Turismoa. Abuztuko datuak

Udan, hotelek inoiz baino bezero gehiago izan dituzte

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatuetan 780.000 lagunek lo egin dute uztailean eta abuztuan, 2019an baino 95.000 gehiagok

Nyx hotela, Bilboko Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Kopuruek ez dituzte gezurtatu sentsazioak. Udan inoiz baino turista gehiago izan diren ustea baieztatu dute datu estatistikoek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behinik behin. Eustaten arabera, abuztuan 397.611 bezero izan dituzte hiru lurralde horietako hotelek. Inoizko kopururik handiena da, aise gainditu baitu aurreko marka, iazko abuztukoa. Urte hartan, 357.683 bisitari izan ziren hoteletan, eta, aurten, ia 40.000 gehiago (+%11,2).

Bezero gehieneko uda, berriz, pandemiaren aurrekoa izan zen orain arte, 2019koa. Urte hartan, 685.117 sarrera izan ziren uztailean eta abuztuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hoteletan, eta, aurten, %14 gehiago izan dira: 780.797 (+95.680).

Gaualdiak, ordea, ez dira maila horretan igo (+%9), batez beste, bisitari bakoitzaren egonaldia laburtu egin baita. Aurtengo abuztuan, esaterako. 2,11 gau izan dira eta 2,19 izan ziren 2019koan.

Ondorioz, bisitarien sarrerak baino gutxiago hazi dira gaualdiak: 1.605.078 izan dira uztailean eta abuztuan, 2019ko udan baino %9 gehiago.

Bizkaia da hoteletan turista gehien jasotzen duen lurraldea, eta azken urtean igoerarik handiena izan duena ere bai: 187.660 izan dira aurten, iaz baino %17,3 gehiago. Gipuzkoan 154.018 izan dira (+%3,9), eta Araban, berriz, 55.933 (+%13).

Baina, edukiera aintzat hartuz gero, Gipuzkoako hotelak izan dira beteenak: lekuen %82,6 eta gelen %88,6 egon dira beteta abuztuan. Bizkaian, lekuen %77,2 eta gelen %83,5 egon dira beteta; Araban, lekuen %70,1 eta gelen %81,8.

Hiriburuetan ere, Donostia izan da guztien artean okupatuena, gelen %89,8 beteak eduki baitzituen abuztuan. Bilbon, gelen %85,7k izan dute bezeroren bat etengabe, eta Gasteizen, %83,7k.

Atzerritar gehiago

Eustatek bi taldetan banatzen ditu turistak: «estatukoak» eta «atzerritarrak». Joera desberdinak antzematen dira iaztik hona: gorakada nabarmena izan dute Espainiako herritartasuna ez dutenek (+%74,5) eta beherakada badutenek (-%17,6). Azalpena erraza da: iaz, COVID-19aren ondorioz, oraindik baziren mugak gainditzeko trabak (COVID ziurtagiriak aurkeztu beharra, hegaldi gutxiago...), eta horrek mugaz gaindiko turismoa moteldu zuen. Aurten, muga praktikorik gabe, kopuruak asko parekatu dira: estatuko 202.814, eta atzerriko 194.797. Araban eta Bizkaian gehiago dira Espainiako herritartasuna dutenak, eta Gipuzkoan, berriz, gutxiago.

Eustaten arabera, «estatuko» turista horien artean 29.552 euskal herritarrak dira, hau da, barneko turistak direla turisten %7,4. Horiei batu behar zaizkie Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak, baina horien kopururik ez dago.

Hiru dira hoteletako bezero kanpotarrak: 78.767 dira Herrialde Katalanetakoak (40.272 katalan, 16.862 valentziar eta 2.633 balear), 54.262 Frantziakoak—Ipar Euskal Herrikoak barne—, eta 47.450 Madrilgoak. Atzetik doazkie italiarrak (20.522), britainiarrak (15.154), alemaniarrak (13.997), herbeheretarrak (13.101), estatubatuarrak (12.339),portugesak (10.414) eta galiziarrak (7.438).

Nastatek ostiralean jakinaraziko ditu Nafarroaren datuak, baina baliteke lurralde hartan markarik ez egotea. Izan ere, uztailean 102. 521 bisitari izan ziren Nafarroako hoteletan, 2021ean baino 20.296 gehiago, baina 2019ko uztailean baino 8.905 gutxiago.

Ipar Euskal Herrian, uda hasieran aurreko urteetan baino turista gutxiago izan ziren, baina bisitariak ugaldu egin dira abuztuan.AaDT turismoaren garapenerako agentziaren arabera, kostaldean, uztailaren 30etik abuztuaren 11ra bisitarien kopurua %11 emendatu da; 2019arekin alderatuta, berriz, %14. Barnealdean, 2021ean baino gutxiago izan dira, pandemianmendira eta landa eremuetara hurbildutako turista frantses asko itsas hegira joan direlako aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.