Osasunak beste urrats bat egin nahi du Kopan, Huelvan irabazita

enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Osasunak abisua jaso zuen Haroren zelaian: partida bakarrera, edozein taldek utz zaitzake Espainiako Kopatik kanpo. Hori gogoan izanik, Huelvan (Espainia) ariko da gaur, Recreativoren aurka, final-zortzirenetan sartzeko asmoz (19:00, Dazn).

Azken lehian bezala, bi koska beheragoko aurkari baten kontra ariko dira gorritxoak. Logikak dio arazo handirik gabe nagusitu beharko liratekeela, baina Koparen formatu berriak handitu egin du ezustekoak gertatzeko aukera. Galde diezaiotela bestela Alavesi edo Getaferi; ustez, aurkari askoz apalagoak ziren taldeek kanporatu dituzte. Osasuna ere kalean gelditzear izan zen aurreko kanporaketan, eta estu eta larri sailkatu zen azkenean. Beraz, gaurkoa oso serio hartu behar du.

Kopak kitzikatu egiten du Osasuna. Ahalik eta urrunen iristeko ilusioa dauka Iruñeko taldeak. Nahiko garbia eta azkarra da bidea: hurrengo hiru asteetan asmatzen duenak tokia izango du finalerdietan. Horrez gain, txapelketa erabilgarria ere bada gorritxoentzat, ordezkoek eta harrobikoek joka dezaten. Ziurrenik, jokalari horiek osatuko dute hamaikakoa. Ligan titular gisa aritu ostean, gaur atseden hartuko dute David Garciak, Ruben Garciak eta Adrian Lopezek. Aldiz, deialdian sartu dira harrobiko Gorka Zabarte, Javi Martinez eta Iñaki Alvarez; baita zortzi hilabetez zelaietatik at izan den Kike Barja ere. Hegalekoa osatu da jada belauneko lesio larritik, eta sasoiko lehen partida joka dezake.

Osasunak 2003an jokatu zuen azkenekoz Recreativoren aurka Kopan, finalerdietan, eta espainiarrak gailendu ziren: 2-0 irabazi zuten etxean, eta bina egin zuten Sadarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.