Erraldoiekin ospatzen

EHFk Bidasoaren eskaera onartu du, eta Txapeldunen Ligan ariko da hurrengo denboraldian. Fitxaketa bakarra egingo du taldea indartzeko

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bidasoak Txapeldunen Ligan parte hartuko du hurrengo denboraldian. Europako txapeldun izan zeneko 25. urteurrena kontinenteko erraldoiekin jokatzen ospatuko du. Iragan sasoiko Asobal ligako txapeldunorde izan zen, baina ez zuen ziurtatua parte hartzea. Europako Eskubaloi Federazioaren (EHF) oniritzia behar zuen, eta atzo jaso zuten gonbidapena Artalekuko bulegoetan. Hori ez zen izan albiste on bakarra, EHFk etxeko partidak Irungo pabiloian jokatzeko baimena eman baitio taldeari, nahiz eta ez dituen betetzen Txapeldunen Ligak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak.

Pozik zen Gurutz Aginagalde Bidasoako presidentea, albistea jaso berritan: «Eskaera egin zuten beste taldeak ikusita [35 taldek egin zuten, eta 28 hautatu dituzte], zaila zen, baina EHFk kontuan hartu ditu zenbakitan jarri ez daitezkeen Bidasoaren beste onura asko: historia, zale kopurua, zuzendaritzaren lana, egitasmoa hazten ari dela...». Lehen ligaxkako zozketa ostegunean egingo dute, eta irailaren 11tik 15era jokatuko da lehen jardunaldia. Bidasoa C edo D multzoan ariko da, beste bost talderekin batera, eta gutxienez hamar partida jokatuko ditu lehen ligaxkan. Aurkariak hauetako bost izango dira: IFK Kristianstad, Sporting Portugal, GOG Gudme, Orlen Wisla Plock, Eurofarm Rabotnik eta liga ezberdinetako sei txapeldun.

Zuzendaritzak gogor egin du lan gonbita jasotzeko. Aurretik 25.000 euroko sarrera kanona ordaindu zuen, eta telebista emisioa lotu beharra zuen. EITBk egingo du, eta ETBn emango dituzte partida guztiak. Erakunde publikoek «erantzun oso positiboa» eman dutela azaldu zuen presidenteak. Traba handietako bat Artaleku zen, 2.000 eserleku baino ez baititu, eta Txapeldunen Ligako arautegiak gutxienez 2.500 eserlekuko pabiloiak eskatzen ditu. Hor, zaleen erantzunak pisu handia izan du. «EHF eskuzabala izan da. Ulertu dute ez genuela pabiloi aproposik ehun kilometro baino gutxiagora, eta badakite gure harmailak bete egingo direla».

Txapeldunen Liga jokatzea erronka handia da bulego mailan, eta ahalegin handia kirol ikuspegitik. Horrek aurrekontua handitu behar izatea dakar. Iragan sasoian 730.000 eurokoa izan zuen, oso txikia Txapeldunen Ligako beste taldeen aldean, eta zuzendaritza erakunde publiko eta enpresekin negoziatzen ari da kopuru hori handitzeko. Taldeari dagokionez, Jacobo Cuetara entrenatzaileak presidenteari argi utzi dio zer nahi duen. «Jokalari bat gehiago baino ez dugu fitxatuko. Iragan sasoiko ia multzo osoari eutsi diogu, eta lehen itzulian hamar partida gehiago izango ditugun arren, entrenatzailearen ustez nahikoa da bat fitxatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.