Laguntza eskatu diete erakundeei

Olaizolak, Urrutikoetxeak eta Imazek ez beste, Baikoko pilotari guztiek salatu dute enpresak ez diela ezer esan egindako eskaerez, eta Garairen jarrerak, «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik» jarraitzen duela

Baiko enpresako pilotari gehien-gehienek joan den astean Tolosan egindako agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Soka tenkatuz doa Baikoko pilotarien eta enpresaren artean. Joan den astean, pilotari gehien-gehienek agerraldia egin zuten Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar frontoian, eta bertan salatu zuten «egoera jasanezinean» daudela Baikok azkenaldian beraiekin izandako jarrera eta jokabidea dela eta. Horregatik, «jarrera» alda zezala eskatu zioten enpresari eta, bereziki, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiari. Hori egin ezean, prest azaldu ziren mobilizazioren bat egiteko. Halaber, pilotari profesionalen elkarte bat sortzeko asmoa azaldu zuten.

Bada, astebete pasatu da agerraldi hori egin zutenetik, eta, pilotariek komunikabideei igorritako agiri batean azaldu dutenez —Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek ez beste, enpresako pilotari guztiek sinatu dute—, «bi erantzun» jaso dituzte enpresaren aldetik: lehenbizikoa, «erabateko isiltasuna». Haien iritziz, horrek «agerian uzten du» enpresak ez duela portaera aldatuko, «ez kirol arloan, ezta tratu pertsonalean ere».

Salatu dutenez, enpresak eman dien bigarren erantzuna «lankide batekin», hots, Unai Lasorekin kontratu berri bat negoziatzeko «borondaterik eza» izan da. Pilotarien arabera, «ulergaitza» da erabaki hori, pilotari hori «txapelketa ofizialetan enpresako pilotaririk onena» izan baita denboraldia hasi zenetik: hirugarren izan zen Lau eta erdiko Txapelketan, eta Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan ari zen. Baina Baikok ez dio berritu kontratua, eta enpresatik kanpo geratu da. Baikok Asier Agirre aukeratu du Laso ordezkatzeko binakakoan. Hain zuzen ere, Agirrek ere ez du luzatu oraindik kontratua enpresarekin.

Sinatzaileen arabera, Garairen jarrerak, «aldatu beharrean, orain arteko bide autoritario beretik» jarraitzen du. «Erabat babesgabe» sentitzen dira «jarrera diktatorial» horren aurrean. Horregatik, «mesedez, laguntzeko» eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, EITBri eta beren kirolarekin elkarlanean diharduten gainerako erakunde publikoei, «auzia bideratzen eta aldatzen laguntzeko». «Guk pilotan jokatzen jarraitu eta hainbeste maite dugun kirol hau defendatu nahi dugu, baina gutxieneko tratu duina jasoz, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren eskutik orain jasotzen ez dugun hori». Sinatzaileek espero dute «hau guztia laster aldatzea; guztion onerako, baina, batez ere, gure kirolaren onerako».

Pilotariek ez ezik, Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak ere Baikori eskatu dio berriro pentsa ditzala azken erabakiak. Hego Euskal Herriko, Errioxako eta Kataluniako 40 klubek sinatu dute agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.