Zientzia

Ilargiaren alde urrunean gailu bat lurreratzea lortu du Txinak, lehen aldiz

'Chang'e 4' gailua satelitearen hego poloan dago, eta hango zorua aztertuko du. Adituek esan dute ustiaketa ekonomikoa prestatzea dela helburuetako bat

'Chang'e 4' gailuak Ilargiaren alde urruneko zorutik bidalitako irudia.
'Chang'e 4' gailuak Ilargiaren alde urruneko zorutik bidalitako irudia. CNSA

Edu Lartzanguren -

2019ko urtarrilak 4

Hasi besterik ez da egin, eta dagoeneko mugarri historikoz betetzen ari da 2019a, espazioaren esplorazioari dagokionez, behintzat. Txinako Espaziorako Administrazio Nazionalak —NASAren edo ESAren baliokideak— gailu bat Ilargiaren alde ezkutuan lurreratzea lortu du. Orain arte, halako misio guztiak Ilargiak Lurrari erakusten dion aldean egin dira, askoz errazago delako komunikazioa. Txina indarrez sartzen ari da azken urteotan espaziorako lehian, eta interes ekonomiko argiekin, adituen arabera.

Osteguneko ordu txikietan zabaldu zuen Pekinek albistea: Chang'e 4 misioak arrakasta izan du —Ilargiaren Txinako jainkosaren izena darama misioak—. Lurreratzeko gailu bat eta hark barruan daraman ibilgailu bat pausatu dituzte Ilargiaren alde ezkutu edo urrunean, Aitken arroa deituriko gunean, Von Karman kraterrean. Ilargiaren alde hurbila baino malkartsuagoa da alde urruna, askoz krater gehiago dago, eta lautada gutxiago. Horregatik, zailagoa da lurreratzeko leku egoki bat topatzea. Aitken arroa Ilargiko kraterrik zaharrena da, handiena —2.500 kilometroko diametroa du—, eta sakonena —hamairu kilometro—.

Datozen hilabeteetan, kraterra aztertuko du gailuak; besteak beste, hura sortu zuen talkak agerian utzitako sakoneko harriak zerez eginda dauden ikertuko dute txinatarrek. Leku estrategikoa da hego poloa, izotz apur bat baitago han, eta ura erabakigarria izan daiteke gizakien base iraunkor bat jartzeko Lurraren satelitean.



Patata eta arabidopsis generoko belarrak daramatza gailuak, esperimentu biologikoak egiteko. Gainera, zeta harren arrautzak eraman dituzte Ilargiaren alde urrunera. Chang'e programako lehen misioetan orbitatik datuak biltzera mugatu ziren. Bosgarrenean eta seigarrenean, Ilargiko laginak hartuko dituzte, eta Lurrera itzuliko dituzte datorren urtean, dena ondo bidean.

«Nagusitasun teknologikoaren erakustaldia» egiten du beti NASAk misioetan, esan du Javier Armentia astrofisikari eta Iruñeko Planetarioaren zuzendariak. «Orain, txinatarrak joko bera egiten ari dira». Nabarmendu du Txinaren espazio programaren garapena «oso adimentsua» dela, eta Chang'e misioak «arrakastaz arrakasta» ibili direla azken urteotan. Armentiak gogoratu du 2013an Ilargiaren alde hurbilean lurreratu zutela Yutu ibilgailua —jadezko untxia esan nahi du txineraz.

Litio bila

Jose Felix Rojas astrofisikari eta EHUko Planeten Zientzien taldeko kidearen arabera, Txinak egindako balentria ez da «propaganda» kontua. «Espazioan dagoena komertzialki ustiatzeko aukerak ikusten ari gara dagoeneko». Adituak uste du Ilargia lehengai iturri garrantzitsua izan daitekeela. Espaziorako ahalmena duten estatuek aspaldi dute begiz joa Ilargia, alde horretatik. Sateliteen bidez ondo aztertu dute Ilargiaren azaletik gertu non dauden gai interesgarrien meatokiak. Indiak hori egin zuen Chandrayaan-1 satelitearekin, 2008-2009 artean.

Litioa jarri du adibide gisa astrofisikariak. «Lur planetan litio gutxi dago, eta horrek zailtasun handiak eragiten ditu bateriak garatzeko orduan». AEBetako Ikerketa Geologikoak (USGS) aurten ondorioztatu duenez, Lurrean geratzen diren litio erreserbak 16 milioi tona baino ez dira, eta oso leku gutxitan daude. Kalkuluen arabera, ezagutzen diren erreserben erdiak Bolivian daude, Uyuniko gesaltzan, besteak beste. «Meatze horiek kontrolatzen dituenak beste herrialdeen garapena hipoteka dezake», esan du Rojasek.

Ilargiko zorua aztertzen hasiko da laster Chang'e 4 gailuak barruan daraman ibilgailua, espektometroaren, radarraren eta beste tresna batzuen bitartez. Gailuak 140 kilo ditu, eta sei gurpil.

Txinatarren originaltasuna lasterketa honetan Ilargiaren alde ezkutuan aritzea izan da. Askoz zailagoa da han misio bat egitea, horregatik egin dira orain arteko guztiak Lurrari begira dagoen aldean, komunikazioa zuzenean egin baitaiteke han dagoen edozein gailurekin. Alde ezkutuan, ordea, artekari bat behar da seinalea Lurrera helarazteko; Txinaren kasuan, Queqiao satelitea da mezularia —mika txorien zubia esan nahi du—. 2018ko ekainean jarri zuten Lagrange L2 puntuan orbitan, Ilargiaren azaletik 65.000-80.000 kilometrora. Puntu horretan, elkar indargabetzen dute Lurraren eta Ilargiaren grabitateek, eta oso erregai gutxi behar da horren inguruan orbitatzeko. Hortik, Queqiao ia une oro komunika daiteke zuzenean Lurrarekin eta Ilargiaren alde urrunarekin.

Garai batean Ilargiaren alde iluna esaten zitzaion Lurretik ikusten ez den aldeari, baina esamoldea ez da zuzena. Izan ere, Ilargiaren bi aldeek jasotzen dute Eguzkiaren argitasuna zuzenean, bi astez, txandaka. Ilargiaren alde bera ikusten da beti lurretik, sateliteak bere ardatzaren inguruan itzuli bat egiteko behar duen denbora eta Lurraren bueltan biratzeko behar duena berberak direlako. Ez da kasualitatea: denboraren eraginez finkatu dira errotazio mugimenduak bi objektuen artean.

Txinaren estiloa

Interes ekonomikoez landa, Ilargiaren alde urrunean gailu bat lurreratzeko misioak indarrez sartu du Pekin espazioa esploratzeko lehian. «Ilargian probatzea erraza da», esan du Rojasek, «eta, Ilargian funtzionatzen badizu, litekeena da gorputz urrunagoetan ere funtzionatzea, Marten, haren satelite batean edo asteroideetan».

Lurreko ekonomian bezala, Txina beste estatu ahaltsuen pare edo aurretik jarriko da espazioan? Rojasek uste du gauzak oso ondo ari direla egiten. Tiangong-1 espazio estazioarekin —zeruko jauregia esan nahi du— mundua harritu zuten txinatarrek: Lurraren orbitan izan zuten 2011tik iazko apirilera arte. Txina lehian sartu izanak aire freskoa ekarri dio espazioaren esplorazioari. «Paradigma aldatuko du Txinak». Azken boladan, esplorazioa motelduta egon da, baina Txinak «askoz modu pragmatikoagoan ikusten du espazioaren esplorazioa». Rojasen arabera, gauza bat egin dezaketela ikusten badute, Txinako ingeniariei ez zaie axola itxarotea ondo egin arte.

Pragmatikoagoak, eta diskretuagoak dira txinatarrak. Horren froga izan da Chang'e 4 gailua Ilargiratzeko misioa. Informazio gutxi eman du Txinako Espaziorako Administrazio Nazionalak misioaren inguruan, atzo arrakasta baieztatu arte. Sobiet Batasunak antzeko estiloa zuen: misioak arrakasta izan arte ez zuten horren berririk ematen. Ameriketako Estatu Batuek, ordea, dena telebistaz modu arranditsuan ematen dute, eta, ondorioz, ezin dituzte porrotak ezkutatu.

Txinaren sekretismoa kritikatu du Armentiak, baina uste du gauzak egiteko modua aldatzen ari dela espazioaren esplorazioan. «Ez da beharrezkoa Donald Trump bezala ibiltzea; txinatarrak ari dira, horrenbesteko zaratarik gabe, eta oso modu eraginkorrean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna