Metropoliaren lehen barkamen eskea

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak barkamena eskatu dio Josette Audin 87 urteko emakumeari, Frantziako armadak haren senarra Maurice torturatu eta hil zuelako Aljeriako independentzia gerran.
Emmanuel Macron Aljerreko El Aurassi hotelean, iaz Aljeriara egindako bidaian.
Emmanuel Macron Aljerreko El Aurassi hotelean, iaz Aljeriara egindako bidaian. STR / EFE

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2018ko irailak 14
Niri dagokit barkamena eskatzea». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak barkamena eskatu dio Josette Audin 87 urteko emakumeari. «Ez nuen uste hau pasatuko zenik», azaldu dio Audinek AFP agentziari. Aljeriako independentzia gerrako biktimetako bat da; izan ere, haren senarra, Maurice Audin, Frantziako armadak hil egin zuen torturatu ondoren. Frantziako presidente batek lehendabizikoz barkamena eskatzeaz gain, Macronek aitortu du armadak sistematikoa erabili zuela tortura.

Maurice Audin 1957ko uztailaren 11n atxilo eraman zuen Frantziako armadak. Aljeriako alderdi komunistako kidea eta borroka antikolonialean aritua zen. Armadak Audin ihes egiten saiatu zela esan arren, ez da haren berririk izan atxiloketaz geroztik. Josette Audinek eskutitz bat idatzi zion Nicolas Sarkozyri 2007an, senarraren desagerpena iker zezatela eskatzeko. Sarkozyk, ordea, ez zuen sekula eskaria erantzun.

Azken egunotan, ordea, badirudi argi izpiak agertzen hasi direla. «Maurice Audin exekutatu aurretik, Frantziako armadako militarrek torturatu egin zuten». Frantziako historian lehendabizikoz, Macron presidenteak Frantziako Estatua izendatu du Maurice Audinen hilketaren erantzule. Eta ez hori bakarrik: « nahiz eta heriotza bakar batzuen ekintza izan, hilketa ez zatekeen posible izango horretarako lege sistema bat egon ez balitz ».

Aljeriako gertakariak isilpean mantendu dira urte askoan. Frantziako gobernuentzat gaia tabua izan da urteetan. Aljeriako mugimendu askok Frantziari barkamena eskatzeko exijitu arren, halakorik ez du egin oraindik.

Macronen ekintza aurrerapauso bat izan da; hala ere, François Hollande izan zen Aljeriako kasuaz aitorpenak egiten lehena. Aljeriak «132 urtez kolonizazio anker eta bidegabe bat» jasan zuela onartu zuen Hollandek 2012.urtean. 2014an, berriz, Audinen kasua aipatu zuen, eta onartu zuen hil egin zutela.

Zazpi urteko gerra

Zazpi urte baino gehiago iraun zuen Aljeriako independentzia gerrak, 1962ko martxoaren 19an su-etena ezarri zenera arte. Aljeriaren independentziaz galdetzeko bi erreferendum egin ziren; bata, Frantzian; eta, bestea, Aljerian. Independentziaren alde borrokan aritu zen FLN Askapenerako Fronte Nazionala; Frantziako armadaz gain, kolonoak eta bertako talde paramilitarrak zituen aurkari. Gerran hildakoen kopuru zehatza jakitea zaila da; hala ere, kalkulurik handiena 1,5 milioi pertsonakoa da. Milaka zibil hiltzea egozten diote Frantziako armadari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna