Koronabirusa

AstraZenecak eta EBk akordioa itxi dute txertoak banatzeko

Botika etxeak 2022ko martxora arteko epea du 200 milioi dosi banatzeko. EBk amaitutzat jo du AstraZenecarekin zabalik zuen auzia

Osasun langile batzuk AstraZeneca txertoaren dosiekin. NARONG SANGNAK / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak eta AstraZenecak akordio bat egin dute, bere garaian farmazia enpresak banatu gabe utzi zituen COVID-19aren aurkako txertoaren dosiak estatu kideei emateko. Akordioari esker, Bruselak erretiratu egin du botika etxearen aurka Belgikako justiziaren aurrean aurkeztutako salaketa, eta trukean, datorren martxora bitartean 200 milioi dosi gehigarri utziko ditu AstraZenecak EBren esku. Lehendabiziko 60 milioi dosiak iraila amaitu aurretik banatuko ditu botika etxeak, beste 75 milioi dosi urte amaierarako, eta gainerako 65 milioi dosiak 2022ko martxo bukaerarako. Txertaketa kanpaina hasi zenetik ekainera arte AstraZenecak banatutako beste 100 milioi dosiak aintzat hartuta, denera 300 milioi dosi banatuko ditu; hain justu ere, Europako Batasunarekin sinatutako kontratuan jasotako kopurua da hori.

Akordio horrekin, EBk amaitutzat jo du botika etxearekin irekia zuen auzia. Bi aldeen arteko liskarra urte hasieran piztu zen: EBri zegokion dosi kopurua espero baino geroago emango ziola iragarri zion botika etxeak urtarrilean, eta ordutik kontu eske aritu zaio Brusela. Europak behin eta berriz eskatu dio farmazia enpresari konpromisoak betetzeko eta hasieran hitzemandako dosiak banatzeko, baina AstraZenecak atzerapena justifikatu izan du argudiatuta txertoa ekoizteko EBko herrialdeetan dituzten fabriketako batean arazoak zituztela ekoizpenarekin. Apirilean EBk auzitara eraman zuen botika enpresa, kontratuetan sinatutakoa hautsi eta hitzartutako dosiak behar zenean ez entregatzea egotzita. Europako Batasuneko herrialde gehienek bat egin zuten salaketarekin, txertoen banaketetan izandako atzerapenagatik txertaketa kanpaina nahi zuten abiaduran garatu ezinik zeudelako. Belgikako justiziak epaia eman aurretik itxi dute akordioa EBk eta AstraZenecak.

Isunik gabe

Europako Batzordeak jakinarazi duenez, herrialdeek aldez aurretik eta egutegi zehatzen bitartez jakingo dute AstraZenecaren dosiak noiz jasoko dituzten. Atzerapenik baldin badago, gainera, deskontuak izango dituzte prezioan. Hala ere, lortutako akordioaren arabera, botika etxeak ez du isunik ordaindu beharko orain arteko banaketetan izandako atzerapenengatik.

Akordioa txalotu egin du Stella Kyriakides EBko komisarioak, eta azpimarratu ahalik eta txerto gehien eskura izatea ezinbestekoa dela Europan txertaketa kanpainak aurrera egin dezan. Haren esanetan, oraindik herrialde batzuen eta besteen artean «alde nabarmenak» daude txertaketa erritmoari dagokionez, eta garrantzitsua da AstraZenecaren dosiak ziurtatuta izatea. Akordioarekin gustura azaldu da AstraZeneca farmazia etxea ere, eta erabateko konpromisoa agertu du txerto ekoizpena Europara bideratzeko.

Gogoratu behar da, hala ere, ustezko odolbildu kasuak direla medio, EBko herrialde asko ez direla AstraZenecaren txertoa jartzen ari, edo mugatu egin dutela haren erabilera adin tarte jakin batzuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.