KRITIKA. Musika

Ibilbideen amaiera

2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
BOSen denboraldiko azken kontzertua

Zuzendaria: Gunter Neuhold. Gitarrista: Pablo Villegas. Programa: Joaquin Turina, Joaquin Rodrigo eta Manuel de Fallaren obrak. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Ekainak 13.

Euskaldunako antzoki handia bete egin zen bigarren egunean pertsona edo aldi desberdinei agur esateko denboraldiko azken kontzertuan. Egia esateko, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren azken egitarauak ez du eduki mamitsurik izan baina begikoa izan da eta publiko handiaren gustukoa, oso. Bertan, bukatu egin dira Günter Neuhd zuzendariaren sei urteko egonaldia orkestraren aurrean eta baita Alizia Gonzalezen lanaldia ere, 45 urte eman ostean orkestraren ekoizpen eta kontrataziorako buruzagitzan. Biak ala biak, ardura desberdinetan , ezinbestekoak izan dira, bakoitza bere mailan, orkestra honen funtzionamendu konplexuan. Aparte, gure orkestrak ez du ahaztu nahi izan Rafael Frühbeck de Burgos maisuaren heriotza, orkestraren zuzendari izan zena, eta gorazarrea egin zion Pablo Villegasen ahotan.

 BOSen egitaraua Espainiako Nazionalismoari eta haren dantzei zuzendua izan da zuzendariaren despedidan. Joaquin Turinaren dantza fantastikoetatik Orgía deritzonera. Gure orkestrak funtsean islatu zuen lanak dauzkan erritmoa, doinu zehatza eta kolorea Espainiakerietan erori gabe.

Lan apala izan arren, guztiz ospetsua da Joaquin Rodrigoren Aranjuezko kontzertua, gitarra bakarlari delarik. Pablo Villegas akats gabeko gitarra jotzaile akademikoa da. Bere joaldiak digitazio bizkorra, pultsu eta vibrato egokia eta garbitasuna adierazi zituen; oso erraza dela gitarra jotzea ematen zuen, jariotasun eta esfortzurik gabe. Zuzendariak, berriz, ondo lagundu zion egokiro konpetsatu gitarra eta orkestraren arteko bolumen maila. Bakarlariak egitarautik kanpoko bi piezarekin eskertu zuen musikazaleen txaloaldia.

Musikariek azkenerako utzi zituzten lanik garrantzitsuenak: Manuel de Fallaren Bizitza laburra, Interludio eta dantza eta Hiru puntako kapela, 1.eta 2.suiteak. Azken hori dantza desberdinen joaldia da: fandangoa, segidillak, farruka... Orkestrak dir-dir egin zuen batez ere bigarren suitean doinuen aldaketa gogorrak ematen direnean, orkestra ponpoxo, dotore eta fin jo behar duenean… Bost minutuko txaloaldiaren artean, Günter Neuholdek orkestraren aurrean Austriako Straussen senideen piezak eta Hego-Amerikako Tiko-tiko-rekin eman zion amaiera denboraldiari. Positibotzat jo dezakegu zuzendariaren egonaldia Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.