Done Jurgiren berritzea, «ondarearen kontrakoa»

Zenbait zaintzaile eta zaharberritzailek salatu dute betiko hondatu dutela Lizarrako Done Mikel elizan dagoen XVI. mendeko eskultura
XVI. mendeko Done Jurgi eskultura, zaharberritzearen aurretik eta ondoren.
XVI. mendeko Done Jurgi eskultura, zaharberritzearen aurretik eta ondoren. ARTUS PATRIMONIO

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 26
LizarrakoDone Mikel elizan (Nafarroa) dago polemika eragin duen XVI. mendeko Done Jurgiren eskultura. Zaharberritze lanek batzuen haserrea eta besteen txantxarako apeta piztu dute sare sozialetan, eta hainbatek Borjako (Zaragoza, Espainia) Ecce Homo-arekin ere parekatu du, emaitzaren kalitate eskasa ikusita.

XVI. mendeko obra bat da. Kolorea galtzen ari zen, eta hainbat zati puskatuak zituen. Zaharberritzean, berregin egin dute eskultura, eta margotu, baina lehengo eskulturaren arrastoak desagerrarazi dituzte, eta zaharberritzeak hainbat adituren kritikak eragin ditu: Espainiako arte zaintzaile eta zaharberritzaileen elkarteak (ACRE) esan du zaharberritzea «penagarria» izan dela, ondarearen kontrakoa.

Lizarrako alkate Koldo Leozek (EH Bildu) berretsi egin du adituek esandakoak: «Badirudi zaharberritze lana ez dela behar bezalakoa izan; XVI. mendeko obra bat izatean kontu handia izan behar zen erabilitako materialekin, eskultura polikromatua baita eta geruzak galtzea erraza baitzen».

Idatzi bat aurkeztuko dute

Arte zaintzaile eta zaharberritzaileen elkarteak jakinarazi du Done Jurgiren eskultura horrek balio berezia duela eta Nafarroako ondarearen altxorretako bat zela. Zaharberritzea horretarako gai ez ziren pertsonek egin dutela salatu du, «irizpiderik gabe», eta konpondu ezinezko kaltea eragin dela; ez direla bete Nafarroako Kultur Ondarearen legeak ezartzen dituen gutxieneko kontrol neurriak. «Ezagunak diren beste adibide batzuk dakarzkigu gogora», gaineratu du. Leoz alkateak azaldu duenez, zaharberritze lana elizako parrokoak agindu zion Lizarrako eskulan irakasle bati. «Jakina, Udalak ez du zaharberritze lan horien berri izan».

ACRE elkarteak dio horrelako zaharberritzeetan ahalik eta gutxien esku hartu behar dela, eta egiten den lana lehengoratzeko aukera utzi behar dela. Done Jurgiren eskulturaren zaharberritze horren ondoren, eskultura hori ezingo dela ikertu azaldu du, eta etorkizuneko belaunaldiek ezingo dutela behar den bezala ezagutu. Elkarte horrek idatzi bat aurkeztuko du Nafarroako Fiskaltzan .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna