Ez da oharkabean pasatu

Iragarritako denboraleak haizeteak, elurra eta kazkabarra ekarri ditu. Haizeak kalteak eragin ditu, eta errepideetan arazoak sortu dira

Haizeak botatako zuhaitz bat, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
Erredakzioa
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Iragarpenek ez dute huts egin, eta denboraleak aztarna utzi du Euskal Herrian, ondorio larririk izan ez den arren. Haizeak gogor jo du, kostaldean uhin handiak sortu ditu, eta kalte batzuk ere eragin ditu. Barnealdean, berriz, elurra eta izotza izan dira arazo nagusiak, eta zenbait errepidetan zailtasunak izan dira ibili ahal izateko.

Haizeak orduko 120 kilometroko abiada hartu du zenbait lekutan, eta, horren ondorioz, itsasoa zakar ibili da Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin. Bilboko portuan, esaterako, bost metroko olatuak neurtu dituzte.

Haizetearen ondorioz, hainbat kalte suertatu dira. Mutrikun (Gipuzkoa), luizi batek GI-3230 errepidea itxi du. Lekeition (Bizkaia), haizeak kalteak eragin ditu udal frontoiko teilatuan. Alonsotegin (Bizkaia), zuhaitz bat erori da trenbideko katenariaren gainean; horren ondorioz, trenen zirkulazioa etenda egon da, eta 25 bidaiari atera behar izan dituzte tren batetik, Bilbo eta Balmaseda lotzen dituen trenbidean. Donostian ere haizeak zuhaitz batzuk bota ditu, eta suhiltzaileek hamar bat aldiz esku hartu behar izan dute. Zarautzen, Irunen eta Errenterian ere (Gipuzkoa) kalteak eragin ditu haizeak.

Kazkabarra ere arazo izan da. Erauntsi gogor batek A-8 autobidea zuritu du Barakaldo parean (Bizkaian), eta horrek moteldu egin du ibilgailuen trafikoa, egoera azkar normaldu bada ere.

Elurrak eta izotzak zailtasunak ekarri dituzte Arabako, Nafarroako, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zenbait errepidetara. Iruñean eta Gasteizen elurra egin du, baina ez zuritzeko beste. Araban, Zaldiaran, Urduña, Opakua, Herrera, Bernedo eta Altubeko mendateak guztiz itxita egon dira, eta beste hirutan beharrezkoa zen kateak eramatea.

Izaba (Nafarroa) eta Santa Grazi (Zuberoa) lotzen duen errepidea itxita egon da. Nafarroako NA-7510 —Aralarren— eta NA-7300 ere itxi egin dituzte, eta beste 11 errepidetan beharrezkoa zen kateak eramatea.

Gaur ere egun hotza izango da, baina badirudi denboralearen alderik makurrena igaro dela jadanik, eta ez da espero aparteko problemarik eguraldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.