Baionako bestak

Ikurrinaren ongietorriarekin

Iruñean ikurrina zintzilikatu zuten arrantzale bizardunei keinua egin diete Baionako besten hasieran.

Igande arte iraungo dute Lapurdi hiriburuko bestek, hainbat animazioren artean
Arrantzale bizardunak ikurrina zabaltzen, atzo iluntzean.
Arrantzale bizardunak ikurrina zabaltzen, atzo iluntzean. BOB EDME

Nora Arbelbide -

2014ko uztailak 24
Usaiako erritmoan hasi zen Lapurdiko hiriburuko besten irekitze ofiziala. Ikurrinak baziren plazan, erdi jostailu erdi aldarrikapen. Baina batek gaina hartu zien guztiei. Handia, dilindan. Teilatutik gaindi, arrantzale bizardun batzuk, arrantzatzeko hariarekin luzatua. Ongietorri berezia. Arrantzale bizardun nafarrei begikeinu. Baiona eta Iruñea senidetuak direnez, aldi honetan adiskidetasun ofizialak beste gisa bateko oihartzun bat hartu zuen. Baina Iruñean ez bezala, Baionan erdi txantxetan hartu zuten gehienek, baita ofizialeek ere. Nahiz eta, beldurturik gelditu ziren teilatuko jokoaz ohartu bezain laster. Ez zitezen erori, hori zuela eskatzen zioen ozen Martine Bisauta hautetsiak. Justu, gainera, Aitor Servier bertsolaria ari zen bertsotan. Euskarari egin zion hark erreferentzia.

Hor zeuden ere balkoian, besteak beste Baionako errugbi taldeko emakumeak, Frantziako txapelketaren aurtengo irabazleak.

Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzeko banderola txikiak ere bazeuden plazan. Gisa bereko saialdiak egin izan zituzten duela zenbait urte, presoen argazkiekin. Baina plazara hurbildu, eta inguruko jendeak gogor hartu zituzten. Hainbestetaraino non uzkurturik atera baitziren handik. Zenbait urtez deus burutu gabe egon, eta aldi honetan saialdi berezi bat egiteko motibatu ziren, beraz, zenbait arrantzale bizardun.

Eta horra, beraz, aurtengo Baionak bestak abiaturik. Igande arte Baionako karrikak besta giroan murgildu dira. Txoko, txosna, peña, ostatu eta murru arteketako zulo guztietan gaindi, ehunka, milaka festazale dira hurbilduko Lapurdiko hiriburura. Hori bai, anitz ez ziren giltzen beha egon besta hasteko. Irekitze ofizialaren zain egotea luzeegi egiten zaienak ez ziren guti karriketan gaindi, atzoko egunean zehar. Funtsean, egitaraua ofiziala bera ere goizetik hasi zen.

Txapelketaz txapelketa

Dela omeleta txapelketa, lasterketa txapelketa, piroga txapelketa, eta beste zenbait kirol txapelketa, txapelketaz txapelketa, giharrak berotu nahi zituenak izan zuen zer egin. Baina, ez zirela aski forman, antolatzeko denborarik ez zutela izan, edo beste mila aitzakia tarteko, so gelditzea ere ez zela hain gaizki pentsatzen zutenak ere ez ziren gutxi izan. Hainbat elkartek prestatutako omeleta goxoekin begi goseak asetzearekin kontentu ziren.

Txarangen soinuekin dantzatzeko gogoz zebiltzanak ere bazeuden. Zintzurrak bustitzeko etorriak zirenentzat, ateak handizki irekiak zituzten ostatu, jatetxe eta karpek. Izan ere, atzoko egunean jaiak hasteko irrika eta emozioa izan zen nagusi egun osoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna