Albistea entzun

SERIEA. 'Goenkale'-ren amaiera (III). Ikus-entzunezkoen eta aktoreen eskola. Elkarrizketa: Itziar Gomez, aktore eta aktore zuzendaria

Ikasbide eta lanbide

1
1 EITB / BESTEAK Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2015eko abenduak 17 - Donostia

21 urtez ofizioa ikasteko eskola izan da telesaila aktoreentzat eta alor teknikoko langileentzat. Halaber, lan finkoa eman die urtero 90 pertsonari baino gehiagori.

Barbara Goenaga, Gorka Otxoa, Aitor Luna. Euskal Herritik kanpo arrakasta izan duten aktoreak, Goenkale-n haur, nerabe edo gaztetxo ziren hasi zirenean. Iban Garate, Miren Ibarguren, Joseba Usabiaga, Loreto Mauleon. Gazte, oso gazte, telesailean hasi zirenean, beste proiektu batzuetan bidea egin dutenak gero. Aktore ugari lanean, baina ez hori bakarrik. Aktore eskola eta ikus-entzunezkoena izan da 21 urtez Pausokaren telesaila. Etxerako ogia eramateko bidea ere bai langile askorentzat. Aktoreentzat ez ezik, baita teknikarientzat ere.

Urtero 90 langile inguru zebiltzan taldean lanean, Pausokaren datuen arabera. Talde horretan zeuden aktoreak, errealizadoreak, ekoizpenekoak, gidoilariak, jantziez eta atrezzoaz arduratzen zirenak, makilatzaileak, eta platoko eta kanpoko grabaketetako talde teknikoak. Kopuru horretatik kanpo zeuden figuranteak, eszena bakanetan azaltzen zirenak.

Telesailan makina bat aktore hazten ikusi zituen Agurtzane Intxaurragak, lehen aktore zuzendariak ?Kepa Gallegorekin batera aritu zen?. Zortzi urtez egin zuen lan horretan; gidoilari aritu zen gero. «Niretzat, eskola handia izan zen Goenkale. Guretzat, Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola eta Jose Ramon Soroiz eredu ziren, baina berehala feeling ona izan genuen haiekin». Dozenaka euskal aktorerekin lan egiteko aukera izateak sarea zabaldu ziola nabarmendu du. «Eguneroko lana zen, lan intentsoa». Urtez urte jarraitzen zuen lanak, ordura arte ez bezala. «Guretzat, ofizio bihurtu zen profesioa, egunerokotasun bat sortzen zuelako eta arte eszenikoetan edo ikus-entzunezkoetan hori ez da ohikoena», azaldu du Intxaurragak.

Euskal Herriko 700 aktore inguru pasatu dira telesailetik. Eta badira bi pertsonaia jokatu dituztenak: Martxelo Rubio, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Teresa Andonegi... Miren Gojenolak lehen urteetan Amaiaren pertsonaia jokatu zuen, eta Sor Paresirena amaieran; tartean, aktore zuzendari izan zen sei urtez. Oroitu du hasieran «gogorra» izan zela lanera ohitzea: «Egunero sekuentzia asko egin behar genituen, erritmo handian. Egunean 21 sekuentzia ere egiten genituen garai batean».

Intxaurragak bezala, Gojenolak uste du Euskal Herrian ez dela Goenkale bezalako aktore eskolarik izan. «Sekula aktore lanik egin gabe zeudenak pasatu ziren, baita gerora beste aktore lanik egin ez dutenak ere». Intxaurragak bi adibide esanguratsu aipatu ditu: Iñaki Perurena eta Naroa Agirre. Kirol mundutik etorri, eta aktore lanetan fin aritu ziren.

Itziar Ituño 1998-1999ko denboraldian hasi zen Goenkale-n aktore, eta, atzerrian bolada bat egin ostean, haren pertsonaia Nekane amaiera arte mantendu da ostera. Oroitu da Fagorren lanean eta euskaltegian euskara ikasten ari zela lehen hautaprobara joan zela. «Hasieran, oso kikilduta nenbilen, euskaldun berri-berri-berria bainintzen». Atsedenetan «ixil-ixilik» egoten zen, Intxaurraga, Gojenola eta beste batzuk berriketan gelditu gabe aritzen ziren bitartean.

Urtero hainbat hilabetez lan finkoa izateak emandako «egonkortasuna» nabarmendu du Gojenolak ?Mikel Laskurain bere bikotekidea ere Goenkale-ko aktorea zen?. «Horri esker erabaki genuen familia izatea, eta bi seme izan genituen. Etxea eta familia aurrera eramateko aukera eman zigun Goenkale-k». Horregatik ez zuten Madrilera jo.

