Antton Lopez Ruiz, 'Kubati'. Euskal preso ohia eta Kalera Kalera-ko kidea

«Konfrontazio juridikorako legedia garatu behar da, baina gizartearekin batera»

«Presoak ateratzeko unea da hau», dio Antton Lopez Ruiz 'Kubati' preso ohiak. Kalera Kalera dinamikan inplikatu da, eta, kasurako, hura izan da EAJren EBBrekin bildu den kideetako bat. Garrantzia ematen dio jarrera positibo bat hartu izanari.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Usurbil
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren 10ean zabaldu zuten euskal preso ohiek, Usurbilen (Gipuzkoa), Kaleragunea. Antton Lopez Ruiz Kubati (Elorrio, Bizkaia, 1953) egunero izan da han; batzuetan, lo egiten geratu da. ETAko kide ohia 2013ko azaroan atera zen kartzelatik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak atzera bota ostean Parot doktrina. 26 urte egin zituen preso. Gaur itxiko dute Kaleragunea, preso eta iheslari ohien agerraldi masibo batekin (12:00).

Bete al dituzue Kalera Kaleradinamikaren helburuak?

Bai. Preso ohiok bi helburu izan ditugu Kalera Kalera-rekin: batetik, errepresaliatuei babesa ematea eta elkartasuna agertzea, eta, bestetik, gizartearekin konektatzeko dinamika bat martxan jartzea. Ezker abertzaleak —eta preso ohiok, hango kide gisa— espazio politiko hau indartu nahi zuen.

Eragileen artean, EAJrekin bildu zineten, Sabin Etxean, abenduaren 23an. Kalera Kalera-tik Juan Mari Olano eta biok izan zineten.

Begirunez hartu gintuzten [Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla EBBko kideek], eta ez zuten erreparorik jarri batzarraren berri hedabideetan emateko.

Zuek zer azpimarratu duzue?

Bektore nagusia izan da ziklo hau gainditu egin behar dela, beharrezkoa delako elkarbizitzarako eta bakerako. Presoak ateratzeak eta, oro har, gatazkaren ondorioak konpontzeak etorkizunera begirako proiekzioa daukate. Ez da bakarrik auzi humanoa eta praktikoa. Herri honek sintesi berri bat behar du; beste era batera bizitzeko aukera sortu behar dugu. Konponbidea beste era batera bilatu behar dela ulertzera eraman gaitu azkeneko lauzpabost hamarkadetako borrokak. Ezker abertzalea horretan inplikatua dago, presoen kolektiboa eta esperientzia horretan parte hartu dugunok barne.

Eragileak eta zuek zertan etorri zarete bat?

Denok uste dugu premiazkoakdirela hiru puntu hauek: larri gaixorik dauden presoak kaleratzea, sakabanaketa bukatzea eta EAEko eta Nafarroako gobernuek espetxe eskumena izatea.

EPPK-ko kide ohi ugari mobilizatzen hasi zineten duela urtebete. Presoen gaia aktibatzeko beharra ikusten al zenuten?

Bai. Ezker abertzalean pentsatzen genuen ETAren borroka armatua bukatu ondoren etorriko zela presoen arloan-eta konponbidea, baina ez da horrela gertatu. Izan ere, Espainiako Estatuak jarrera itxiari eutsi dio. Blokeo politiko bat egon da, eta, azkenerako, alderdi batzuk eroso egon dira egoera horretan, ez dira arriskatu. EPPKren 2013ko dokumentuaren ondoren estatuak eta hedabideek agiriari buruz zabaldutako akusazioei-eta aurre egiteko ez zen nahikoa egin gure partetik ere. Preso ohiok duela urtebete biltzen hasi ginen, eta lehen egitekoa geure arteko gogoeta espazio bat sortzea izan zen. Presoak hausnarketa eta borroka ideologikoan nola lagundu ere aztertu nahi genuen, akusazioei aurre egin... Bestetik, kolektiboari jakinarazi genion bere erabakiak errespetatuko eta bultzatuko ditugula. Hala, ekinbide batzuk antolatzen hasi ginen. Gainera, ezker abertzalean martxan zegoen Abian gogoeta estrategikoa.

