Albistea entzun

ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira. Kristian Herbolzheimer. Conciliation Resourceseko kidea

«Xake-mate jokaldi bat da 'artisauena'»

Bake prozesua unerik garrantzitsuenetako batean dagoela uste du Herbolzheimerrek; ETAren armagabetzeak joko eta arau berriak ekarriko dituela dio: «eragileen arteko elkarlana sendotu behar da».
ISABELLE MIQUELESTORENA / BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2017ko martxoak 29

Kolonbia, Filipinak, Mendebaldeko Sahara eta beste zenbait lekutako bake prozesuetan parte hartu du Kristian Herbolzheimerrek (Bartzelona, 1970). Euskal Herrian, Aieteko Nazioarteko Konferentzian izan zen, Conciliation Resources mugaz gaindiko erakundearen izenean. Gerora ere, gertutik aztertu du prozesua, Foro Sozialeko mintegietan: azkena, armagabetzeari buruzkoan, martxoaren 18an, Miarritzen.

Ezohikoa al da ETAren armagabetze prozesua?

Kasu berezia da. Ez dago aurrekaririk, eta ez dauka parekorik nazioartean. Gizarte zibilak inon ez du lagundu hain modu zuzenean.

Eta harritzen zaitu hala izateak?

Ez, testuinguruagatik. Bake prozesua bera izaten ari da berezia, eta horrek behar ditu neurri bereziak. Oso berritzailea izaten ari da dena. Bakearen artisauek, beren helburuak betetzen badituzte, nazioartean eredu bat bihurtuko dute Euskal Herriko kasua.

Eta zein litzateke irakaspena?

Indargunea da irtenbide bat ematen diola geldirik edo trabatuta dagoen egoera bati. Aietetik hona hainbeste denbora pasatu izanak agerian uzten du aktore nagusien gaitasun eza: ETArena, gobernuena eta zuzenean edo zeharka irtenbide bat bilatu behar duten beste erakunde guztiena.

Eragile politikoen porrotaren emaitza da egungo egoera?

Ezintasun horrek eraman gaitu egungo egoerara. Orain, azpimarratuko nuke inork ez duela zalantzan jarri gizarte zibilaren proposamena. Batzuek sutsuago, beste batzuek ez hainbeste, baina inork ez du zalantzan jarri.

Gobernuek ere babesten dute armagabetze prozesu hau?

Egiten utziko dutela esan dute, eta, gainera, jendaurrean adierazi dute hori.

Eta zer aldatu da horretarako?

Espainiako Gobernuaren jarreraren eta praktiken aurrean, bake prozesuak euskal bake prozesu bat izan behar duela argi geratu da euskal gizartean: Euskal Herriko aktoreek izan behar dutela protagonista nagusiak. Ideia hori garatuz joan da, eta horren emaitza da prozesuari irtenbidea emateko sortu den hirukoaren formula: instituzioek, alderdi politikoek eta gizarte zibilak osatua. Baina gauza bat da horren inguruan bat egitea, eta beste bat praktikara eramatea. Bada, egin da.

Zerk desblokeatu du egoera?

Eragile horien guztien borondateak. Dena den, nik nabarmendu nahi dut artisauen ideia hasi zutenek erakutsi duten sormena eta analisi politiko zorrotza, proposamen zehatz bat sortu dutelako eta gai izan direlako horren inguruan bat egite zabalak biltzeko.

Ez da, beraz, aipatutako eragile politikoek diseinatutako estrategia baten ondorio izan?

Nik dakidala, ez. Hau sortu zen artisauen ekimenez, abenduan ikusi genuenez.

Bada hori zalantzan jartzen duenik: esaten duena euskal gizartea oso polarizatua egon dela eta egitasmo ia guztiek beti izan dutela atzean alderdi edo sektore politikoen bultzada.

Horregatik ez da halabeharra Ipar Euskal Herrian sortu izana. Artisauek lortu dute gutxi batzuen ideia bat zenak erakartzea babes sozial eta instituzional zabal eta transbertsal bat. Hegoaldean ezinezkoa izango litzateke hori, han dagoen polarizazioa dela eta. Hain justu, handik datoz mesfidantzak; hori ere ez da halabeharra.

Armagabetzean ari direnek zein berme dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik?

Irudi batekin erantzungo dizut: xake-mate jokaldi bat da artisauena. Bi gobernuek ez badute proposamena gogoko, boikotatu dezakete. Baina artisauek jada lortu dute babes sozial eta instituzional zabal bat; hori da bermea.

Baina hori berme bat da?

Atxiloketak eskandalu bat izango lirateke. Eta armak non dauden baldin badakite, zergatik ez dituzte hartu? Prozesua trabatzeak kostu politiko handia izango luke gobernuentzat. Ez nago ziur biak prest dauden horretarako.

Gobernuek egiten utziko dutela uste duzu. Baina baita beste botere faktikoek ere? Adibidez, zerbitzu sekretuetako edo polizietako sektore batzuek?

Arrisku hori hor dago, eta egon da beti, baina horrekin ere egin behar da aurrera.

