Mugarik gabeko plastikoa

Ozeano Bareko uharte txiki eta bakarti batean ia 18 tona plastiko aurkitu ditu ikertzaile talde batek, itsaslasterrek erraz eramaten baitituzte hondakinak munduko punta batetik bestera. Ikerketa batean eman dute horren berri; arazoaren larria agerian uzten duten azterketa gehiago ere egin dituzte berriki.

Karramarro bat, plastikozko estaldura batean, Henderson uhartean. J.LAVERS 2015.
Juanma Gallego.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Betiko omen da diamante bat, garai batean karbonozko harri puska horiek saltzeko erabili ohi zen argudioaren arabera. Polimero bat ere betiko da. Arazoa da gizakia polimeroz betetzen ari dela mundua. Urteko, 311 milioi tona inguru ekoizten dira, eta, horietatik, asko kontrolik gabe isurtzen dira itsasora.Tokirik bakartienetara ere heltzen dira antropozenoaren markagailu koloredunak. Are gehiago: gaur egun Robinson Crusoe existituko balitz, ez zen guztiz bakarrik izango. Henderson uhartean egonez gero, esate baterako, 18 tona plastiko izango lituzke aukeran.

Euskal Herriaren ikuspuntutik, eta jendea bizi den beste edozein tokiren ikuspuntutik ere, urrun dago Henderson. Hego Ozeano Barean dagoen uharte horretara bertaratu zen lehen europarra Pedro Fernandez de Quiros kapitaina izan zen, 1606an. Espainiako koroarentzat lanean ari zen nabigatzaile portugaldarra, garai horretan bi erreinuak koroa bakarraren esku zeuden eta. Uharteak ez zuen interes estrategiko oso handirik, baina, halere, badaezpada ingelesek eskuratu zuten, inguruetako beste uharte asko bezalaxe. Hala ere, inor ez da bizi bertan, kontinentetik 5.000 kilometrora baitago.

Zientzialariak, ordea, kuxkuxeroak dira, eta munduan gertatzen dena ezagutu nahi dute. Eta hara bertaratu direnean, ezusteko galanta hartu dute. Egia esanda, uhartean zenbat zabor zegoen ikustera joan ziren, 2015ean, Tasmaniako Unibertsitateko Jennifer Lavers eta Erresuma Batuko Hegaztiak Babesteko Errege Elkarteko Alexander Bold ikertzaileak. Espero zutena baino askoz gehiago topatu zuten, Laversek esan duenez. «Zaborra topatzea espero nuen. Izan ere, hirietatik urrun egonda ere, munduko uharte guztiek plastikoa dute. Baina Henderson uhartean topatutakoa bereziki tristea izan da». Zaborra zenbatzen hasi zirenean, kopuru itzela zegoela konturatu ziren. Aste honetan plazaratu dituzte emaitzak PNAS aldizkarian.

Zabor gehiena plastikoa zen. Zehazki, %99,8. Egin dituzten kalkuluen arabera, uharte txiki horretan ia 38 milioi plastiko puska zeuden 2015ean. Guztira, 17,6 tona plastiko 37 kilometro koadro inguruko uharte urrun batean, hain zuzen.

Bost gune nagusi

Zientzialariek aspalditik dakite itsasora botatako plastikoak bereziki bost gune nagusitan biltzen direla. Ozeano globalaren zirkulazioak eragiten dituen bost puntu berezi dira horiek. Ozeano Bareko eta Atlantikoko iparraldean eta hegoaldean puntu bana dago. Bosgarren gunea Indiako Ozeanoan dago.

Hego Ozeano Bareko itsaslasterrek bira egiten duten puntuan dago Henderson uhartea, eta, beraz, han pilatzen da zabor asko. Baina ez da, noski, plastikoa biltzen den leku bakarra. «Itsas biologoa naizenez, uharte urrunak arakatzen eman ditut azken hamabost urteak. Beraz, banekien arazo bat zegoela plastikoen metaketaren. Tamalez, Henderson uhartean dagoen arazoa ez da bakarra. Plastikoa edonon dago. Baina uharte horretan gertatzen dena bereziki nabarmentzekoa da, oso urrun baitago, eta gizakiak ia-ia ez baitu ukitu. Munduan geratzen den jatorrizko uharte bakarrenetakoa da», nabarmendu duLaversek.

Adituaren ustez, plastikoaren arazoa ez dago oraindik guztiz gizarteratuta. Adibide bat jarri du. «Hitzaldiak ematean, edota jendearekin hitz egitean, bada askotan errepikatzen den uste bat: hirietako inguruneak erabat txikitu ditugula, baina oraindik badirela uharte urrunak eta, bertan, basa bizitza ziur bizi dela. Argi dago uste hori ez dela egia, eta jendeak hori jakin behar du. Azkar aldatu behar dugu egoera hau».

Plastikoaren jatorriaz galdetuta, Laversek azaldu du Henderson uhartea Pitcairn uhartedian dagoela, eta hori munduan dagoen itsas eremu babestuenetakoa dela. «Tamalez, horrek ez ditu uharteak babesten itsas kutsaduratik, zaborrak milaka kilometro egin baititzake ur gainean. Plastikoak ez ditu errespetatzen gizakiak marraztutako mugak».