Estatuak bereziki jo al du presoen eskubideen aldeko eremua?

Orain dela zazpi bat urte estatuak ikusi zuen ezker abertzalea estrategia aldatzera zihoala, eta Bateraguneko operazioa eginda geratzen saiatu zen. Ezker abertzalea jarduera politikorik gabe utzi nahi zuen, ilegalizatua, borroka armatuarekin bakarrik, eta xake-mate eman nahi zion. Kolpe gogorra izan zen Bateragunekoa, baina kontrako efektua lortu zuen estatuak. Gero zer egin zuen? Presoen eremuan egin zituen operazioak: Herrira, EPPK-ko bitartekariak, abokatuak, medikuak, Etxerat. Ezker abertzalea shock egoera batean geratu zen.

EPPKren 2013ko adierazpenak ez zuen segidarik izan edo fruiturik eman.

Kolektiboan barne eztabaida egin zenean, ni preso nengoen. Bi gauza garrantzitsu esan ziren dokumentuan: presoen kolektiboa legediaren bidea egiteko prestdagoela eta salbuespen legeak deuseztatu egin behar direla. Estatuak, ordea, presoen espazioaren aurkako errepresioa segitu zuen.

EPPK orain ari da berriro eztabaidan. Ezker abertzalea ere aktibatu da presoen alorrean, Foro Soziala... Bi-hiru urte galdu diren sentsazioa al daukazue?

Bai, eta uste dugu denbora gehiegi izan dela. Duela bi-hiru urte ere ikusten zen heldu behar geniola gaiari, baina ez genekien nola. Errepresioak min eman zuen.

«Zinez aitortzen dugu gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina» ere bazioen 2013ko agiriak.

Foro Sozialaren gomendio bat izan zen eragindako sufrimendua eta mina aitortzea. Kolektiboan eztabaidatu egin genuen, eta onartu. Guk bagenekien fase berri honetan bidea egin behar genuela, eta, beraz, ordura arte urratu gabeko espazioak urratu beharko zirela. Ezker iraultzailean duela urte askotatik egon izan da eragindako minaren aitortzaren eztabaida; Leninekin-eta egon zen. Statu quo aldatzeko iraultzaileak eskuak zikindu egiten ditu, eta hori aitortzeak ez dizu baliabide iraultzailerik edo ideologikorik kentzen. Gure borrokak ondorio batzuk ekarri zituen, eta presook hori aitortugenuen 2013ko abenduko adierazpenean. Gure gatazkak konponbidea izango badu, halako gaiak jorratu egin behar dira. Perspektiba hori izan behar dugu.

Indarkeriaren erabilerari buruzko autokritikak garapenik izango al du zuen artean? EPPK-ko zuzendaritzaren oraingo txostenak ez dakar aipamenik.

2013an eman genuen pausoa. Gizarteak eskatzen zigun. Ikusi duguna da une jakin batean esaldi horrek, jarrera horrek balio duela.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak damua eskatu izan die EPPK-koei, eta EAEko azken hauteskundeen kanpainan galdetu zuen ea hain zaila al den aitortzea hiltzea gaizki egon zela.

Ematen duzu aurrerapauso bat, eta batzuek beste bat eskatzen dizute. Badirudi ez dela bilatzen konponbidea, baizik eta ezker abertzalea ahultzea. Badakigu estatuarekin ez dela aldebikotasunik egongo, eta ikusten duguna da Euskal Herrian akordio bat beharko dela. Akordio hori badago, eta bidea urratzen hasten bagara, orain pentsaezintzat jotzen diren gauza batzuk egin daitezke, betiere ezker abertzaleak jarriak dituen bi marra gorriak gainditzeke: damua eta salaketa; guk ezin dugu geure buru politikoa entregatu.

Damua agertzeko eta barkamena eskatzeko exijitzeaz gain, Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak esan du ETAri armagabetzeko eta desegiteko eskatu behar diola EPPK-k.

Estatuak ez du zikloa itxi nahi. Baina egoera zail batean da: Kataluniako arazoa du, identitate krisia... Ezker abertzalearen estrategia berriak ere kezka sortzen dio, gatazkaren konponbidearen aldeko pausoak emanez gero hausturara gerturatzen duelako, Euskal Herriko proiektu independentistari bidea libre utziko liokeelakoan. Mendekuz ari da, badakigu, baina ez dugu pentsatu behar horregatik bakarrik ari denik. Estatuak estrategia bat du. Etorkizunaz beldur da, eta ez du zikloa itxi nahi.

Hain zuzen, EPPK-ko zuzendaritzak dio kolektiboak prozesu independentistari lagundu nahi diola. Nola egin dezake hori?

Ezker abertzalea batzen duen subjektu kolektiborik bada, nagusia presoena da, eta prozesu bat neurtzeko presoen egoera ikusteak balio izan du: presoena konpontzeko bidean bada, prozesua ona da; bestela, ez. Gurean hala ikusi izan da. Pentsatzeko modu horri buelta emateko errekurtso politikoak eta ideologikoak behar ditugu, eta garrantzitsuena da ikustea presoen eremutik nola elikatzen den prozesu independentista bat. Txostenaren balio nagusia da kolektiboa etorkizunerako prest jarriko dela, etxeko lanak eginda.

Euskal Herrian ba al dago aukerarik presoen eskubideen inguruko akordio bat lortzeko?

Churchillek esaten zuen kontrarioarekin hitz egiten ari zarela ezin diozula eskatu eman ezin duenik. Aitortzen zuen negoziazioan Stalin horregatik gustatzen zitzaiola. Horretan saiatu behar dugu.

Giro berri bat sortzen ari al da?

Baietz uste dut nik. Sindikatuekin, eragile sozialekin eta alderdiekin egon gara, eta denak ados daude lehen aipatutako hiru puntuetan mugitu beharraz. Estatua mugitzea gaitza izango da. Baina gauzak mugitzen ari dira hemen. Foro Soziala iraunkor bihurtu da, EPPK berpiztu egin da, Kalera Kalera-rekin udalerrietan dinamika berri bat sortu da… Jarrera negatibo batetik positibo batera pasatu gara, eta hori izaten da zailena edozein ekinbide politikotan.

Zenbat denbora iraun dezake EPPK-ko eztabaidak?

Ez dakigu. Ikusi egin beharko da zer zailtasun dituzten eztabaidatzeko. Interesgarriena litzateke ahal den azkarren bukatzea.

Zeuk zer azpimarratuko zenuke EPPK-ko zuzendaritzaren oinarrizko txostenetik?

EPPK-k gizartearekin harremanetan egoteari ematen dion lehentasuna da gako nagusia. Heldutasun handikoa da kolektiboa, eta prestatuta dago pausoak emateko, betiere gizarteak bidean laguntzen badio. Legedia garatzeko bi marra gorri finkatu dituzte, eta hortik aurrera eremu zabala dute jorratzeko. 7/2003 salbuespen legearen inguruan dagoen guztia desmuntatuz joan nahi da.

Berriro legediaren saioa.

Euskal gizartearekin eta nazioarteko eragileekin hartu-emanean jartzea ahalbidetzen du legediaren garapenak. Bestetik, salbuespen legedia hor egonda, oso garbi ikusiko da zein den benetako eragozpena. Hainbat espainiar juristak, eta nazioarteko beste batzuek ere bai, uste dute 7/2003 legea astakeria juridiko bat dela. Beraz, legediaren borroka bide hori irekitzea oso garrantzitsua da. Konfrontazio juridiko bat bilatu nahi da, eta, horretarako, legedia garatu behar da, baina gizartearekin batera. Ezker abertzalekoak ez diren eragileekin bildu garenean, garbi ikusi da haiek ez dutela amnistiaren borrokan parte hartu nahi. Baina, legediaren garapena aipatu diegunean, abegikor agertu dira, eta prest daude parte hartzeko prozesu batean. Legalitatearen inguruan adostasunak lortzen dira.