Justiziak, instituzio independente gisa, ez du zertan bat egin gobernuen jarrerarekin.

Luhusoko atxiloketetan parte hartu zuen Frantziako Justiziak, eta ikusi genuen nola jokatu zuen, atxilotuak aske utziz eta. Orduan, gainera, armak ukitu egin zituzten. Orain, uste dut ez dutela egingo. Beraz, zaila iruditzen zait haien aurka egiteko arrazoi juridikorik topatzea.

Armak etxe batean edo leku pribatu batean baleude, agian, bai.

Baina hori da Luhusoko kasua. Hori da aurrekaria. Prozesuan ari direnek ezagutzen dituzte zein diren mugak eta baldintzak.

Eta arma eta lehergaiekin zer egin adostu beharko litzateke?

Horri ez zaio buelta gehiegi eman behar. Nire ustez, artisauek Frantziako agintariei esango diete armak non dauden, eta nahi dutena egin dezatela. Kito.

Armagabetzeari etekin politikoa atera nahiko dionik egongo da, ezta? Zeinek gehiago?

Eguna jakinarazi zenetik, denak ari dira horretan; jakina zen, saihetsezina da. Baina oinarrian, sinbolikoa eta, bereziki, politikoa da artisauen ekimenaren balioa. Lubakien dinamika haustea du xede, ETAren amaiera azkeneraino eramateko. Aurrekari bat izan behar du konpondu gabe jarraituko duten eta oso gatazkatsuak diren beste heldulekuei heltzeko.

Baina atzean dauden asmo horiek ez diote sinesgarritasuna kentzen armagabetzeari?

Ziur Madrilgo gobernuari ez zaiola gustatzen egiteko modu hau.

ETAri bai?

Egia da ETAri ondo datorkiola, ez baita Madrildik agindutakoa. Baina ez da ETAren proposamen bat, euskal instituzioena, alderdiena eta gizartearena baizik. Horrek indargabetzen ditu susmoak.

Diskrezio ezak kalte egin diezaioke prozesuari?

Negoziazio batez ariko bagina bai, baina ez gaude egoera horretan. Ez gaitezen engaina. Hemen ez dago hainbeste informazio konfidentzial. Lehen lerroko albiste politiko bat da hau. Baina, oinarrian, eta informazio konfidentzialari dagokionez, egin da egin behar zen guztia. Hortik haratago, esaten direnak ?diskrezioaz, arriskuei buruz...? kalkulu politikoen barruan kokatu behar dira, etekin politikoen jokoarekin loturiko mezuak dira.

Eta zein informazio konfidentzial ez da jakinarazi?

Frantziako eta Espainiako Gobernuak jakinaren gainean daude, eta horregatik erantzun dute erantzun duten moduan. Hori da garrantzitsuena.

Datozen egunetako urratsak ere badakizkite?

Pentsatzen dut informazio hori zirkulatzen ari dela, behar duen tokietatik eta behar duen diskrezioarekin.

Armagabetu ondoren, zer?

Armagabetzeak indar katalizatzaile handia dauka. Balio dezake beste gai batzuen konponbidea errazteko. Baldintza soziopolitiko ezberdin batzuk sortzen ditu. Baina garrantzitsua da lehen aipatu dudan hirukoan dauden eragile guztiak prozesuaren parte sentitzea eta eroso sentitzea.

Eta nola daude?

Egia da Iparraldean eta Hegoaldean baldintzak eta egoerak ez direla berberak. Pirinioen bi aldeetara instituzio eta alderdi denek sentitu behar dute prozesu hau denena dela, informazio guztia ez eduki arren, nahikoa dutela lasai egon ahal izateko eta ikusteko inork ez duela etekin politikorik aterako prozesutik. Funtsezkoa da hori oraindik egiteke dauden urratsak egin ahal izateko.

Madrilgo eta Parisko gobernuak konbentzitzeko?

Hemen bi dimentsio bereiziko nituzke: euskal politika barrukoa eta Espainia eta Frantziari begirakoa. Bigarren hori zaila da gaur egun. Horregatik, orain, erronka nagusia da euskal politikarena, euskal gizartearena. Hori sendotu behar da. Gai honetan, ahots bakar batez hitz egin behar dio Madrili eta Parisi. Iparraldean lortzen ari dira hori.

Etakideek ere badute bermerik prozesu honetan?

Ez dut uste aktibo edo presente egongo direnik armagabetzean. Baina apirilaren 8aren ondoren zintzilik egongo den gai bat izango da hori. Armagabetuta ere, arrisku hori izango dute. ETAri dagokio urrats berriak egitea.

Erakundea desegiteaz ari zara?

Bai. Prozesu logikoa litzateke, bere jarduna utzi ondoren. Modu naturalean eta ahalik eta azkarrena izan beharko luke hori. Uler dezaket ETAk itxaropenen bat izatea zuzenean edo zeharka negoziatzeko zintzilik dauden gaiak, baina hori ez da gertatuko.

Zertan lagunduko luke erabaki horrek?

