MARIJAIAREN ZIMURRAK

Kartoizko musikaren nostalgia

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Umetako Aste Nagusia hiru argazkitan gordea dut buruan. Esango nuke Arriaga plazan udal suhiltzaileek atondutako bits jaia dela gogoan dudan Bilboko jaien oroitzapenik zaharrena. Akorduan ditut Areatzako pasealekuko belardietan egunez lo egoten ziren punkak. Haien itxurak erakartzen ninduen, baina nolabaiteko ezinegona ere eragiten zidan oheko gozotasunean barik kale gorrian lo egiten zuten haiek. Lausoago bada ere, gomutan ditut konpartsek iluntze aldera egiten zituzten jaitsiera koloretsu eta zoliak. Zezen plazatik abiatu, eta Areatzako txosnagunera joaten ziren, kartoiz egindako musika tresnekin girotzen zuten kalejira amaigabean, dantzan eta kantuan.

Lau hamarkada hauetan Aste Nagusia asko aldatu da. Herritarrek sortu zuten, eta herritarrek egokitu dute unean uneko behar eta zaletasunetara. Ekitaldi batzuk desagertu dira; beste batzuk, sortu; eta hainbat, moldatu. Tamalez, konpartsen kalejira hura da bidean galdu den horietako bat. Ehunka konpartsakidek hartzen zuten parte, eta milaka ziren haiek ikustera gerturatzen ziren herritarrak.

Jaia hauspotzen dutenak konpartsak direla argi erakusten duen ekitaldietako bat zen. Musika, kantua eta dantza zabaltzen zuten Bilboko kaleetan, eta bilbotarrei festarako gogoa areagotzen zieten. Hamelingo txistularia ekartzen zidaten gogora: Zabalguneko kaleetatik galduta zebiltzanak txosnagunera eroaten zituzten, kartoizko turutekin sortzen zuten musikaren atzetik. Konpartsek zezen plazara joateari utzi ziotenean bukatu zen kalejira hura. Zorionez, daborduko bilbotarrek ondo baino hobeto ikasia zuten Areatzarako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.