EPPKn ia 350 kide daude egun. Horietatik 160 preso pasa 25 urtetik gorako zigorrekin daude, eta 7/2003ko legearen ondorioz zailen dutenak dira. Besteekin gauza batzuk azkar samar lortuko diren itxaropena al duzue?

Bide bat egin beharko da, eta EPPK-ko zuzendaritzak legediko aukera desberdinen zerrenda dakar proposamenean. Baina estatua kapaz da eskaera denei ezezkoa emateko. Makina bat aldiz aldatu du zigor kodea, eta gustuko du atzeraeraginkortasuna ezartzea. Zail jarri behar zaio, ordea. Une honetan lehentasuna Euskal Herrian indar sozial, politiko eta instituzional bat lortzea da, bidea elkarrekin egiteko. Kultura politiko desberdinekoon artean bidea partekatzen ikasi behar dugu.

2013ko adierazpenean presoen Euskal Herriratzea zen lehentasun, gero pausoak emateko. Orain, lorpen «partzialak» ondo ikusiko lituzke EPPK-k, eztabaidarako txostena onartzen bada.

Sakabanaketaren hasierako filosofiara bueltatuko litzateke EPPK, nik txostena leituta ulertu dudanez. 1980ko hamarkadan presook Herrera de la Manchan eta Alcala-Mecon [Espainia] bilduta geundenean, espetxeetako araudia ez genuen ukitu ere egiten. Baina, hamarkada haren bukaeran sakabanaketa hasi zutenean, berria zen egoera: presoa bakarrik zegoen estatuaren indar errepresibo osoaren aurrean. Estatuak kolektiboa haustea zuen helburu, eta guk egitura berri bat hartu behar izan genuen. Behar izan genituen bizpahiru urte, eta bideetako bat juridikoa izan zen. Ikusten genuen gurekin ez zutela betetzen legeak zioena, eta erredentzioak, aurrez aurreko bisitak edota bikoteak elkarrekin egoteko eskatzen hasi ginen, baina preso bakoitza bere kasa, ez multzoan hartutako erabaki baten ondorioz. Baina borroka armatua zegoen, eta ezinbestekoa zen presoon arteko batasuna. Izan ziren lorpenak. Estatuak berak ez zituen aurreikusi. Baimenak ez genituen eskatu, bagenekielako ez zizkigutela emango. Hura kolektiboaren lehen jauzi juridikoa izan zela esaten dut nik. Orain, beste pauso bat eman nahi da. Txostena onartzen bada, preso bakoitzak ikusiko du zer egin, eta kolektiboak babestu egingo du.

197/2006 edo Parot doktrina ere borrokatu zenuten juridikoki, baita irabazi ere.

Estatuak ikusi zuenean helegiteen bidez humus juridiko berri bat osatzen ari ginela, ohartu zen erredentzioekin zigorra murrizten ari zitzaigula, eta hiru mugimendu egin zituen, helburu batekin: kaleratzeak eragoztea. Hala, Espetxe Zaintzako Epaitegia sortu zuen, irizpideak bateratzeko; 7/2003 salbuespen legea sortu zuen; eta Parot doktrina. Atzera bota genuen azken hori. Orain, lehentasuna 7/2003 borrokatzea da, beste pauso batzuk ematearekin batera.

Kalera Kalera-ko preso ohien artean ibilbide luzeko jendea ere bazaudete, 60 urteren bueltakoak; belaunaldi bat. «Zikloa itxi», aipatzen duzue. Horretarako behar berezi bat sentitzen al duzue zure belaunaldikook?

Bai, dudarik gabe. Borroka gogorrenaren garaian gu egon ginen, baina zikloa ixteko pausoak emateko erantzukizuna hartu dugula ere erakusten ari gara. Baina gatazka politikoa hor dago oraindik, eta borrokak jarraitu egiten du. Borroka bide demokratikoetatik eta baketsuetatik eramateko konpromisoa du ezker abertzaleak.

Igande honetan bukatuko duzue Kaleragunea. Gero zer?

Preso ohion protagonismoa igande honetan bukatuko da, baina Kalera Kalera dinamikak segitu egingo du. Presoen arloaren ardura ezker abertzaleak hartu behar du. Abianen esan zen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.