Koronabirusa

ZIUetako kopuruak gora egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian: 223 gaixo

Iazko apirilaren 16an 228 eri zeuden ZIUetan; orduz geroztik, kopururik handiena da oraingoa. 1.100 positibo izan dira, eta gorantz doa kurba

Donostia ospitaleko larrialdietako sarreran, anbulantzia bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Birusarekin kutsatuta daudenen kopuruaren kurbak gorantz egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian, eta horren ondorioak nabarmenak dira ospitaleetan. Bigarren egunez jarraian, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta dauden gaixoen kopuruak goia jo du, lehen olatuaz geroztik: herenegun 223 pertsona zeuden ZIUetan, aurreko egunean baino hamalau gehiago, hain zuzen. Ez da horrelako daturik jaso izurritearen hasieratik: iazko apirilaren 16an 228 pertsona zeuden eremu horretan ospitaleratuta, baina joera beheranzkoa zen, orain ez bezala.

Kutsatutako pertsonen kopuruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 15.299 PCR proba eta antigeno test egin zituzten herenegun, eta 1.100 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino 68 gutxiago: Bizkaian, 466; Gipuzkoan, 358; Nafarroan, 165; eta Araban, 102. Gainontzeko zortzi kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean detektatutakoak dira, Jaurlaritzak azaldu duenez. Eguneko kasuen datua jaitsi arren, ordea, gorantz egiten jarraitzen du positiboen kurbak martxoaren 11z geroztik; hor egin behar da azpimarra.

Hegoaldeko erietxeetan beste 117 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun, eta Osasunbideko zentroetako gela arruntetan 144 gaixo zeuden ospitaleratuta. Horrez gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 78 urteko gizonezko bat koronabirusarekin hil zela. Eusko Jaurlaritzak, ordea, asteburuero bezala, ez zuen erietxeetako datu orokorrik eman, eta, beraz, bihar azalduko du zein den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako egoera.

Hildakoen oroimenez

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria COVID-19aren ondorioz hil direnak omentzeko ekitaldi batean egon zen atzo Gasteizen, eta nabarmendu zuen izurritea geldiarazteko neurriak hartzeko orduan, «pertsona bakoitzaren osasuna eta ongizatea lehenesten» saiatu direla, baina «akatsak» ere egin dituztela. Hala ere, hildakoen ingurukoek izandako «ulermena eta gogortasuna» goraipatu ditu.

Jaurlaritzak atzoko ekitaldian emandako datuen arabera, izurritearen ondorioz gertuko pertsonaren bat galdu dutenak artatzeko Betirako programan 600 pertsona baino gehiagok jaso dute laguntza psikologikoa, eta, gainera, horietatik %86k azaldu dute ezin izan zituztela ingurukoak «nahi bezala» lagundu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.