Laurent Garnier eta John Talabot BBK Liveko Basoa gunean ariko dira

Honey Dijon, Todd Terje, Midland eta Bicep ere izango dira musika elektronikoa bilduko duen agertoki horretan. Uztailaren 11tik 13 egingo da

Erredakzioa
Bilbo
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
BBK Live jaialdiak orain dela lau urte jarri zuen abian Basoa gunea, musika elektronikoa ingurune berezi batean —baso batean, hain zuzen ere— programatzeko helburuarekin, eta asmo horri eutsita osatu du aurtengo programazioa ere. Last Tour antolatzaileak dagoeneko iragarri ditu Basoako oholtzara igoko diren hamabost artistak: Laurent Garnier, John Talabot, Honey Dijon, Todd Terje, Midland, Bicep, Alicia Carrera, Alvaro Cabana, Courtesy, DJ Dustin, DJ Seinfeld, Ketiov, Moxie, Octo Octa eta Tama Sumo. BBK Live jaialdia uztailaren 11tik 13ra egingo dute, Kobetamendin ohi bezala, Bilbon.

Bi izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Laurent Garnierrek 35 urte daramatza techno eta house musika lantzen, eta musika elektronikoaren izen ezagunenetako bat da gaur egun; eta John Talabot, bestalde, berriz ariko da aurten Basoan, iaz lortutako arrakasta handiaren ondoren.

Basoan bilduko dira elektronikara bideratutako proposamenak, baina dagoeneko iragarriak dituzte beste agertokietan izango diren beste artista batzuk ere. Hala, BBK Live jaialdian izango dira, besteak beste, Rosalia, The Strokes, Suede, Sleaford Mods, Thom Yorke, Vetusta Morla, Vince Staples, Weezer, Cut Copy, Hot Chip, Idles, John Grant eta Princess Nokia.

Euskal musikariek ere izango dute lekua jaialdian; Erabaterak, Olatz Salvadorrek eta Serrullak, besteak beste. Nolanahi ere, oraindik programazioa osatu gabe dago, eta datozen hilabeteetan musikari gehiago batuko dira jaialdira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.