Endika Barrenetxea

Larunbat goizeko esnatze atsegina

Garaipen handia eskuratu zuen Barrenetxea IV.ak buruz buruko finalean. Gertukoekin ospatu zuen sagardotegian afalduz, baina jakitun zegoen astelehenean ospitalera joan beharra zuela medikamentua hartzera. Hiru urte eta erdi daramatza berdin, baina inork ez dio kentzen erremontean segitzeko gogoa. Momentuz, «dena ondo doa».

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ez da biharamun erraza izan Endika Barrenetxearentzat. Larunbatean erremonteko buruz buruko txapela eskuratu zuen Javier Urrizari gailenduz, baina ondorengo ospakizunak tonu «deskafeinatu» bat izan zuten. Bi hilean behin egin behar izaten duen bisita egin zuen Donostiako ospitalera; kasu honetan, atzo.

Jakinekoa da hernaniarrak Chronen sindromea pairatzen duela. Horri aurre egiteko, medikamentua hartu behar du, halabeharrez. «Ez dit graziarik egiten ospitalera joateak. Hiru urte eta erdi daramatzat medikamentua hartzen, eta dena ondo doa», dio.

Goizean joaten da, 09:00etarako, eta bazkaltzeko ordurako etxean dago. Janaria baino gehiago, gorputzak atseden hartzeko eskatzen dio. Beharrezkoa du hidratatzea ere: «Etxera heltzean, lehenbailehen komeni zait litro eta erdi ur edatea, gorputzari medikamentua pasatzen laguntzeko».

Nahiago du Hernanitik (Gipuzkoa) Donostiarako bidea norbaitek lagunduta egin: «Ospitaletik tentsio baxuarekin ateratzen naizenez, ez naiz autoan bakarrik joaten; etxeko batek laguntzen dit».

Bizitza normala egin ahal du gaur, entrenamendua izan ezik. Tentsioa erraz jaisten zaionez, alde batera utzi behar du. Eugenio Rodriguez entrenatzailearekin elkartzen da «izerdi pixka bat botatzeko». Normalean, lauzpabost egunetara beti bezala entrena dezake, baina aste hau «oxigenatzeko» hartuko du: «Abuztutik nindoan zestoa jartzen egunero, eta atseden hartzeko garaia da». Medikamentuak atsedenaldiarekin bat egin dio.

Ospakizunak ez zituen alde batera utzi nahi izan, eta familiako kideekin eta gertuko lagunekin sagardotegian afaldu zuen; 30 bat lagun izan ziren. Pozarren egon arren, afaltzeko ordua ez zen guztiz erosoa izan: «Oso nekatuta nengoen. Nahiz eta ordu batzuk pasatu, tentsioa altu neukan oraindik, eta sabela, itxita, nerbioengatik. Hala ere, gau giro ederra pasatu nuen gertuko pertsonekin». Gainera, Los Incansables txaranga taldeko kidea da haren osaba bat, eta afaria are gehiago alaitu zuen.

Sentsazio onekin

Final eguneko esnatzea guztiz atsegina izan zuen: «Ez zait inoiz pasatu, baina oso ondo esnatu nintzen. Beti kontrakoa izaten da. Astean zehar gertuko pertsona batzuk gerturatu zitzaizkidan, eta sinetsita zeuden irabazi egingo nuela. Ez dakit haiek transmititutako zeozer izan zen ala ez». Eguerdian, aldiz, nerbioak jota zegoen. «Horrelakoetan, nire lehengusu txikiek laguntzen didate; haiekin elkartzen naiz. Finalerdien eta finalaren aurretik joan naiz haiengana», oroitu du.

Ez zuen behar bezala hasi finala. Partida aurretik Juan Pedro Ugarteri egindako omenaldiak asko hunkitu zuen, eta eragin egin zion horrek: «Asko harrapatu ninduen. Estimu handia diot, hainbat urtez berak egin baitizkigu zesta guztiak. Izerdi puntua atera nuenean hobetu nuen».

Urriza eta haren laguntzaile Seve Artzelusekin egin zuen topo Galarretara heltzean. Elkar agurtu zuten, baina hernaniarrak garbi esan zien: «Plazer bat da horrelako egun bat zuekin batera pasatzea. Onena opa dizuet, baina txapelaren bila noa». Esan eta egin.

Txapela eta garaikurra ez zituen etxera eraman. Amari eman zizkion: «Aurreko aldian ere amarentzat izan ziren; berari eskaini diot garaipena. Nahiago dut betiko oroituko ditudan momentuekin gelditu».

Hartu beharreko atsedena hartu eta gero, datorren astean entrenatzailearekin eta nutrizionistarekin bilduko da azarora arteko plangintza egiteko. Binakakoa jokatuko dutela baieztatu die, eta «maila bera» mantendu gura du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.