Athleticek irabazi egin behar dio gaur Atletico Madrili

Zuri-gorriek puntuak behar dituzte Europan amesten segitzeko (14:00). Eibarrek Real Madrilen Kirol Hirian du gaur partida (19:30)

Raul Garcia eta Thomas, lehen itzulian, Unai begira dutela. JUAN .CARLOS HIDALGO/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Partida handia izango da gaur San Mamesen, Lehen Mailako 28. jardunaldian: Athletici Atletico Madril jarriko zaio parez pare (14:00). Berezia ere izango da, lehiaketari berrekingo zaiolako, batetik, eta, batez ere, zalerik eta ikuslerik gabe jokatu beharko dutelako, COVID-19ak eragindako krisiaren eraginez. Kontuan izanda San Mamesek zenbat laguntzen duen etxeko taldea eta zenbat estutu kanpokoa, eragile garrantzitsua da hori.

Datorren denboraldian Europan aritzea du amets Gaizka Garitanoren taldeak, eta, horretarako, puntu asko batu beharko ditu 11 jardunaldi hauetan. Izan ere, sailkapenaren erdialdean dago Athletic, eta gaurko aurkaria dago seigarren, Europa Ligan aritzeko azkeneko txartela emango duen postuan. Zortzi puntu goitik du Espainiako hiriburuko taldea, eta, ezinbestean, gaur hasi behar dute etxekoek aldea murrizten.

Entrenatzaile guztien kezka da jokalariek nola erantzungo duten hiru hilabetez jokatu gabe egon eta gero. Etxean sartuta egindako entrenamendu aldi luzea ere hor dago. Itsu-itsuan zelairatuko dira denak, lagunarteko partidarik jokatu gabe, norgehiagoka horietan jasotzen den beharrezko informaziorik gabe, eta entrenatzaile guztien zalantza bat eta bakarra da ea nola lehiatuko den taldea. Hori ikusita, Garitanok lasaitasun mezu bat helarazi zuen atzo: «Ondo ezagutzen dut taldea, eta badakit gai dela gauza onak eskaintzeko zailtasunak daudenean». Villalibre ez dago gaurko 23 jokalariko zerrendan, lesioa tarteko. Atleticoren kasuan, Felipe eta Vrsaliko berdin daude, eta Joao Felix, zigortuta, txartelengatik.

Eibar, zuloan ez erortzera

Ataka zailean ekingo dio Eibarrek Ligari, mailari eusteko helburua lotu gabe. Hori kezkagarria bada, gaurko aurkariak gehiago estutzen du egoera, Real Madrilen etxean ariko baita Jose Luis Mendilibarren taldea, kontrarioaren Kirol Hirian, hain zuzen (19:30). Zalerik gabe jokatu beharrak berdindu dezake pixka bat bi taldeen arteko ezberdintasuna, baina berdindu ezin daitekeena da bien arteko ezberdintasun teknikoa. 22 jokalari doaz gaur Madrilera, lehen taldeko guztiak, minezden Ramis eta zigortuta dagoen Escalante izan ezik. Bigarren taldeko Cubero ere izango da. Mendilibarrek eskatu die jokalariei « eroso eta konfiantzaz jokatzeko, aurkaria gehiegi errespetatu gabe». Real Madrilen, ez dira ariko Jovic, Mariano, Lucas Vazquez eta Nacho, min hartuta direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.