Aitorpena egingo diete bizkaitar guztiei

Aldundiak errenta zirriborroa bidaliko die zergadun guztiei 2021ean, eta Internetez bakarrik onartu ahal izango da

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bizkaiko Aldundiak errenta aitorpen prozesu osoa digitalizatuko du 2021erako, eta zirriborroa egina bidaliko die lurraldeko zergapeko guztiei. Aurten 263.000 pertsonak jaso dute autolikidazio proposamena (%46), eta guztira 571.000 ziren. 2021ean, berriz, Bizkaiko zergapeko guztiek jasoko dute egina errenta aitorpena, 2020ko datuei dagokiena, eta haien esku egongo da hura onartzea edo osatzea. Agiriren bat faltako balitz, ogasunak berak jakinaraziko die nola txertatu.

Prozesua Internetez bakarrik egin ahal izango da, espresuki diseinaturiko webgune baten edo Ogasuneko sakelako aplikazioaren bitartez. Hori da beste berritasun handia. Euskal Herrian Bizkaikoa izango da pauso hau emango duen aurreneko ogasuna. Zergapekoek posta elektroniko bidez jasoko dute zirriborro osoa, edo laburpen bat posta arruntez, hura onartzeko behar den BaK gakoarekin —Osakidetzan erabiltzen den kode bera izango da—. Epe ertainean paperezko jakinarazpenak baztertzea da asmoa. Ogasunak badaki berritasunak zalantza ugari sor ditzakeela, eta horregatik jakinarazi du asmoa urte eta erdi lehenago. Hainbat langile trebatuko ditu gidatze eta laguntza lanetarako, eta informazio telefonoak eta bulegoak antolatuko ditu.

Bizkaiko Ogasunak antzeko ereduak aztertu ditu; esaterako, Danimarkakoa. «Ezin da zuzenean estrapolatu, baina han ohartu dira arazorik handiena ez dela adineko jendeak izan dezakeen arrakala digitala, baizik eta hizkuntza teknikoa. Horretarako, saiatuko gara webgune berezi hori ulertzen erraza izan dadin», azaldu du Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendari nagusiak. Webgune hori prestatzen ari dira oraindik. Aldaketa horrekin, esate baterako, bankuen bitartez aitorpena egiteko aukera desagertuko da, eta haiek ez dituzte jasoko zerbitzu hori emateagatik jasotzen zituzten 1,2 milioi euroak. Ogasunaren ustez, diru itzulerak ere goizago egin ahal izango dira, apirilaren bukaerarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.