Bestalde, fikzioa euskaraz telebistan egotea garrantzitsutzat jotzen dute Ituñok zein Gojenolak. «Euskaldun berrientzat belarria egiteko funtsezkoa da», dio Ituñok. Euskara asko zaindu dela nabarmendu du Gojenolak. Intxaurragaren arabera, euskararen normalizaziorako «sekulako» lana egin du Goenkale-k, esate baterako, hikaren erabilerarekin. ETB1en gaur egun saio batzuetan euskara oso gutxi zaintzen dela nabarmendu du Gojenolak: «Gazteek ikusten dituzten saio batzuetan euskara ez dago batere zainduta». Ituñok beste kritika bat egin du: «Gehiago inbertitu da ETB2n ETB1en baino, eta hori ez da posible». Azkeneko urteetan, bestalde, ETBk Goenkale gero eta gutxiago zaintzen zuela uste du Ituñok. Murrizketak horren erakusgarri.

Izan zituen pare bat krisi telesailak. Baina telesailaren amaieraren erabakia 2015 hasieran jakin zuenean «amildegian» sentitu zen Ituño. «Pena sentitu nuen, lankideekin gauza asko partekatu nituelako. Eta norberak galdetzen dio bere buruari ea etorkizunean zer egingo duen. Jende askori gertatzen zaiona, ez bakarrik aktoreoi». Otsailetik langabezia kobratzen aritu da Ituño, nahiz Loreak filmari esker sariren bat jaso. «Nahiko genuke Euskal Herrian lana izatea».

Intxaurragarentzat, «utopia» da euskarazko beste telesail batek 21 urtez irautea. «Baina oroit gaitezen. Goenkale-ren hastapenetan ere utopia zen pentsatzea hainbeste urtez iraungo zuela».

Alor teknikoan ere eskola

Alor teknikoan, makina bat profesionalek egin dute lan 21 urteotan Arraldeko abenturak ikus-entzuleengana eramateko. Haientzat ere ikasbide zein lanbide izan da telesaila.

Aitor Aranguren 2001ean errealizadore laguntzaile hasi zen, eta 2002tik 2015era errealizadore lanak egin ditu, kanpoko sekuentzietan betiere. Bi errealizazio talde aritzen ziren platoko sekuentziak egiten, eta beste batek egiten zituen kaleko sekuentziak, kamera batekin. Kaleko sekuentziak grabatzeko, aktoreez aparte, operadore kamera bat, laguntzaile bat, audio teknikaria, argiztatzailea, errealizadore laguntzaile bat eta produkzio laguntzaile bat aritzen ziren, Aranguren errealizadorearekin batera. «Giro ona izaten genuen. Daukagun lana gustatzen zaigu. Hori giroan nabaritu egiten da». Kalean eguneko bost sekuentzia grabatzen zituzten. Azkeneko urteetan, aurrekontu murrizketen eraginez, epe laburragoan minutu gehiago atera behar zituzten, ordea.

Arangurenek aitortu du telesailaren lehen urteetatik azkeneko denboraldira bitarteko epean asko ikasi dutela denek lanean. «Beste telebista kateetan egindako telesailetatik ere ikasi dugu. Kanpora begiratu izan da, hobetzeko asmoz».

Errealizadoreak azaldu duenez, Goenkale-k familia askori ematen zion jaten. «Urteotan alor teknikoko jende asko pasatu da, bere soldata etxera eramanez». Maiz aipatu izan da Goenkale aktoreentzat izan den eskola. «Baina alor teknikoan ere eskola garrantzitsua izan da Euskal Herrian», azaldu du Arangurenek. Pena hartu du telesailaren amaiera dela-eta. «Telebistan lan eginda, badakizu lehenago edo beranduago saio batek amaitu egin behar duela». Urteotan izandako esperientziarekin eta lantalde handi batekin lan egin izana gordetzen du oroimenean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Eguzki irratia ©Jaoba Manterola / Foku

Eguzki irratiak salatu du lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati komunitarioei

Urtzi Urkizu

Hala ere, Iruñeko Eguzki irrati libreak lizentzia eskaera egingo du. Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko.

2020ko deialdian parte hartu zuen Oletzero bat. / ©Andrakatue

«Zarpail edo dotore, gizon edo emakume, sor ditzagun gure Olentzero propioak»

Jon Ordoñez Garmendia

Dantzan.eus atariak dei egin du etxean, eskolan, lantokian edo ikasgelan bakoitzak bere Olentzero egitera.

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...