Irakasleen lana «eskertzeko» kanpaina bat abiatu du gobernuak

Erredakzioa -

2019ko otsailak 20
«Eskola eman zenidan eta naizena izaten lagundu ere bai». Mezu hori du Nafarroako Gobernuak herrialdeko egungo irakasle eta irakasle ohien lana eskertzeko abiatu duen kanpainak. Horren bitartez, maisu eta maistrek gazteen formakuntza akademikoan ez ezik haien «garapen pertsonalean» egindako ahalegina ere nabarmendu nahi du. Interneteko sare sozialetan eta komunikabideen bidez zabalduko du kanpaina: ikasle izandako bost pertsonaren bizipenek osatzen dute.

«Pertsonengan jarri nahi dugu fokua», azaldu zuen atzo Maria Solana Hezkuntza kontseilariak, egitasmoaren aurkezpenean. Bere sailak egin dituen programak —Hezigarri, Laguntza eta Skolae— garatzeko irakasleek emandako laguntza eskertu zuen. Solanak gogoratu zuen egun 11.876 ikaslek osatzen dutela Nafarroako hezkuntza sistema: 9.507 daude sare publikoan eta 2.369 itunpekoan, «Nafarroako aurrekontuekin ordaindutakoak».

Kontseilariak agerraldia baliatu zuen legealdian hartutako zenbait neurri azpimarratzeko. Hala, azaldu zuen ikasgelako ikasleen ratioa «gutxitu» dutela sistema publikoan eta itunpekoan: 25 ikaslekoa dela egun. Gaineratu zuen Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleei bi ordu gutxitu dizkietela irakaskuntza zuzeneko orduak, eta horrek eragin duela 136 irakasle kontratatzea. Solanak iragarri zuen, halaber, Bigarren Hezkuntzan ezarriko dutela neurri hori datorren ikasturtean, 351 irakasle berri kontratatuz.

Horrekin batera, azpimarratu zuen lau lan eskaintza publikotarako deialdiak egin dituztela legealdi honetan, «behin-behinekotasuna murrizteko eta egonkortasuna bermatzeko». Denera, 1.190 plaza eskaini dituztela gogoratu du.

Solanaz gain, Javier Iglesias Giza Baliabideetako zuzendariak ere parte hartu zuen agerraldian. Ikasleen erasoen kontrako protokolo bat lantzen ari direla gogoratu zuen, eta indarkeria erabiltzen duten ikasleak zigortzea ahalbidetzen duen legea gogortuko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna