Izoztutako erregaien lehia berria

Txinak itsaspean gordeta dauden metano hidratoetatik gasa erauztea lortu du; Japoniak duela zenbait urte irekitako bideari jarraitu dio horrela. Askok etorkizuneko energiaren abiapuntutzat dute, baina tentuz aztertu behar da zer eragin duen prozedurak ingurumenean.

Metano hidratoak, itsaspetik atera berriak. GEOMAR INSTITUTUA.
Juanma Gallego.
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Trivial jokoko galdera ematen du. «Non daude tenperatura baxuak eta oso presio handia?». «Itsaspean», erantzun lezake klaseko argienak. Eta hala da. Itsasoaren sakontasunean dauden baldintza horiek posible egin dute bertan altxor berezi bat sortu izana. Urrea ez bezala, zuria da, baina lokatz artean gordeta dago. Sua hurbilduz gero, sua hartzen duen izotza da. Funtsean, izotz horren barruan gasa dagoelako.

Energia egarri diren herrialdeentzat, bereziki, izotz horrek udako bazkalosteetan izozkiek duten erakargarritasunaren parekoa du. Kalkulatzen da erregai horren metro kubo bakoitzeko 164 metro kubo metano daudela. Energia iturri gisara, beraz, gutizia eragiteko modukoa da. Izozki gehiegi jatea ez da komeni, ordea, eta agian hori metano izotzarekin ere aldera liteke. Dena dela, Txinak iragarri berri du itsaspean gordetako metano hidratoetatik gasa erauztea lortu duela. Ez da halako zerbait lortu den lehenengo aldia: Japoniak ere antzeko mugarria iragarri zuen 2013an. Nolanahi ere, lehia teknologiko bat abian dagoen seinale da bigarren iragarpen hau.

Ustiaketa egin duten lekua ere kontuan hartu beharrekoa da. Hego Txinako Itsasoan egin dute. Seguruenera, eta geoestrategiaren ikuspuntutik, egunotan planetan dagoen puntu beroenetakoan, hain zuzen. Txinak itsas horren inguruko subiranotasun aldarrikapenak egin ditu, eta, koral atoloietan oinarrituta, uharte artifizialak eraikitzen ari da. Baina eskualdeko beste hainbat herrialdek ere antzeko aldarrikapenak egin dituzte, eta, azken asteotan bereziki, AEBek eremuan dituzten gerra ontzi eta hegazkinekin tirabirak izan dituzte txinatarrek.

Lurra eta Baliabideetako ministro Jiang Damingek jakinarazi du, hil honen 18an, hidratoak eskuratzeko arrakasta. Haren hitzetan, «mundu mailako iraultza energetikoan» aitzindaria izango da lorpena. 1.266 metroko sakontasunean topatu dituzte hidratoak. Xinhua Txinako agentzia ofizialaren arabera, «purutasun handiko 16.000 metro kubo» atera dituzte eguneko. Txinako Alderdi Komunistak eta Estatu Kontseiluak idatzitako zorion gutunaren arabera, abantaila handiak dakartza albisteak: «Energia oparoa eta garbia da, eta mundu mailako energiaren garapenaren etorkizunerako garrantzi estrategikoa du». Hala ere, eta gutunean onartu dutenez, «bidaia luze batean egindako aurrerapauso kritikoa» baino ez da iragarri dutena.

Asian jokatzen den lehia

Japoniaren eta Txinaren arteko lehia ikusten du Alemaniako Geomar Institutuko ingeniari Klaus Wallmannek. «Bi herrialde horien arteko lasterketa dago. Funtsean txinatarrek japoniarren saioa errepikatu dute, baina egitura geologiko ezberdin batean». Ekoizpenari dagokionez ere oso antzeko ahaleginak izan ei dira. «Japoniarrek zazpi egunez atera zuten gasa, etatxinatarrek, berriz, zazpi egun eta erdiz».

Hidrato horiek ikertzeko Europan martxan dagoen proiektua zuzentzen du Wallmannek. Mundu mailan ikerketa asko egiten direla azaldu du adituak: AEBetan eta Europan, esaterako. Baina, batez ere, Asian ikertzen ari dira: buru-belarri. Hego Korea, Japonia, India eta Txina zeregin horretan ari dira. Europan finantziazio gutxiago dagoela esan du adituak, eta, horregatik, ikerketa gutxiago egin direla. Hala ere, urte honen amaierarako, «urrian edo azaroan», Itsaso Beltzeko Bulgariako eremuan ikerketa bat abiatzeko asmoa dute.

