Literatura. 'Ahanzturaren bezperan'

Ezin ahaztu zer garen

Idazle: Mikel Arruabarrena Larrarte. Argitaratzaile: Denonartean.

Irati Majuelo.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Iruñea Hiria poesia lehiaketa irabazi zuen Mikel Arruabarrenak poema-bilduma honi esker. Egitura sinple eta soila dauka: izenbururik gabeko bi atal, izenik gabeko hamabosna poema eta liburuaren titulu bera daukan azken poema bat, zikloa ixteko. Atalen sarreretarako hautatutako erreferentziei esker susma dezakegu zer dakarren idazle berri honen lehen lan argitaratuak.

Doris Lessingen aipu batek irekitzen du lehendabiziko atala, esanez denbora dela gure pentsamenduen hostoak ahanzturara daramatzan ibaia. Horrela bada, atal honetan Arruabarrenak poesian ohikoa den denboraren iraganari buruzko kezka agertzen du: «Denbora da hemen aurrera egiten duen bakarra,/ bizitza pasa egiten da». Idazleak, ordea, ez dihardu zahartzeari edota atzean utzitakoaren nostalgiari buruz; ahanzturaren beldurra ekartzen du lehen lerrora. Ez dago ahanzturari ihes egiterik, eta ideia horretatik tiraka azaleratzen dira bestelako gaiak: egin gabekoaren damua, hautuak dakarren galera, heriotzaren osteko ahaztea eta harremanen ahitzea.

Behetik gora doa liburuaren lehen atal hau. Hasierako poemak nahasi samarrak gerta daitezke, eta esango nuke izenbururik ez edukitzeak ez diela laguntzen: zenbait poema-lerro airean geratzen dira, interpretazio libreari ardura gehiegi emanez, eta ondorioz irakurlea galdurik ibil daiteke. Hala ere, gero eta indar gehiago hartzen doaz, lerro banaketak argitzen, eta poemek osotasun handiagoa lortzen dute azkenerako. Hortaz, lehen atalaren amaierarako, esaldi indartsuak topatzeaz gain, ahots poetikoa ere sendotzen da gaiak eta egoki lotutako ideiek bat egin ahala.

Lisabören kanta batek aurkezten du bigarren atala, eta hasieratik geratzen da argi idazlearen hausnarketagaia aldatu dela: lehen munduko problemen erosotasunak uzten ditu agerian Arruabarrenak, eta bere jarrera argi utzi: «Zenbaitetan beharrezko dugu oroitzea/ azal-azaleko txikikeriatan itotzen ohitu garela». Denborari buruzko galdera filosofikoak alde batera utzi, eta arazo garaikideetara jotzen du bete-betean: hondamendi ekologikoa, turismoa, apustu-etxeak, Mediterraneoko heriotzak, teknologiak dakarren simulakro eta bakardade sentsazioa. Eta, batez ere, horren aurrean lehen mundukook dauzkagun errua, indiferentzia eta erosotasuna. Hau da, gizakion miseriak erakusten dizkigu edergarririk gabe, liburua borobiltzen duen Ahanzturaren bezperan izeneko azken poemak azpimarratzen duenez.

Bigarren atal honek bizitasun handiagoa dauka, aurrekoaren amaierako erritmoari eusten dio, eta une batzuetan irmotasun handiagoa aurkitzen du. Oreka atal osoan zehar guztiz mantentzen ez badu ere, nabari da poema helduagoak direla, eta begirada konkretu bat bilatu duela Arruabarrenak, pesimista baino errealistagoa. Arrasto interesgarria utzi du, beraz, idazle berri honek, estilo propioa atxiki eta desorekak finduz gero etorkizuneko idatzietan arretaz jarraitu beharko duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.