Koronabirusa. Aratz Estonba. Akab abokatu taldeko kidea

«Irizpide hutsak lege bihurtu nahi dituzte»

Estonbaren ustez, «legezkotasun printzipioa» urratzen du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak etxean elkartzeko aukera debekatzeko hartutako erabakiak. Salatu du dinamika «oso arriskutsua» abiatu dutela.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko maiatzak 13

Azken egunotan, nahasmen eta zalantza franko eragin ditu Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen fasera igarotzeko ezarritako debekuek eta irizpideek. Akab Askatasun Kolektiboetarako Abokatuak taldeko kide Aratz Estonbak salatu du mezuak «kontraesanezkoak» direla, eta «obedientzia beldurraren bitartez» ezarri nahi dutela.

Segurtasun Sailak debekatu egin du etxean hamar lagun elkartzea. Zer deritzozu horri?

Segurtasun Sailaren irizpideek legezkotasun pritzipioa urratzen dute. Debeku hori urratzen duenari zigor prozedurak irekiko dizkiotela jakinarazi dute, baina isun horiek jartzeko oinarri juridikoa ez dago inon jasota. Legearen kontra ari dira jokatzen. Gainera, Segurtasun Sailaren irizpide hori ez dator bat EAEko aldizkari ofizialean jasotakoarekin. Ertzaintzaren irizpide hutsak lege bihurtu nahi ditu Jaurlaritzak, baina ez dira lege, ez dituztelako beharrezko baldintzak eta prozedurak betetzen lege izateko. Finean, arazoa da Segurtasun Sailaren irizpide bati lege izaera eman nahi diotela, eta hori oso arriskutsua da.

Hortaz, lege ikuspegi batetik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoaan posible da etxean hamar lagun elkartzea?

Dekretuan jasota dagoenari kasu eginda, etxean eta kalean hamar lagun elkartu ahal dira. Osasun Ministerioaren dekretua eta Lehendakaritzaren dekretua osagarriak dira puntu horretan.

Hori horrela izanik, Akab taldekoek asmorik duzue auzibiderik abiatzeko?

Auzibideren bat abiatu dezakegun aztertzen ari gara, baina oso zaila da. Abiatu den dinamika oso gaiztoa da. Guk argi dugu zein den legearen interpretazio egokia, eta ez gara interpretazio hori egin duten bakarrak. Badakigu beste abokatu batzuek ere iritzi bera dutela, eta Gasteizko Udaltzaingoak, adibidez, legearen interpretazio berbera egin duela; hau da, hamar laguneko bilerak egin daitezke kalean, betiere segurtasun neurriak errespetatzen badira. Baina jendearen artean zalantzak eta segurtasunik eza dira nagusi. Poliziak, gainera, jendea identifikatuko du, ekinbideak irekiko ditu, zigor prozedurak abiatuko ditu... Badakigu azkenean epaileek arrazoia emango digutela, baina bitartean gizartea ez dago prest kostu hori guztia bere gain hartzeko, logikoa denez.

Herritarren artean ezinegona zabaldu dela sumatu duzue?

Obedientzia beldurraren bitartez lortzen ari dira, nahiz eta justu kontrakoa den egin beharrekoa. Segurtasun Sailetik bidaltzen ari diren mezua kontraesanezkoa da. Euren irizpideak justifikatzeko, esaten dute terrazetan errazagoa dela kontrol neurriak ezartzea, baina argi dago kalean ere kontrola bermatzeko gai direla, orain arte horrela egin baitute. Oso logika arriskutsua erabiltzen ari dira.

Zer dago honen guztiaren atzean?

Batetik, egoera honetan egon daitezkeen protestak pixkanaka-pixkanaka baldintzatuz joan nahi dute. Bestetik, jendearen artean beldurra zabaldu nahi dute. Gu argi ikusten ari gara jendeak oso barneratuta daukala beldur hori.

Alarma egoerarekin batera autoritarismorako joera zabaldu al da?

Bai, dudarik gabe. Zigor prozedurak martxan jarri dituzte, eta hasi dira isunak iristen hainbat etxetara, nahiz eta bitartean prozedura administratiboak geldirik dauden oraindik. Oinarrizko eskubideen aurkako salaketak jartzeko aukera badugu, baina jendea nekatuta dago, eta, orokorrean, nahiago du isuna ordaintzea eta dena ahaztea. Hau da, lortu dute jendearengan beldurra eta segurtasunik eza eragitea. Ziurgabetasun juridikorik ezaren ondorioz, handitu egin da Poliziaren zigorgabetasuna, eta, inpunitate hori handitu den neurri berean, autoritarismoa hazi egin da. Egoera itogarri batean gaude, eta, gizartean beldurra zabalduz doan heinean, herritarrek gero eta jarrera indibidualistagoa dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna