Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Hutsetik

2016ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Aurten ere, udara bezalaxe, iritsi da Kimuak-eko hautaketa, eta berarekin dakarren betiereko polemika etsigarria ere bai. Ez du huts egiten. Kimuak hau, Kimuak bestea. Bidegabea dela, tranpen gerizpea nonahi, gazte petralak vs ospetsuen sehaska, parametroei eta kalitateari errefus egiten zaiola... Kultur egitasmo instituzional baliagarri bat urtero egurtzen. Beti argudio zein baino zein subjektiboagoekin, kasualitatea ote, hautatuak ez direnen ahoetatik.

Bada, aurten ez dut nire aburua errepikatuko. Hor daude datuak maiseatzailea isilarazteko. Eta norbait hautatutakoekin kexati tematzen bada, epaimahaikideei bideratzea dauka, eta listo. Kimuak bidegabea da, noski, eta ez ditu sekula denon desioak asebeteko. Ez da perfektua, baina tira, mundu perfektu batean ziur Kimuak ere ez zela existituko. Ezta zinema bera ere.

Behin eta berriz harri beraren kontra dihardugu. Eztabaiden eta kritiken derrigortasuna onartuta ere —derrigorrezko autokritikaz eta perspektibaz eginak—, halako egitasmoen natura akastuna onartu behar dugu. Bestela, akabo. Akabo egitasmoak, diru laguntzak eta zinemaldiak. Akabo ikus-entzunezko industria baten eske ibiltzea. Ulergaitza da gazteen kezka nagusia industriarena izatea —eta zaharrenena ere bai—. Industria bat benetako beharretan oinarrituta eraikitzen da, ekintzei erantzuten. Alderantziz sortzen bada, parasitismoa eta konformismorako joeraren arriskua darama, adreiluen garaiak erakutsi zigun moduan.

Udara iritsi da. Atera gaitezen grabatzera, denok baititugu baliabideak aldamenean, eta irrikak barnean. Ez dago aitzakiarik. Edo joan mendira idaztera. Gero gerokoak, aurkeztu nahi duzun tokietara. Utz ditzagun gazte eta zaharren arteko eztabaida zaharrak. Ni ere aurten proiektuak diru laguntzetara aurkeztera ausartuko naiz, gaztaroko urduritasun berberarekin, hasiberriaren zalantza eta ilusioarekin. Nahiz eta iaz ni epaimahaiko kide izan, ustezko estatus faltsuei uko egingo diet. Eta, emaitza pozgarria bada, Kimuak-era bidaliko dut, nahiz eta askorentzat sortzaile berria-ren agiria iraungitua izan.

Baina ez naiz arituko harri berarekin behin eta berriz topo egiten, hondarra bihurtzeko ez bada. Hutsetik hasteko, huts egiteko bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.