Arrauna. Kontxako Bandera

Zortzi hautagai daude

Kontxako Banderan aritzeko sailkatze estropada da gaur, eta 24 talde ariko dira zazpi lekuen bila.

Aspaldian ez bezala, txikia da sartzeko aukera duten taldeen multzoa, eta ez da ezusterik espero
Tirango arraunlariak trainerua prestatzen, atzoko entrenamenduaren aurretik, Donostiako portuko arranplan.
Tirango arraunlariak trainerua prestatzen, atzoko entrenamenduaren aurretik, Donostiako portuko arranplan. G. R. / ARP

Aitor Manterola -

2015eko irailak 3
Ez dator azkeneko urteetan bezala Kontxako Banderan aritzeko sailkatze estropada. Gaur, beste aldi batzuetan ez bezala, gutxi dira sartzeko aukerarik duten taldeak. Txikitu egin da faboritoen multzoa, eta hor ez dagoen beste talderen bat sailkatzea sekulako ezustea izango litzateke.

Hogeita lau talde ariko dira lehian Donostiako badian, 18:00etan hasita, eta ohi bezala, zazpirentzat bakarrik izango da saria. Bi multzotan banatu dituzte. A multzoan joango dira San Miguel ligako 11 ontzi eta Getaria —Meirak uko egin dio etortzeari, arraunlarien lan-arazoengatik—; B multzoan, gainerako guztiak. Zozketak zehaztuko du zein multzo aterako den lehendabizi.

Zortziren artean egongo da jokoa. San Miguel ligakoak zortziak. Hondarribiak, Urdaibaik, Oriok eta Kaikuk barruan behar lukete. Barruan izango dira. Horietakoren bat sartuko ez balitz, azken urteetako kolpe handienetakoa izango litzateke. Beste lau hautagaiak dira San Juan, Tiran, Cabo da Cruz eta San Pedro. Badirudi lau horien arteko bat geratuko dela kanpoan, zortzigarren leku madarikatuan. Inork nahi izaten ez duen horretan.

Liga nagusiko beste hiru taldeek, Astillerok, Zierbenak eta Portugaletek, oso aukera gutxi izango dute saria eskuratzeko. San Miguel ligan, aurten, handitu egin da tartea txanda apaleko eta txanda nagusiko ontzien artean, eta horregatik dituzte aukera gutxiago atzekoek gaur sailkatzeko. Portugaleteren kasuan, gainera, burua mailari eusteko kanporaketa estropadan du.

Beste ligetako ordezkarien artean, ohi bezala KAE 1eko indartsuenak bereganatu du arreta. Getaria nabarmendu da aurten ere, eta alde handiz bereganatu du liga. Baina inoiz ez da sailkatu KAE 1 ligako garailea, eta aurten ere ezezkoa izango dela ematen du. Getariak ezingo du talde onena atera, arraunlari bat edo beste lanera joan beharrean izango delako. Bestalde, aurtengo berrikuntza handiena Getariak berak eramango du, ontzi berria estreinatuko duelako gaur bertan. Amilibia ontzigile oriotarrak egina da, aurreko moldekoaren antzekoa, baina ezberdintasun batzuekin. Proban ibili dute getariarrek, eta gustura dabiltza. Ea gaur ze itxura ematen duen traineru berriak.

Haizea, indarrez

Gaurko egunez, ondo baino hobeto begiratzen dituzte arraunlariek, entrenatzaileek, ordezkariek eta zaleek eguraldiaren parteak. Eragin handia izan dezake, eta adi erreparatzen diete azken orduko gorabeherei ere. Bada, gaurko, ez du itsaso handirik ematen, metro erdi pasatxoko olatuak baitaude emanda. Baina haizeak traba egin dezake, eta ez txikia, gainera. Hamarreko indarra izango du estropada orduan, eta, gainera, Galiziko haizea esaten zaionak joko du indarrez —Amillena ere deitzen zaio, ipar-mendebaldeko haizea da—. Horrek haize-olatua altxa dezake, arraunerako lana zailduz.

Gainera, haizea arriskutsua izango da kanporako luzean. Berez da berezia eremua, bi luze bakarrik izaten direlako, eta hamar minutu geratu gabe egin behar delako arraun luze bakoitzean. Kanpora joaten, Igeldotik atera eta balizara heldu arte, haizeak astindu egingo ditu bazterrak… eta traineruak ere bai, jakina. Konturatu gabe, ontziak ekialderantz botako ditu, eta nahikoa izan daiteke norabidean metro batzuk galtzea sailkatzeko aukerak kareletik botatzeko. Baborretik arraun egiten duten arraunlariek lan bikaina eta sendoa egin beharko dute gaur kanporako luzean.

Haizearen gorabeherak, baina, ez du ematen erabakigarria izango denik estropadaren sailkapena zehazterakoan. Ez ditu hautagai ez direnak hautagai bihurtuko, eta alderantzizko joera ere nekez eragingo du. Zortzi dira hautagaiak, ez dago gehiago, eta zortzikote horretan daude datozen bi igandeetan banderaren lehian ibiliko direnak. Zain daukate Donostiarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna