KRITIKA. Musika

Musikazaleen erromesaldia

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Mahler Chamber Orchestra

Pianoa eta zuzendaritza: Mitsuko Uchida. Kontzertinoa: Jose Maria Blumenschein. Egitaraua:W. A. Mozarten 25. eta 27. pianorako kontzertuak eta A. Schoenbergen1. kamera-sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 13.

Mitsuko Uchida piano jotzaile japoniarrak harreman estua eta oparoa du W. A. Mozarten musikarekin: erreferentziazkoak dira, besteren artean, bere pianorako sonata eta kontzertuen grabaketak Decca diskoetxe ezagunarekin, 80ko hamarkadan argitaratuak. Mahler Chamber Orkestrarekin batera Europan zehar egiten ari den bira honetan, hain zuzen ere, pianorako hainbat kontzertu izango dira ardatz.

Mozartek 1786an idatzitako pianorako 25. kontzertua-k (K 503) ireki zuen Kursaalean aurkeztu zuten programa. Estreinatu eta ia ehun urtera idatzitako obran, Hanslick kritikariak bertan agertzen diren pasarte simetrikoak «inozotzat» hartu zituen, eta, hala ere, estilo aldetik berritasunak ageri dira hiru mugimenduetan. Norabide berari jarraituz, 1791ko pianorako 27. kontzertua-n (K 595) ere esperimentazio sena hedatu egin zuen Mozartek. Hori izan zen, hain zuzen ere, bere azken interpretazioa kontzertu publiko batean. Kontzertu «handiak» dira biak, Salzburgoko jeinu jostalariaren hitzetan, besteak beste, haize sekzio zabala behar dutelako.

Mozarten kontzertuen artean, Arnold Schoenbergek 1906an idatzitako 1. kamera-sinfonia entzun zen. Garaikide zituen konpositoreen handitasun sinfonikotik ihesi, hamabost musikari jartzen ditu taula gainean. Blumenscheinek sen onaz gidatu zituen bi sekzioak, haizeen eta harien artean goratzeko konpentsazio lana burutuz.

Denera, Mozarten bi kontzertuetan arintasuna, zehaztasuna eta malgutasuna gorenera eraman zituzten. Orkestran agerikoak eta argiak ziren, une oro, esaldien norabidea eta arnasa. Haizeek soinu goxoa, borobila, bateratua eskaini zuten, hariekin beti orekan, dinamikak maisuki zabalduz eta bereiziz. Horren eredu paregabea izan ziren Allegretto-a (K 503) zein Allegro-a (K 595), zurezko haizeen parte hartze apartarekin. Uchidaren interpretazioez esan litekeen oro, bestalde, esperientziaren errealitatetik urrun egongo da ezinbestean, bikain edo liluragarri bezalako izenondoak erabilita ere. Zuzenean entzun beharrekoa da, bizitzan behin gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.