Qatarko Munduko Kopa. Giza eskubideak

Herritarren parte hartze mugatua Qatarko lehen hauteskundeetan

Emirerrian iaz egin zituzten bozak, Xura batzordeko kideak hautatzeko. Herritarren %10ek izan zuten bozka emateko eskubidea.

Qatarko emakume bat eta gizon bat bozka ematen, Dohan, 2021eko hauteskundeetan. NOUXAD THEKKAYIL / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Iazko urriaren 3an egin zituzten hauteskundeak aurrenekoz, Xura batzordeko kideak hautatzeko. Batzordea Qatarko botere legegilearen adarretako bat da, eta lege proposamenak onartzen edo bertan behera uzten ditu. Xarian oinarritzen da, fededunek jarraitu beharreko legeak eta jokabideak zehazten dituen kode islamiarrean.

Xura osatzen duten 45 kideetatik 30 aukeratu zituzten bozetan, eta emirrak izendatu zituen gainerako hamabostak. Herritarren %63,5ek eman zuten boza. Horietako inork ez zuen 233 hautagaien artean aurkeztutako 26 emakumeetatik bat bera ere hautatu. Beren aldetik aurkeztu ziren hautagai guztiak, alderdi politikoak debekatuta baitaude Qatarren.

Are, milioika herritarrek ezin izan zuten hauteskundeetan parte hartu. Bozka emateko eskubidea mugatu zieten 1930. urtea baino lehen herrialdean familia zuten herritarrei.

Al-Thani familiaren esku daude herrialdeko botere exekutiboa eta legegilea. Qatarko biztanleen %10 soilik dira, legez eta eskubidez, herritarrak, eta penintsulan bizi diren gainontzeko %90ek ez dute panorama politikoan parte hartzeko eskubidea. Qatarren herritartasuna lortzeko baldintzak dira herrialdean bertan jaiotzea, aita jaiotzez Qatarkoa izatea, eta emirerrian gutxienez 25 urte bizitzea.

Xeikh Mohammed bin Abdulrahman Al-Thani Qatarko lehen ministrorde eta Atzerri Ministroak «esperimentutzat» jo zituen bozak. Izan ere, bi botere nagusi daude Ekialde Hurbileko penintsulan: Tamim bin Hamad Al-Thani emirra eta islama. XIX. mendetik, Al-Thani familiak agindu du emirerrian. Petrolioaren eta gas naturalarenmunduko erreserbarik handienetako batean, ordea, urreak baino distira handiagoa sortzen du giza eskubideen hutsuneak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.