Uemak 25 urte. Ana Esther Furundarena. EAJ

«Uste dugu Eudel dela toki aproposena elkarlanerako»

BERRIA

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko maiatzak 5
Joan den otsailetik EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko Euskara arduraduna da Ana Esther Furundarena (Zornotza, Bizkaia, 1966). Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako aholkulari ere bada. Galderak idatziz bidaltzeko eskatu dute alderdiko komunikazio arduradunek. Idatziz erantzun ditu.

25 urte ditu aurten Uemak. Haren jarduna nola ikusten duzu?

Duela 25 urte, Uema sortu zenean, erakunde horrek bazuen bere zentzua eta helburua. Hutsuneak, gabeziak eta beharrak ugariak ziren, eta jardunbideak, hamaika. Uema mankomunitate gisa sortu zen kide ziren udalei hizkuntza aholkularitza, koordinazioa eta abar emateko. Orduan, euskarak ez zituen, erakunde mailan, gaur egun dituen bermeak. Ordutik gauzak aldatu egin dira, eta beste egoera batean gaude; beraz, tresnak ere bestelakoak izan daitezke, eta dira. Euskarak, zorionez, badu gaur egun berme nahiko erakunde guztietan. Euskarak, zorionez, baditu behar dituen bermeak udal antolakuntzan.

EAJren udal batzuk Ueman daude, baina gehienak, ez. Zein da alderdiaren irizpidea?

Ezinbestekoa da udalek era koordinatu eta elkartuan jokatzea esparru guztietan, eta horretarako Eudel dago. Euskadiko udal guztiei eskaintzen die laguntza eta aholkularitza ?baita hizkuntzari dagokionean ere?, eta toki gobernuen arteko koordinazioa sendotzen du, bai euren artean, bai Jaurlaritza eta aldundiekin ere.

Barruan ez dauden udalak sar daitezen ahalegintzen da EAJ?

Udalak adinez nagusiak dira, eta askatasun osoa dute nahi duten elkarteetan kidetzeko. Gure ustez, Uemaren izatearen edukia Eudelen barruan dago. Eudelek udalei eskaintzen die sare propioak edota sektorialak sortzea Eudelen barruan.

Udal Legean akordioa egin dute EAJk eta EH Bilduk. Euskarari buruzko gaiak ere badira. Elkarlan bidea zabaltzeko balio dezake?

Euskararen erabilerari buruzko zenbait puntu garrantzitsu aipatzen eta zehazten dira. Euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izateari buruz, herritarren hizkuntza eskubideei buruz eta udal eskumenei buruz: plangintza egiteko eskumenak, ezagutza sustatzeko, erabilera dinamizatzeko... Elkarlana beti da ona, eta prest gaude.

Uema izan liteke elkarlan foroa?

Uste dugu Eudel dela toki edo foro aproposena elkarlanerako. Udalen elkarlanerako foro naturala Eudel izanik, benetako erronka zera da, Eudeletik eskaintzen diren zerbitzuek udalen premiei erantzuteko eta udalen beharrak asebetetzeko bestekoak izatea, eta unean uneko premiei egokitzea. Eudel sendoagoa eta elkarlanerako tresna egokiagoa bilakatzea da gure asmoa. Asko egin daiteke Eudeletik, are gehiago orain, lege berria onartuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna