Jai parekideak. Irungo alardea

Inoizko jendetsuena izan da

Pozik eta indartsu atera da alarde parekidea Irunen, hura egiten hasi eta hogei urtera. Balkoian, oles egiten, jeltzaleen ordezkaritza nabarmena izan da, estreinakoz. Hiriko alkatea, Santano, ez da azaldu. Bideoa albistearen amaieran.
Espaloietan jendetza bildu zen alarde parekideari txalo egiteko.
Espaloietan jendetza bildu zen alarde parekideari txalo egiteko. JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko uztailak 1
Desfilean bertan, eta espaloietan. Jaiaren bi aldeetan jendetsua izan zen atzo Irungo alarde parekidea, irteten hasi eta 20. urtemugan: inoizko jendetsuena. Usadioak agintzen duen gisan, San Juan plaza —udaletxea du parean— izan zen jaiaren gune nagusietako bat, eta adi egon ziren jendearen begiak, hango balkoi nagusira begira, harrera egitera zein ordezkari instituzional joan ziren jakiteko. Joan ez zirenak, urteen poderioz ohiko egin direnak: Irungo alkate Jose Antonio Santanok, adibidez, alde egin zuen behin alarde baztertzaileak plaza hustu ostean —handiena huraxe da oraindik: 8.000 partaide inguru; ia denak gizonak, andrerik ez dute onartzen kantinera roletik aparte—; ez zien oles egin nahi izan alarde parekidean parte hartu zuten gizon eta emakumezkoei. Aldiz, izen berriak ere izan ziren: EAJko ordezkaritza zabala nabarmendu behar da, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza buru zelarik.

Asteon Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzera bota dute mozio bat alarde parekidea ofizialki aitortzea nahi zuena, eta, ondorioz, bertara ordezkaritza ofizial bat bidaltzeko ere eskatzen zuena. EAJk, PSEk eta PPk eman dute aurkako boza. Diputatu nagusi Markel Olano berak, bestelako keinuen ordez, lan «isila» lehenetsi behar dela nabarmendu du, aurretik beste hainbat alditan egin duen gisan. Horrexegatik, deigarria izan zen atzo buruzagi jeltzaleak balkoian ikustea: argazki berria. Bi desfileak ikustea erabaki zutela adierazi zuen Mendozak, eta modu horretan auzi honetan «errespetua» gailentzen hastea nahi dutela. «Bata edo besteari bizkarra emateak bizikidetza eragozten du». Maria Eugenia Arrizabalaga batzarkide jeltzalea ondoan izan zuen. Jaiaren jatorrian, orain bi hamarkada, hura «politizatzeko» nahian egon zela adierazi zuen hark: «Horrek herria lubakietan jarri zuen». Aldiz, orain «bizikidetzaren» aldeko hautua egin behar dela adierazi zuen; horregatik egin zutela, hain justu, balkoian alarde parekideari ere oles egiteko keinua: «Bada bide horretan urrats bat egiteko garaia». Eusko Legebiltzarreko bi ordezkari jeltzale ere izan ziren: Iñaki Agirre eta Irune Berasaluze.

Ordezkari jeltzaleek ez zuten Irungo alkatearen jarrera hizpide hartu nahi izan. Mendoza: «Ez nuke inoren kontra hitzik esan nahi». Ahal Dugu-ko, EH Bilduko eta Ezker Anitzako ordezkariak ere baziren balkoian. Hiriko bandera Podemoseko senatari Josetxo Arrietak eman zien, txalo artean. Alkatearen jokaera irmo gaitzesteko arazorik ez zuten izan talde horiek. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ere ez. «Ulertezina da haren jarrera». EH Bilduko ordezkari Maddalen Iriartek esan zuen alkatearen faltan gainerako ordezkari politikoek alarde parekideari sostengua emateko eginkizuna dutela. Izen eta abizenez egin zien dei: «Markel Olano ahaldun nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria hemen egoteko egun garrantzitsua da gaurkoa». Ahal Dugu-ko batzarkide Maria Valientek arduragabekeria instituzionala salatu zuen: «Moralgabea izan da, hogei urtean ez dute urrats bat egin». Arartekoa ez zen joan, haren ondoko Julia Hernandez, bai.

Kaleetan, jai giroa. Aldarri egiteko pankarta zenbait ere agertu ziren —horietako batzuk Betiko Bigotudak taldeak izenpetu zituen—, eta ongi joan zen dena. Deigarria izan zen desfilean zenbat andre gaztek parte hartu zuten. Horietako bat, Iraia Maillo. Iaz kantinera izan zen; atzo, soldadu. «Behin ja probatuta, ez zara espaloira itzultzen». 20. urtemugaren lorratza agerikoa izan zen, eta nabarmendu ziren orain dela hogei urte Irunen alarde parekidea antolatu zuten andre eta gizonak. Garai hartako Roman Rico alkateordeak (PSE-EE), esaterako, berriz desfilatu zuen. Arratsaldean, Kale Nagusitik pasatzean, izan zen keinu itsusi bakanen bat, baina aldeko oihuak eta txaloak nagusitu ziren. Nabarmen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna