«Irabaztean hasten da hondamendia; jokoak irabazten baitu, ez zuk»

Aitor. Txanpon makinek harrapatu zuten Aitor: galtzen hasi zenean, jokaldi gehiago egiten zituen dirua berreskuratzeko. Gaur egungo egoerarekin kezkatuta dago, jokoa modan ipini delako.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Egun batean jokatzen hasten zara, eta, hasieran behintzat, ez dago inolako arazorik. Baina, hara! Irabazi duzu. Bost euro jokatu, eta hamabost irabazi. Bai ongi. Eta pentsatzen duzu: 'Bada, hamar jokatuz gero, bikoitza irabaz dezaket'». Horrela sartu zen Aitor jokoaren gurpilean —izena asmatua da—. 20 urte zeuzkalarik hasi zen txanpon makinekin jokatzen. Aitarekin bizi zen garai hartan, eta lan egiten zuen; soldata osoa beretzat zeukan, beraz. «Apenas neukan gasturik, eta denbora librea, berriz, asko».

Galtzen hasi zenean, gehiago jokatzen zuen dirua berreskuratuko zuelakoan, «Eta beste bat, eta beste bat... Irabazten duzun momentuan hasten da hondamendia, jokoak irabazten duelako, ez zuk». Joko mendekotasunarekin batera hasi ziren gezurrak. «Eta ez edonolakoak». Aitortu du «sekulakoak eta bi» kontatzen zituela diru apur bat lortzeko eta adikzioa ezkutatzeko. Aitak eta anai-arrebek jasan zituzten kalterik handienak. Dena den, Aitorrek uste baino hobeto hartu zuen kolpea familiak. Oroitzapen hori du. «Lehen minututik eman zidaten babesa, eta inoiz ez ninduten errudun sentiarazi. Askok ezin dute halakorik esan». Lehenik eta behin, Nafarroako Buru Osasun Zerbitzura jo zuen. Salatu du osasun zerbitzu publikoan jasotzen duten tratamendua ez dela batere egokia. «Kontsulta bakarraren edo biren ondoren ematen dizute senda agiria: 'Tori, hartu pilulatxo hau'. Lorazepam. Zoriontasunaren botika balitz bezala». Ikusi zuen bide hartatik ez zuela mendekotasuna gaindituko. Horregatik jo zuen Aralarrera, ludopaten Nafarroako elkartera.

Lehen lezioa elkartera sartu zenean ikasi zuen: joko mendekotasuna bizi osorako gaitza da. «Badakizu hemendik aurrera ezingo duzula, besterik gabe, txanpon bat jokatu edo beste joko batera pasatu. Arazoa ez baita joko bat ala bestea. Zeure burua da. Bulkada senti dezakezu edozein unetan, eta errehabilitazio osoa pikutara bota». Dagoeneko bi urte daramatza terapian. 45 urte dauzka gaur egun. Bizi erdia baino gehiago, beraz, mendekotasunaren aurkako borrokan. «Urrats ugari egin ditut, baina badakit asko falta zaidala oraindik. Ez dut presarik. Nahiago dut gauzak lasai hartu».

Badaki berriz erortzeko tentazioak lehen baino eskuragarriago dituela. «Ni hasi nintzenean ez bezala, orain boladan dago apustu egitea. Honek eztanda eginen du egunen batean». Nerabeek kezkatzen dute bereziki. Salatu du edozein ikastetxeren ondoko tabernan apustu makina badago hantxe ibiltzen direla gazteak jokoan. Eskaintza asko handitu da, gainera. Edozein kirolen inguruan egin dezakete apustua.«Uste dute badakitela: batez ere, futbolaz. Txikitan bosnako futbolean jokatzen zutelako, ligako partida guztiak ikusten dituztelako... Eta irabaztearen euforia sentitzen dutelako. Denok pentsatu dugu inoiz sistema baino bizkorragoak garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.