Gemma Sangines Saiz.

Jarrera ona dut

2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo udan, pediatra batengana jo behar izan dut Euskal Herrian, istripu txiki bat zela medio. Beti pizten du jakin-mina ikusteak zer-nola dabiltzan zerbitzu publikoak Estatuko beste lurralde batzuetan. Oraingo honetan, Sakanan izan da, Nafarroan, baina kontuak ez lirateke oso bestelakoak izango Valentziako edozein herritako edozein kontsultategitan: bon dia, atetik sartzean; azalpen argigarriren bat, nora jo behar genuen azaltzeko; eta itxarote gela bat, non harriduraz (arrotzak baikinen) eta abegitasunez begiratzen baitziguten aldi berean.

Eta hara non pediatraren bulegora sartzeko txanda heldu zitzaigun. Gizon garai eta gazte batek agurtu gintuen, irribarrez eta keinuka, endavant edo, hobeto esanda, aurrera esan nahi baligu bezala. Guk ere agurtu egin genuen, eta, gero, han hasi nintzaion azaltzen zer gertatu zitzaion gure alabari. Horrek guztiak ez luke izango ezer nabarmentzekorik, baldin eta ez bageunde bi hizkuntza, gaztelania eta euskara, elkarrekin bizi diren lurralde batean, zeinean handia baita diglosia, batez ere medikuntza arloan, eta, inguruabar horretan, medikuaren beraren ezaugarri fisikoek kanpotarra zela pentsarazi ez baldin baligute. Medikuari euskaraz eman genizkion azalpenak, keinu askoz lagundurik eta erritmo lasaian hitz eginik, komunikazioa erraztearren, eta medikuaren erantzunak gaztelania-euskara arteko nahas-mahas bat izan ziren, iruzkin esplizituren bat ere egiteraino: tengo buena actitud.

Bulegoko paretak haurren marrazkiz josita zeuden, eta gorputz atalen izenak euskaraz zekartzaten posterrez apainduak. Esan nahi zituen hitzak gogorarazteko erabiltzen zituen, eta pazientearekiko harremana errazteko. Horregatik, bada, guk geuk ez genuen izan hizkuntza aldatzeko inolako premiarik une batez ere.

Handik irtetean, galderak arrapaladan etorri zitzaizkidan burura: nola hitz egingo ote dio jendeak? Nola sentituko ote da? Duela zenbat bizi ote da Euskal Herrian? Zergatik iruditu ote zitzaion esan beharra zeukala berak jarrera ona duela? Iruditzen zaiolako, akaso, zilegi dela jarrera txarra izatea erabiltzaile bati zerbitzu bat ematean? Zenbatek esango ote diote ez duela axola, ez kezkatzeko, gaztelaniaz arituko zaizkiola?

Irudipen bat baino ez da izango, baina esango nuke pozgarria gertatu zitzaiola guk euskaraz hitz egitea berari. Baliteke oker egotea, baina, ziurrenera jota, jenderik gehienak ez dio hala hitz egingo. Hipotesiak alde batera utzita, ziur nago mundu guztiak euskaraz hitz egingo balio aspaldi utzia liokeela bere bulegoko paretako marrazkitxoei begiratzeari hitzak gogorarazte aldera, eta bere pazienteen hurbilekoago sentituko litzatekeela eta pertzepzio askoz hobea izango lukeela berak emandako zerbitzuaren kalitateaz. Jendearekin lan egiten dugun guztioi gertatzen zaigun moduan, baldin eta hizkuntza bera murru gaindiezin gertatzen ez bazaigu gure egitekoa betetzeko orduan. Bezeroarekiko, pazientearekiko edo erabiltzailearekiko komunikazioa, izan ere, eman nahi den zerbitzuaren osagai funtsezkoa da. Diodan guztia are argiagoa izango litzateke, baldin eta bestelakoa ez balitz hizkuntza gutxituetako hiztunon errealitatea.

Euskal Herriko bazter askotan aspaldidanik ari dira eskean, jartzeko pediatra euskaldun bat, mediku euskaldun bat aukera emango diena herritarrei eskubide besterenezin bat baliatzeko: beren hizkuntza propioan —bide batez esanda, hizkuntza ofizialean— komunikatzekoa eta zerbitzu bat hartzekoa. Eta hori lortzeko, gogotik borrokatu beharko da. Hala, dagokien hizkuntza eskakizunik ez dutenei, edo kanpotar zantzurik antzematen diegunoi, edo, besterik gabe, lehen hitza gaztelaniaz egiten digutenei guk ere lagun diezaiekegu beren egitekoa ondo betetzen, gure hizkuntzan pixkanaka eta etengabe murgiltzeko bidea emanez. Eta jarrera ona dutenei, ikasbidea emanez lagun diezaiekegu. Eta halakorik ez dutenekin, administrazioak lagundu beharko digu, geuri dagozkigun eskubideak babestuz. Erraza da ulertzeko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.