ITUNAREN OINARRIAK

2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Artur Masek eta Oriol JunquerasekANC, Omnium Cultural eta AMIren babesarekin lortu duten akordioak irailaren 27an hauteskunde plebiszitarioak egin ahal izateko bidea argitu du, eta 2012aren amaieran izenpetu zuten legegintzaldi akordioa berritu dute. Hauexek dira akordioaren gakoak:

Hauteskundeen aurreratzea. ERCk eta ANC Biltzar Nazional Katalanak hauteskundeak martxora aurreratzea nahi zuten, udal bozen aurretik izan zitezen, eta A-9tik ez hain urrun. Masek baldintza jarri zuen zerrenda bakar bat osatzea, plebiszitu kutsu argiagoa emateko, eta bestela legealdia amaitzeko prest agertu zen. Azkenean urtebete aurreratu behar izan ditu hauteskundeak, baina zortzi hilabete irabaztea lortu du.

Zerrenda bereiziak. Hor ERCren irizpidea nagusitu da. Masek proposatutako herriaren hautagaitzaren aldean, independentziaren aldeko aterki beraren pean zerrenda bereiziek boto gehiago segurtatu eta Kataluniaren aniztasuna hobeto agertuko zuketela argudiatu izan du Junquerasek. Hauteskunde programetan, baina, independentziaren aldeko bide orri argi bat partekatuko dute.

Estatu egiturak. Irailaren 27a bitartean Ogasun propio bat eta bestelako «estatu egiturak» lantzeko konpromisoa hartu dute Masek eta ERCk. Lege eta administrazio aldetik, hauteskunde plebiszitarioen ondorenerako Kataluniak estatu independente bihurtzeko prestatuta egon behar duela askotan nabarmendu du Junquerasek. Hauteskunde administrazioaren lege bat lantzea hitzartu dute eta hezkuntza legeak lehenetsiko dituzte. ERCk izendatutako adituak Kataluniako Gobernuaren lan taldeetan sartuko dira.

Aurrekontuen onartzea. Masek legegintzaldia amaitzeko ageriko zailtasunak izango zituzkeen, ERCk 2015erako babesa ukatu zionetik aurrekontuak onartzeko bazkiderik ez baitzuen. Orain, kontu publikoak onartu ahal izateko negoziazioak berriro hastea onartu du ERCk; hain justu, datorren astelehenean berrekingo diete aurrekontuen tramitazioari Kataluniako Parlamentuak. Gizarte politikak eta estatu egituren prestaketa lehenestea hitzartu dute Masek eta Junquerasek.

Gobernuaren osaera. Irailaren 27ko hauteskundeen aurretik ere, ERC Kataluniako Gobernuan sartzeko atea zabalik utzi du Masek, eta Junquerasek ez du baztertu aukera hori. ERCk kontseilaritzaren bat hartzea barik, ordea, udan legebiltzarra desegin bitartean errepublikanoen adituek aholkulari papera jokatzea litzateke normalena, gobernu akordioak betetzen direla egiaztatzeko.

Udal hauteskundeak. Maiatzaren amaiera aldean egitekoak dira udal hauteskundeak, eta horren ostean herriz herri elkarren arteko akordioak lehenestea adostu dute CiUk eta ERCk. Hala ere, erabakia ez da derrigor bete beharrekoa, eta tokian tokiko hautagaitzek izango dute azken hitza udal gobernuak norekin osatu erabakitzeko orduan.

ERCk Bartzelonan aurkeztuko duen alkategaiak, Alfred Bosch Espainiako Kongresuko diputatuak, atzo bertan argitu zuen ez duela CiUko Xavier Triasekin inola ere hitzarmenik egingo hiriburuan. «Ezkerreko indarren alternatiba» izan nahi duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.