Koronabirusa

Hegoafrikako aldaeraren bi kasu eta Brasilgoaren kasu bat atzeman ditu Jaurlaritzak

Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren B.1.351 edo Hegoafrikako aldaeraren bi kasu atzeman ditu erkidego autonomoan, eta baita Brasilgo aldaeraren kasu bat ere. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo azaldu zuen Hegoafrikako bi kasuetan zein Brasilgo kasuan, transmisio katea «identifikatuta eta kontrolatuta» daudela. Erresuma Batuko aldaerari dagokionez, berriz, atzemandako positibo kasuen % 39 dela jakinarazi zuen. Aldaera horren presentzia «hedatzen» ari bada ere, osasun agintariek ez dute uste transmisiorako gaitasun handiagoa duenik. Sagarduiren arabera, aldaera horren hedapena «egonkortu» egin da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan detektatu diren kasuen batez bestekoa Espainiakoaren parekoa da.

 

Edozein modutan, Osasun sailburuak aitortu zuen birusaren aldaera berriek «ziugarbetasun handiagoa» eragin dutela pandemiaren bilakaeran.

Beheranzko joerari begira

Birusaren transmisioari dagokionez, Sagarduik azpimarratu zuen «moteldu» egin dela azken asteetako beheranzko joera, eta hainbat aldagaik okerrera egin dutela. Besteak beste, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua moteldu egin da hiru lurraldeetan: azken datuen arabera, Araban 100.000 biztanleko 260 laguni atzeman diete birusa azken hamalau egunetan; Bizkaian 284 da tasa, eta Gipuzkoan, 189. Nafarroari dagokionez, berriz, azken hamalau eguneko intzidentzia metatua apur bat geldotu egin da, eta 123 da tasa.

Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 11.916 proba egin zituzten herenegun COVID-19a atzemateko, eta 425 kasu positibo detektatu zituzten. Hala, astelehenean egindako testen %4,1k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Bestetik, 40 lagun eraman zituzten ospitalera gaitzaren sintomak larriagotuta, eta, orain, 457 pertsona daude erietxeetan. Paziente horietako 141 ZIUetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.