorriko zaigula esaten. Hain sinplea eta hain zentzuzkoa itxuran.

Etorkizuna okerragoa izango dela sinetsarazi nahi digute. Ez dagoela besterik. Gure bizitzen prekarizazioa halabeharrez etorriko dela. Krisia soilik ekonomikoa dela esango digute, horrela bakarrik justifika baititzakete egin nahi dituzten murrizketa prekarizatzaileak. Baina krisia orokorra da, mundu ikuskera neoliberalaren krisia da.

Politikan espazio hutsik ez dagoenez, errelato propioa ez sortzeak etorkizunaren errelato murriztailea onartzea dakar. Eta horrek, gauzak aldatu nahi ditugunak, kalterik txikienaren logikan lardaskan ibiltzera eraman gaitzake, soilik. Indarrean dagoen legediaren kudeaketa hutsaren logikara mugatzen gaitu. Helburu politiko eraldatzaileak justifikatzea ezintzen digu. Horregatik, garrantzitsua da, momentuko egoera larriari erantzuten dioten eskariak egiteaz gain, etorkizunaren errelato propioa eraikitzen hastea. Marko propioa eraikitzen hastea, alegia.

Geure buruari galdera sinple bat egin behar diogula uste dugu: Espainiak eta Frantziak krisiaren zein irteera eskainiko digute, prekarizatzailea edo bizitza duinaren aldekoa? Hamarkada luzeetako esperientziek zizelkatu diguten zentzu komunak eta egun hauetan ikusten ari garenak, aukera prekarizatzailea emango digutela esaten digu. Horregatik, hori guztia aldatu nahi dugunokbeste bide bat elikatu behar dugu.

Euskal Errepublikaren osagaia kanpoan utzita ezin da etorkizunaren errelato berdinzale eta justua egin. De facto, horrek Espainiako eta Frantziako Estatua errelato berriaren osagaitzat hartzera garamatzalako. Jada aipatu dugun moduan ere, horrek, krisitik irteera murriztailean kalterik txikienaren logikan lardaskan ibiltzera garamatzalako.

Euskal Errepublikaren beharra mahaigaineratzen ez duen etorkizuneko errelatorik gabe, ez dago krisitik onik irteterik. Ezin dugu etorkizuneko errelatotik kendu Euskal Errepublikaren osagaia, jendartea prest ez dagoelaeta bidea herriarekin batera egin behar dela aitzakiatzat hartuta. Etorkizuneko errelato askatzailerik gabe, herri hori, etorkizuneko errelato murriztailera ohituko baita. Ez da sekula prest izango.

Bizi baldintza duinak nahi dituen orori, hau da, Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduari, unea iritsi zaio, krisiaren irakurketa orokorra egin eta partikulartasunetik erantzun globalak asmatzeko. Etorkizuneko errelatoaren eraikuntzan, gaurtik bertatik, hasteak badu bere garrantzia; bestela, besteen etorkizuneko errelatoetako galtzaileak izango baikara. Garai ezezagunak datozkigu, aurreikusteko zailak direnak eta Euskal Errepublika da, garai hauetatik, onik ateratzeko dugun ontzi bakarra.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATU DUTE: Unai Apaolaza, Lide Zubizarreta, Aritz Villar, Ainhoa Negeruela, Asier Sanz, Oihana Santolaria, Unai Lamariano, Olatz Mendi, Josu Irazusta eta Aimar ArgiƱanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.