Baliabide horiek eskuratzea errealista ote den galdetuta, oinarrietara jo du adituak. «Funtsean, sedimentuetan izoztuta dagoen gas naturala besterik ez da. Izotza eta sedimentua banandu behar dituzu, eta baita presioa kendu ere. Horrela gasa eta ura jasotzen dituzu. Beraz, oso antzekoa da beste gas biltegiekiko». Halere, ekonomikoki bideragarria izango ote den ez dakitela onartu du adituak, oraindik garapenean dagoen teknologia baita. Japoniarrek aurten beste ahalegin bat egingo dutela ere iragarri du ingeniariak. «Oraingoan, ekoizpena hainbat hilabetez mantendu nahi dute».

Ibilbidea oraindik ere luzea izango dela azaldu du Luis Miguel Agirrezabala EHUko geologoak ere. «Kalkulatzen da 2023. urtera arte ez dela lortuko, modu industrialean, ustiaketa martxan jartzea. Izan ere, arazo asko daude horiek eskuratzeko, eta beste erregaiekin alderatuz, garestiagoa da ustiaketa».

Japoniak erregaiekiko duen menpekotasuna ere aipatu du adituak. «Oso hidrokarburo gutxi daukate eskura, baina, metano hidrato horiek lortuz gero, autosufizientzia maila handiagoa izango lukete».

Lehia batez ere Asian bada ere, metano horiek kontinenteetako ertzetan oso arruntak direla esplikatu du Agirrezabalak. Zergatik?«Itsaspean, kontinenteetako ertzetan, sedimentuak pilatu ohi direlako. Bestetik, itsasoko sedimentuak ere ailegatzen dira bertara. Sedimentu horiekin batera, materia organikoa ere badago. Batez ere, ibaiek itsasoratzen dute, baina itsasoko planktona ere biltzenda». Horiek guztiak nahasten dira, eta, materia organikoa pilatzen den heinean, horien gaineko presioa handitzen da, lurperatu arte. «Materia hori deskonposatu egiten da, eta, hortik, hidrokarburoak sortzen dira. Metanoa da, hain zuzen, hidrokarburorik sinpleena eta arruntenetakoa».

Agirrezabalaren hitzetan, oso arina izanda, metanoak gorantz egiteko joera du, sedimentuak zeharkatuz.«Presio handitan dagoen ur hotzarekin topo egiten badu, gasa izozten da». Ur molekulek sare antzeko bat osatzen dute orduan, eta sare horretako zuloetan pilatzen da metanoa. «Tenperatura hotza eta presio handia mantentzen badira, egonkor gordetzen da metano hidratoa, izotz geruza baten moduan».

Ingurumen arazoak

Ustiaketa horrek ingurumenean sor ditzaken arazoez ere mintzatu da EHUko aditua.Batetik, presio eta tenperatura baldintzak aldatzean egon litezkeen metano askatzeak aipatu ditu. «Atmosferara igarotzen bada, berotegi efektua eragiten duen gasa da. Metano ihes masiboak egon litezke, beraz, eta hain sakonera handitan, egoera guztiz kontrolpean izatea oso zaila da».Bestetik, sor daitezkeen luiziak ere kezkatzeko modukoak izan daitezkeela azpimarratu du adituak. «Pentsa, hidratoa deskonposatzen denean, izoztuta zegoenean baino 170 bat aldiz handiagoa delaharen bolumena. Sekulako bolumen handitze bat gertatzen da, beraz. Hori sedimentu azpian gertatzen bada, sedimentua konkortu egiten da, eta ezponda aldera joan daiteke, itsaspeko luiziak eraginda. Inguruetan gasa ustiatzeko instalazioak egonez gero, horiek pikutara joan daitezke, benetan oso mugimendu bortitza izan daitekeelako».

Wallmannek ere arazo hori nabarmentzeko modukoa dela uste du: «Metano hidratoek porlanak jokatzen duen antzeko rola betetzen dute zenbait sedimentutan. Gasa itsaspetik ateratzean, egonkortasun hori desagertzen da, eta, inguru desegokian egonez gero, itsaspean lur-jauziak sor litezke».

Azkenik, Agirrezabalak gogorarazi duenez, «aterako den gas hori erreko da, karbono dioxidoa sortuz». Finean, metanoa erregai fosil bat besterik ez delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.