kritika. Musika Hamabostaldia

Ados jarri gabe

Arkaitz Mendoza.
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jukka-Pekka Saraste. Egitaraua: J. Brahmsen Pianorako 1go Kontzertua eta I. Stravinskiren Udaberriaren Sagaratzea. Lekua: Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 31.

Musikarien artean elkar ulertzea funtsezkoa da partiturak adierazten dituen marka eta ikurrak bide onetik zentzu baikorrean jorratzeko. Koloniako Irratiko Orkestrako kideak (Alemania) aurtengo Musika Hamabostaldiko azkeneko musikariak izan dira; gonbidatu bezala ekarri duten Igor Levit piano jotzailearen eta Jukka-Pekka Saraste zuzendariaren arteko harremana ez da oso estua izan. Johannes Brahmsen Pianorako 1go Kontzertua burutzeko abiadura ezberdina eta, batez ere, obrarekiko pentsamolde guztiz kontrajarriak azaldu zituzten Kursaal auditoriumean. Pianoaren hasierako sarreratik Levit estututa zebilen, ezin arnastu, musika makila mugiezin baten gidaritzapean gidatzen zelako eta hortik irteteko kadentzia pasarteak bakarrik izan zituen arnasbide. Sarastek irakurketa hotza eta bakuna egin zuen, Koloniako orkestrako lehen mailako soinua erakustearekin nahikoa izan zuen, pianoari jaramonik egin gabe. Erritmo arazoak, bolumen desorekak... eta pianoak kilikagarri adierazi nahi zituen atalak orkestrak guztiz irentsi egin zituen. Leviten irakurketa hatz eta gehienez eskumuturreko artikulazio jokoetara mugatu zen, Brahmsen sorbaldetatik hasten den soinua bizpahiru akorde handietara murriztuz. Adagioko piano elkarrizketa bakartian Levit maisu agertu zen pianissimi zoragarriak oparituz, baina hiru ordu laurdeneko interpretaziorako gutxiegi izan zen.

Jaialdiko azken egunean jorratu behar den Hector Berliozen Requiem ikaragarriak behar dituen musikari pila aprobetxatuz, bezperan Igor Stravinskiren Udaberriaren Sagaratzea planteatu zuen orkestrak. Erabaki logiko honetan erosoago sentitu zen musika taldea, nahiz eta aipagarria izan Brahms alemaniarra orkestra alemaniar baten eskuetan lurrindu egin daitekeela. Stravinski errusiarrean haize egur itxurosoa, tronboi talde dotorea eta bigarren biolin intentsu batzuk azpimarratu ziren. Obraren lehenengo zatia den Lurraren jaurespena esanguratsu, podiumetik zehaztasun gutxirekin baina atriletan lanean gogor hasi ziren. Harrigarritasunetik urrun koka genezake orkestra hau, lanarekiko zintzotasun leialean, baina bihotz taupada ero eta pasiotik aldenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.