Horretarako erabakia hartu badu, onena litzateke ahalik eta azkarrena egitea. ETAk ez luke eragile politiko gisa iraun behar. Horrek asko lagunduko luke Euskal Herriko giro politikoan, lasaitasun gehiagoz eztabaidatzeko eta heldu ahal izateko konpontzeke dauden gaiei: presoena, adibidez.

Baina gai horietan giltza bi gobernuek dute.

Bai eta ez. Euskal erakundeetan bat egite zabalak lortuko balira, indar gehiagoz egin daiteke presioa gobernuen aurrean. ETA existitzea aitzakia perfektu bat da Madrilentzat. Eta gobernuari oso ondo datorkio ere euskal herritarrak ados ez jartzea. Logika horri buelta eman behar zaio.

Ikusten duzu jarreraz aldatzeko nahirik Madrilen eta Parisen?

Egia da ez dela nabari Madrilen partetik, baina uste dut aldatu egingo duela bere jarrera.

Noiz? Gai honetan oso garrantzitsuak dira epeak.

Denboran ahalik eta gehiena luzatzera joka dezake eta bere gain hartu horrek eragin diezaiokeen kostu politikoa, baina egoera zaildu egingo zaio. Aitzakiarik ez du izango ETA desagertzen bada.

PP gutxiengoan egoteak eragina izan dezake?

Gai hau beti azaltzen da bestelako negoziazio politikoetan. Jaurlaritzaren eta EAJren agendan dago; lehentasunen artean, presoen gaia, adibidez, ez da lehenengoetarikoa izango, baina euskal politikan ematen diren aurrerapausoen arabera ?bat egite zabala baldin badago egin beharreko urratsei buruz?, Jaurlaritzak Madrilekin ez du hitz egingo EAJren izenean soilik, bide orri zabal eta transbertsal bat eramango du.

Euskal eragileak, baina, trabatuta daude oraindik kontakizunaren eztabaidan. Nola ikusten duzu auzi hori?

Gatazka armatu guztiek dituzte beren tabuak. Kolonbian FARCek ez du desarmatzeaz hitz egiten, desohore bat iruditzen zaio, eta armak uzteaz hitz egiten du. Euskal gatazkan, ez da arazo bat. Aldiz, polemika izugarri bat dago kontakizunaren inguruan, eta hori ez da ez Kolonbian ez beste inon gertatzen. Azalpen politikoa dauka, baina badu zerbait patologikotik, obsesibotik. Garrantzitsua da, baina ez da gainbaloratu behar, eta ezin da traba bat bihurtu.

Eta korapilo hori nola askatu?

Eragile politiko denek jakin behar dute egungo jokaerek asko baldintzatuko dutela etorkizuneko kontakizuna. Euskal Herrian funtsezko kontakizun bat dago: indarkeriek, denek, ez dutela balio izan helburu politikoak lortzeko, hori dela garaitu egin dena. Hortik aurrera, eztabaidak izan behar du lasaiagoa eta objektiboagoa. Onartu behar da kontakizun ezberdinak daudela, inork ez duela berea inposatuko. Nork bere erantzukizunak onartzeko funtsezkoa da hori. Oraingo fasean, oinarrizko da hitzak eta jarrerak desarmatzea, aurrera egin ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, atzoko prentsaurrekoan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» kritikatu du

Isabel Jaurena

Sare Herritarraren arabera, 47 euskal preso daude orain urruneko espetxeetan. «Presoengandik gertuen daudenen» jarrera nabarmendu du, erabakiak «jarraipen egokia» egin eta gero hartzeagatik

Bego Atxa eta Joseba Azkarraga, gaur goizeko prentsaurrekoan. ©Andoni Canellada / Foku

Sarek Auzitegi Nazionalaren «blokeo jarrera» salatu du

Isabel Jaurena

Sare Herritarrak adierazi du 47 euskal preso daudela oraindik urruneko espetxeetan

Antonio Caño 2018an, 'El Pais' egunkarik zuzendari zenean. Don Mitxelen albiste faltsua sinistu duenetako bat da. ©Fernando Villar / EFE

Arralderi buruzko txio batek agerian utzi du albiste faltsuen ahalmena

Paulo Ostolaza

Fikziozko herri horretako udalak Miguel Angel Blancoren hiltzailea seme kutun izendatu duela idatzi du Twitterreko Don Mitxel erabiltzaileak. Besteak beste, Daniel Lacalle ekonomialariak eta Antonio Caño El País-eko zuzendari ohiak sinistu eta zabaldu dute mezua.

Iruñeko zezen plaza, uztailaren 14ko arratsean. ©Iñigo Uriz, FOKU

Aske utzi dituzte Mutilzarra peñaren salaketaren harira Iruñean atxilotuak

Uxue Rey Gorraiz

Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo, uztailaren 14an Iruñeko zezen plazan izandako istiluekin lotuta. Aske dira, baina epaileak deklaratzera deituko ditu. Gorroto delitua egozten diete. Mutilzarraren arabera, hainbat pertsonak eraso egin zieten peñako zenbait kideri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.