Preso erien etxeratzea exijitu dute

Otsoa de Eriberen heriotzaren ostean, gaixorik larri dauden presoak askatzea galdegin dute, Gasteizen. Aurten hil den hirugarrena da

Sarek deituta atzo Gasteizen egindako manifestazioa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Sare Herritarrak antolatuta, manifestazioa egin zuten atzo Gasteizko kaleetan. Jose Angel Otsoa de Eribe euskal presoaren heriotzaren ostean, gaixorik larri dauden presoak askatzea exijitu zuten bertaratutako herritarrek. Hain zuzen ere, asteartean hil zen arabarra, lau urtez minbiziarekin egon ondoren. Areago, hirugarrena da aurten gaixotasun larri batengatik hil diren euskal preso ohietatik.

Arratsaldeko bostak aldera abiatu zen mobilizazioa Artium museotik, eta ordubete geroago iritsi zen Andre Mari Zuriaren plazara. Manifestazioa hasi aurretik, ordea, adierazpenak egin zituzten Joseba Azkarraga eta Blanca Martinez de San Vicente Sareko kideek. Eskaria egin zioten Espainiako Gobernuari, gaixo dauden presoak «aske» uzteko. Haien arabera, eri dagoen presoari aukera eman behar zaio gaitzari «tratamendu egokiarekin» eta «ingurukoez lagunduta» aurre egiteko. Izan ere, Otsoa de Eribe 2015az geroztik zegoen gaixorik, baina ekainean lortu zuen baldintzapean aske geratzea. Lau hilabeteren buruan hil da.

Mobilizazioak oihu eta txalo artean egin zuen aurrera Frantzia kaletik, euskal presoak etxeratzeko aldarriak nagusi zirela. Bertan zen duela ia hilabete Sarek aurkeztu zuen anbulantzia ere. Euskal Herrian zehar arituko da, eskualdeka antolatuko diren mobilizazioetan, Larriki gaixo diren presoak etxera! aldarrikapena oinarri hartuta. Manifestazioa 18:00etan amaitu zen Andre Maria Zuriaren plazan, eta azken hitzak egin zituzten han Azkarragak eta Martinez de San Vicentek.

Espainiako jarduneko gobernuaren jarrera kritikatu zuten Sareko kideek. Izan ere, hark arau batean jasotzen duenez, gaixorik dauden presoak, soilik, hiltzear daudela askatuko dira. Hala, salatu zuten «saihestu» zitekeen heriotza izan dela azkenekoa, eta Otsoa de Eriberen moduan, hainbat euskal preso daudela «sendaezinak» diren gaixotasunekin. Bozeramaileek gaineratu zutenosasunerako eskubidea oinarrizkoa dela eta, beraz, «errespetatu» beharra dagoela. Egoerari irtenbide bat emateko asmoz, dei egin zuten elkarrekin lanean jarraitzeko: «Gizatasunagatik, duintasunagatik, eta legezkotasunagatik, larriki gaixo diren presoak askatu!».

Aurtengo hirugarren

Guztira, hiru dira gaixotasun larri baten ondorioz aurten hil diren euskal presoak. Urtarrilean hil zen Oier Gomez gasteiztarra, espetxetik irten eta bederatzi hilabetera. Ewingen sarkoma diagnostikatu zioten, eta bi urte zeramatzan gaixorik. Juan Mari Maizkurrena ere urtarrilean hil zen. 2018ko ekainean eten zioten espetxe zigorra, osasun egoera larrian zegoela eta. Azkarragak eta Martinez de San Vicentek ohartarazi zutenez, osasunerako eskubidea «bateraezina» da espetxearekin; eta nabarmendu epaitegiek, askatasuna ez ezik, bizitzarako eskubidea ere ukatzen dietela presoei. Txalo artean amaitu zen mobilizazioa, eta bertan zegoen Otsoa de Eriberen familiari ere babesa eskaini zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.