Adituaren esanetan, hondartzetan izan ohi den zabor gehiena ez dute itsasoan isuri, eta lurretik dator. «Hendersonen, aurkitutako zaborraren %7 arrantzale jardueretatik dator». Bestalde, topatu dituzten elementu gehienak plastiko zatiak dira (%79), «eta horiek zenbait hamarkadatan itsasoan egon dira, seguruenik».

Baina beste zati bat (%11) erretxinazko pellet ñimiñoak dira. «Plastiko berriak fabrikatzeko erabiltzen den oinarrizko materiala da hori. 2 milimetroko pellet txiki horiek lurrez eta itsasontziz egiten diren garraioetan galdu ohi dira. Tamalez, arrain arrautzak dirudite, eta horrek azal dezake itsasoko faunak zergatik jaten dituen».

Artikoan ere bai

Ozeano Bareko uhartean topatutakoa ez da azken asteotan aferaren inguruan egin den aurkikuntza bakarra. Apirilean Tara espedizioak eskuratutako datuen berri eman zuten Science Advances aldizkarian. 2013an egindako espedizio horrek Artikoa inguratu zuen, bost hilabetez. Espedizioan eskuratutako laginei esker kalkulatu ahal izan dutenez, 300.000 milioi plastiko puska daude Ozeano Artikoan. Hondakin gehienak Ipar Atlantikoko kostaldeetatik doazela uste dute, itsaslasterrek hara eramanda. Baina Artikoak irteerarik gabeko kale baten antzera funtzionatzen du, eta, beraz, hor biltzen dira. Itsasoan flotatzen ari den plastikoa baino ez dute neurtu, baina zientzialariek uste dute plastiko asko hondoratuta dagoela.

Xabier Irigoien AZTIko ikertzaileak Artikoko plastikoa aztertu duen ikerketan parte hartu du. Egoeraren argazki bat eskatu zaionean, argi mintzatu da. «Funtsean, plastikoak leku guztietara iristen direla esango nuke. Ez dakigu etxean erabiltzen dugun plastikoak non bukatuko den, gero toki guztietan azaltzen baita. Ez da gure kostaldean gertatzen den arazo bat, ezta jende asko bizi den lekuetatik gertu izaten den arazoa ere. Itsaslasterrek inguru guztietara eramaten dute plastikoa».

Irigoienek zehaztu duenez, Tara espedizioa ez zen zehazki plastikoen eragina aztertzeko. Halere, arazoaren inguruko iritzia ematen ausartu da. Batetik, plastiko puska asko hondoratzen direla dio, eta, hortaz, arrastoa galtzen zaie. Baina arrainek ere puska horiek jaten dituzte. «Ez dakigu zer ondorio duten arrainetan, eta, gizakiok arrain horiek jaten ditugunean egon daitezkeen ondorioez ere ezer gutxi dakigu oraindik. Horren harira, esperimentu batzuk egin dira, eta arrainen gibelean eraginak ikusi izan dira, baina, funtsean, ez dago daturik».

Bestalde, material horretan gerta daitezkeen aldaketak aipatu ditu. «Eguzkiak plastikoa jotzen du, eta uraren eragina ere kontuan hartu behar da. Ez dakigu zein den aldagai horien benetako eragina».

Irtenbide erraza

AZTIko ikertzaileak sutsuki babestu du azken ideia bat. «Hau guzti hau kudeaketa arazo bat da. Lurrean hondakinen kudeaketa egokia eginez gero, arazoa ia guztiz desagertuko litzateke. Beste hainbat kontutarako, sistema ekonomiko osoa aldatu beharko litzateke: petrolioaren ekonomia aldatzea, adibidez, askoz konplikatuagoa da. Baina plastikoen kasuan, aterabidea askoz errazagoa da. Kudeaketa on bat eginda, arazoa asko txikituko litzateke, berehala».

Bat dator antipodetan dagoen aditua. Eta proposamen zehatzak mahai gainean jarri ditu. «Erabilera bakarra duten objektu asko aurkitu ditugu Henderson uhartean: bizar labanak, mahai tresnak, kafe kapsulak eta hortzetako eskuilak, besteak beste. Argi dago kontsumitzaileek aukera dutela erabiltzen dituzten produktuen inguruan erabaki hobeak hartzeko», ohartarazi duLaversek.

Horregatik, argi dauka plastikoz egindako ezein produktuk ez lukeela eraman behar «erabili eta bota» etiketa, «plastikozko produktuak, funtsean, kimikoki betiko irauteko prestatuta daudelako».

Itsas biologoak aurreratu du Tangaroa Blue fundazioarekin batera egitasmo bat martxan jarriko dutela gaia aztertzen jarraitzeko. Berritzailea da, eta erakargarria izatea espero dute. «Herritarrei proposatuko diegu gertu duten hondartza bat adopzioan hartzea, bertan dauden plastiko kopuruaren eta plastiko bakoitzaren motaren inguruan datuak jasotzeko. Horrek informazio oso baliagarria emango du joera globalen inguruan, eta baliagarria izango da puntu beroak non dauden zehazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.