Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Gure Korrika

2017ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Movistarreko txirrindularia

Asko gustatzen zait Korrika. Umetan, eta ez hain umetan, luze korrika egindakoa naiz euskararen alde. Lehen egunean pasatzen ikusi nuen, Gasteizen. Bi seme ditut, eta zer den jakitea gustatzen zait, eta han ibili ginen kantuan. Azken aldietan, baina, ezin izan dut korrikarik egin, eta aurten ere ez, baina, tira, bihartik aurrera txirrindulariok gure Korrika propioa dugu.

Asko gustatzen zait Korrika, eta asko gustatzen zait Euskal Herriko Itzulia. Euskal Herriko lasterketak dira nire kutunak: etxeko bideak, gertukoak bertan, animoak euskaraz entzutea... Euskal zaleak, gainera, izenez ematen dizkizu animoak, ez gurik bakarrik, atzetik doan esloveniarrari ere izenez deitzen diote, eta horrek harritu egiten ditu.

Gustuko duzun hori ondo zaindu behar da, eta ni urtarrilean hasi nintzen ibilbidea aztertzen. Bai, urtarrilean. Eltziegoko etapa ikusten aritu nintzen, Ion anaiarekin. Halakoetan zehatza izatea gustatzen zait, agian geroago ez delako egongo aukera aproposik. Anaia ezberdina da horretarako, «gero ere izango diagu denbora!», esaten du, baina badaezpada ere... Ibilbidea osoa buruz dakidala esango nuke, Bizkaiko kostaldeko tarteren bat edo beste kenduta, osoa. Baina, tira, nik uste dut euskal txirrindulari guztiok dakigula buruz.

Ezagutzen dut ibilbidea, eta gustatzen zait. Agian leunxeagoa izango da, baina polita da, eta lehen bi etapak oso biziak izatea gustuko dut. Iruñean hastea gauza handia da, sinbolikoa, eta etorkizunera begira hegoaldera jotzea gustatuko litzaidake. Han, gainera, haizeleku handiak daude, eta etapa ikusgarriak ikusteko aukera legoke. Erabaki, baina, azken bietan erabakiko da. Erlojupekoa oso luzea da. Arrateko azken igoeraz asko hitz egin da, baina nik uste goikoen artean ez dela alde handirik egongo. Hortik atzera tropela txikituta iritsiko da, baina oilarren artean, alde gutxi.

Ni sasoi onean nago; iaz, lehen egunaren bezperan ezin parte hartuta gelditu nintzen, eta gogoz nago. Katea pixka bat askatuko balidate eskertuko nuke, baina taldean Alejandro Valverde dugu, eta hura irabazteko faboritoetako bat da. Are gehiago Katalunian eman duen mailarekin. Eta alboan, anaia. Jende askok galdetzen dit ea zer moduz orain anaia beste elastiko batekin ikusita. Bada, normaltasunez, bakoitza bere bidetik eta bere taldearekin. Paris-Nizan ere hala ibili ginen; bizilegea da, baina oraindik ere kilometro asko egingo ditugu elkarrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.