AEBetako hauteskundeak. Emaitzak

Biden, garaipenetik gertuago

Aurretiko botoen zenbaketak argituko du nor den hauteskundeen irabazlea. Trumpek garaipena aldarrikatu du milioika boto zenbatzeke zeudela. Parte hartzea historikoa izan da, %66 ingurukoa

Biden, garaipenetik gertuago.
Arantxa Elizegi Egilegor Miami
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
AEBetako historiak dio Ohiok eta Floridak erabakitzen dutela nor izango den presidentea, azken urteetan inork ez duelako Etxe Zurira heltzea lortu horietan irabazi gabe. Donald Trump

AEBetako presidente eta errepublikanoen hautagaiak irabazi ditu bozak bi estatu horietan, baina Joe Biden hautagai demokratak badu gailentzeko aukerarik, betiere estatu aldakorretatik zenbaitetan irabaziz gero. Herdoilaren Gerrikoan, Arizonan eta Nevadan dago gakoa. Horietan nagusituz gero, Washingtonera bidean izango da Delawareko senataria. Inkestek hamar puntuko tartea iragarria zioten, baina lehia askoz ere estuagoa izaten ari da. Bidenek estatuetako 237 boto ditu ziurtatuak, eta Trumpek, 213. Presidente hautatuak izateko, 270 behar dituzte. Biek dute presidentetza lortzeko aukera. Parte hartzea historikoa da. Kalkuluen arabera, %66tik gorakoa izango da azken datua. AEBetako hauteskunde parte hartzerik handiena litzateke 1900. urteaz geroztik.

Kontaketa ez da ongi hasi Bidenentzat. Lehen kolpea Miamin hartu du. Duela lau urte Hillary Clintonek lortu baino hamar puntu gutxiago eskuratu ditu Miami-Dade barrutian, eta Florida berriro ere errepublikanoen esku geratu da. Gainera, Trumpek boto gehien dagozkion estatua bereganatu du: Texas.

Inkesten arabera, Floridan irabazteko aukerak izan arren, presidentegai demokratak Herdoilaren Gerrikoan jarri ditu indarrak kanpainako azken egunetan: Michiganen, Wisconsinen eta Pennsylvanian. Hiru estatu horietan, lehenengo emaitzek Trump jarri dute aurretik, baina egoera irauli egin da ondoren, aurretiaz emandako botoak zenbatzean. Bidenek botoetan gainditu du Trump, bai Michiganen, baita Wisconsinen ere. Azken horretan, aurreko bozetako garaipena zapuztu dio errepublikanoari, 20.000 bozen aldearekin, eta Trumpek zenbaketa berriz egiteko eskatuko duela iragarri du. Michiganen ere estua izan da tartea: 40.000 boto baino gutxiagokoa, Bidenen alde.

Emaitzak emaitza, litekeena da bozen garailea nor den ez jakitea Pennsylvanian zer gertatu den argitu arte, eta hori luzatu egingo da. Izan ere, estatu horretan, 350.000 herritarrek eman dute botoa aurrez. Agintarien arabera, boto horietako gehienak ostiralean zenbatuta izatea espero dute. Trumpek zortzi punturen aldea du behin-behinean, baina irekitzeke geratzen diren botoen artean daude hiri handietako eta barruti demokratetako botoak.

Bidenek ez du Pennsylvaniako emaitzen zain egon beharko Michiganen, Nevadan eta Arizonan irabaziz gero. Hiruretan Trumpen aurretik da, behin-behinean. Arizonara aldaketa heldu daiteke. Botoen %86 zenbatuta, %51 eskuratuko lituzke Bidenek eta %47,6 Trumpek. Nevadan 0,6 puntu da aurretik demokrata, botoen %86 zenbatuta. Agintariek adierazi dute ez dituztela datuak eguneratuko ostegun goizera arte —Euskal Herriko gaurko iluntzera arte—.

Trumpen «iruzur» salaketa

Trumpek karguan jarraitzeko ezinbestekoa du Georgian, Ipar Carolinan eta Pennsylvanian garaipena ziurtatzeaz gain, Nevadan, Arizonan ala Michiganen behin-behineko emaitzak iraultzea. Beste bide bat ere prestatzen hasia da: bide judiziala.

Oraindik milioika boto zenbatzeke zeudela, astearte gauean,«bozak lapurtzen» saiatzea egotzi zien Trumpek demokratei, eta irabazitzat eman zituen hauteskundeak. Horrez gain, ohartarazi zuen Auzitegi Gorenera joko zuela «goizaldeko lauretan boto bat gehiago» hel ez zedin. Presidenteak hasieratik jo du posta bidezko botoen aurka, «iruzurra» ahalbidetzen dutela iritzita. Kontaketak aurrera eginahala, demokratak «edonon Bidenen aldeko botoen bila» ari zirela salatu zuen, atzo.

Bidenek Trumpen adierazpenak gaitzetsi zituen atzo, garaipena aldarrikatzeagatik. «Hemen jendeak agintzen du». Demokratak konfiantza agertu zuen, boto guztiak zenbatutakoan, irabazlea bera izango dela.

Presidentetzarako soilik ez, AEBetako Kongresuko bi kameretako ordezkariak aukeratzeko bozak ere izan dira. Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren heren bat berrituko dituzte. Boto guztiak ez daude zenbatuta oraindik, baina lehen emaitzek demokratei ematen diete garaipena. Ordezkarien Ganberako gehiengotik, 218 eserlekutik, alderdi demokrata dago hurbilen, 203 ordezkarirekin, errepublikanoen 188ren aurka. Senatuan, emaitzak estuago daude; errepublikanoek 48 eserleku izango lituzkete, eta demokratek 47, bost ordezkari erabakitzeko faltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.