Gasteizko ez-jaiak. Estibaliz Canto. Kultura zinegotzia

«Aurten ez daukagu ezer ospatzeko; garbi izan behar dugu hori denok»

Jairik ez dagoela gogorarazi die Cantok herritarrei, eta arduraz jokatzeko dei egin die gazteei nahiz helduei. Udalak segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu egunotarako, eta ez ditu kultur ekitaldiak programatuko.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Jaiak hasi aurreko zurrunbiloan egon beharko luke oraintxe Estibaliz Canto Gasteizko udaleko Kultura zinegotziak (Gasteiz, 1991), baina antolatutako guztia bertan behera utzi beharrak eragindako lanez gainezka dabil. Dozenaka ekitaldi bertan behera geratu baitira azken hilabeteetan hirian. Ez zen San Prudentzio jairik izan apirilean, ez eta Blusa eta Nesken Egunik Santiago egunean, uztailean; eta, azkenean, Andre Maria Zuriaren jairik ere ez da izango aste honetan. Argi dago: aurten ez da ospakizunerako urtea Gasteizen.

Hasieran beste formatu bateko jaien aldeko apustua egin zenuten, eta txupinazo sekretu bat iragarri. Azkenean, ordea, bertan behera utzi da dena. Zergatik hartu duzue erabaki hori?

Konfinamendua arintzeko fasean egun hauetarako aurreikusten genuen agertokia gaur duguna baino nabarmen hobea zen. Beraz, pentsatu genuen txupinazo sinboliko bat egitea, jende pilaketarik sortu gabe eta nork bere etxetik jarraitzeko modukoa izan zedin. Kutsu sinbolikoa zuten ekintzak ziren, ospakizunik gabe ere, jaiei omenaldi moduko bat egiteko. Baina egoeraren bilakaera ikusita, bertan behera uztea erabaki genuen. Izan ere, ohartu ginen antolatzen zen gutxienekoarekin ere pilaketak sortzen zirela. Gainera, ikusi besterik ez dago nola zegoen Aiztogile kalea Baskoniaren garaipenaren egunean.

Jende pilaketarik sor ez dadin,udalak segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu egunotarako. Bereziki kezkatuta zaudete?

Bai, noski, oso kezkatuta gaude jende pilaketekin; are, etengabeko kezka batekin bizi gara. Udalaren betebeharra baita igerilekuak, liburutegiak edota gizarte etxeak zabaltzea, baina, betiere, neurri zorrotzak hartuta eta ardura indibidualaz ohartarazita. Aintzat hartu behar dugu neurriak aldi baterako direla, eta osasuna lehenetsi behar dugula. Beraz, aurten zuhurtziaz aritzea dagokigu, eta segurtasun aholkuak betetzea, jaiak datorren urtean ospatu ahal izateko.

Gazteengan jarri da arreta jaiak direla eta. Bereziki beraientzategina dago Udalaren Aurten ez kanpaina?

Gazteetan jarri fokua, bai, baina denok lasaitu gara orokorrean; hala esan du Osasun sailburuak ere. Eta lasaitu gaitezke festetan edo familia bazkari batean. Beraz, ez nuke arreta soilik beraiengan jarriko. Gasteizko gazte askok beren bizitzako udarik onenean egon beharko lukete orain, baina izorratu egin behar izan dira, eta neurriak zorrotz betetzen ari dira. Kanpaina herritar guztientzat da: ezin gara ezta segundo batez ere lasaitu. Aurten, ez daukagu ezer ospatzeko; garbi izan behar dugu hori denok.

Zer iruditzen zaizu blusa eta neska jantzita ateratzea?

Ez naiz nor esateko nola jantzi behar garen, bakoitzak egin dezala nahi duena. Baina, ulertu behar dugu askotan zaila dela mezuak bereiztea, eta, kasu batzuetan, gauza batek bestera eraman gaitzakeela. Kultur zinegotzi daramadan lau urte hauetan zertaz ohartu naizen? Jaiak oso pertsonalak direla, eta bakoitzak bere modura bizi eta sentitzen dituela. Beraz, aurten ere denoi dagokigu errespetuz eta zuhurtziaz aritzea. Datorren urtean jai ahaztezinak izango ditugu, baina aurten ez.

Kultura da pandemiaren ondorioak gehien jasaten ari diren sektoreetako bat. Ekitaldi asko bertan behera geratu dira Gasteizen ere, eta Azkena Rock edo Jazzaldia ez dira egin. Jairik ez egoteak ere ez die lagunduko kulturgileei.

Hala da. Jazzaldiaren kasuan, testuinguru oso desberdina geneukan Donostiarekin alderatuta, hemengoa lehenago zelako, eta aurrera jarraitu edo ez erabaki behar genuenean, oraindik ez genekielako zein protokolo izango genituen kultur ekitaldietarako. Beraz, zuhurtziaz jokatzea erabaki genuen. Beste formatu baten alde egin zen, eta udalak lagundu zuen hori antolatzen. Hala ere, Magialdia egingo da irailean, baita antzerki jaialdia ere. Udako kultur programazio bat prestatu genuen kultura elkargunearekin batera uztailerako, abuzturako eta irailerako: 48 ekintza baino gehiago antolatu ditugu; 50 emanalditik gora izango dira denera. 200.000 euroko inbertsioa egin dugu, eta sektoreak ere pozik hartu du.

Aste honetan ez da inolako ekitaldirik egongo, nolanahi ere.

Parentesi moduko bat egingo du egitarauak aste honetan. Bestela ere kalean jende asko egongo dela uste dugu, eta ez genuen are gehiago erakarri nahi. Gainera, herritar guztiek ez dute ardura indibidual bera, eta osasun egoerak ere ez digu laguntzen.

Urte egokia izan daiteke jai ereduari buruz hausnartzeko?

Tira, badira urte batzuk Gasteizen horretan ari garela. Aldaketa batzuk ere egin dira, eta, egun, inork ez ditu zalantzan jartzen horiek. Beti esan izan dut tradizioak tradizio izaten jarraitu nahi badu ezin dela iraganean iltzatuta egon. Gasteizko jaiak ere guztiontzat izatea nahi dugu; tradizionalak, baina ez iraganekoak; belaunaldi berriak ere identifikatuta sentitzea nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.