KRITIKA. Antzerkia

'Lasciate ogni speranza'

Agus Perez.
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun

'El diablo en la playa'

Konpainia: Matarile. Testuak eta zuzendaritza: Ana Valles. Beste testu batzuk: Celeste, Claudia Faci. Koreografia eta interpretazioa: Celeste, Claudia Faci. Eremu eszenikoa eta musika muntaketa: Baltasar Patiño. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Azaroak 13.

Princeren Purple Rain pasarte musikatuan murgilduta eman ditugu Donostiako Gazteszena aretoan emanaldia hasi aurretiko minutuak. Gozamen hutsa izan da atariko tarte hori, bikain sonorizatuta egoteaz gain, oso doinu iradokitzaileak izan direlako, izpirituaren bizigarri, esan genezake. Gainera, Galiziako Matarile konpainiaren lan bat ikustera goazenok seguru gaude gauza iradokitzaile eta bizigarri batez gozatzera etorri garela, eta hasierako itxarote hori jarraian etorri denaren aperitifa baino ez da izan.

Erridaua zabaldu da azkenean, eta han agertu da disposizio eszeniko pertinentea, interpreteen mugimenduaren euskarria izan dena eta haien eboluzioei esangura eman diena. Alfonbra iletsu zuria hondo-ezkerreko bazterrean, L formako mahai lerroa eskumakoan eta telebista bateko platokoak ziruditen bost besaulki ultramoderno izan dira elementu eszeniko bakarrak. Egia esan, eskumako alboa bete duen hogeita zortzi led fokuz egindako horma elementu eszenikotzat ere har dezakegu, eta horrela gauzak korapilatzen hasi, hain izan dira elkarlotuak eta esanguratsuak emanaldia osatu duten musika, argiak, jantziak... Hau da, osagai eszeniko guztiak.

Ohikoa den legez, Baltasar Patiñoren musika muntaiak eta argien diseinuak —azken hori Miguel Muñozekin elkarlanean egina— gidatu gaituzte El diablo en la playa (Deabrua hondartzan) honek proposatu digun bidaia etiko eta estetikoan zehar. Askok esaten dute Ana Vallesek beti egiten duela antzezlan berbera —orduan, zergatik joaten gara bere estreinaldi guzti-guztietara?—, baina nik esango nuke lan honetan gutxienez koska bat aurrerantz jo duela artearen interpretazioan, oraingo proposamenean erabateko zentraltasuna eman baitie bi interpreteen gorputzen fisikotasun bereziari eta presentzia eszeniko artegagarriari.

Bide batez esanda, Valles eszena gainean ikusten ohituta gaudenontzat bitxia egin zaigu Claudia Facik Vallesekin duen antzekotasun harrigarria, eta alde horretatik Vallesek berak aitortu digu bere alter ego moduko bat plazaratu nahi izan duela Faciren pertsonaiaren bidez. Hala ere, «lasciate ogni speranza», esango nioke pertsonaia zehatzen bila etorritako ikusleari: hemen ez dago halakorik. Hemen dagoena artearen bilaketa desesperatua da; poesiaren, erotismoaren eta anabasaren aldarrikapena; azaldu ezinaren errebindikazio temati bezain erostezina; gorputz biluzien esangurak gugan uzten duen arrasto sakona; edozein logikatik harago doan bilaketa determinatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.