Bi sexu eraso salatu dituzte Zarautzen eta Donostian

Adingabe batek jakinarazi du eraso egin diotela asteburuan Zarautzen. Zurriola inguruan izan da beste erasoa; zaintza areagotuko du udalak

Astelehen Lilak taldeak antolatuta, indarkeria matxistaren aurkako protesta egin zuten atzo Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Gipuzkoan asteburuan salatutako bi sexu eraso ikertzen ari da Ertzaintza. Zarautzen eman dute kasu horietako baten berri; adingabe batek salatu du erasoa. Ertzaintzako iturrien arabera, atzo artean jasotzeko zeukaten salaketa zehatza, baina ikerketa martxan zeukaten. Beste salaketa Donostian jaso dute; emakume batek salatu du eraso egin ziotela Zurriola hondartzaren inguruan igande goizaldean. Donostiako Udalak protesta egingo du gaur eguerdian, gaitzespena azaltzeko.

Zurriola hondartzaren inguruan izan dira eraso salaketa gehiago ere azken asteetan, eta Eneko Goia alkateak jakinarazi du agindua eman duela inguru horretan zaintza areagotu dezaten. «Hala ere, zaila da leku guztien kontrol zorrotza edukitzea».

Bilbon eta Gasteizen ere eman dute eraso gehiagoren berri. Bilbon, emakume bat osasun etxe batera eraman behar izan zuten atzo goizaldean, eraso bat jasanda, eta bikotekide ohia atxilotu du Ertzaintzak; haurdun dago andrea. Gasteizen, 21 urteko gizonezko bat atzeman dute kalean bikotekide ohiari eraso egin diolakoan; emakume batek eman zuen erasoaren berri igande arratsaldean, eta hari ere eraso zion gizonak, baita udaltzain bati ere.

Indarkeria matxistaren aurkako protestak ere izan dira egunotan. Atzo iluntzean, ohiko protesta egin zuen Astelehen Lilak taldeak Iruñean. Bereziki gogoan izan zuten Natalya Balyuk, joan den astean hildako 38 urteko andrea; Uharten (Nafarroa) bizi zen, eta, lehen ikerketen arabera, bikotekideak eraso zion etxean. Hilketa salatu zuen atzoko saioan Nafarroako Parlamentuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.