Bonu sozialaren kostua, konpainien bizkar, baina prezioak, gora

xabier martin
2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sektorea arautzen duen legearen erreformak eragin zuzena izango du bonu sozialaren auzian. Argindarraren fakturan %25eko deskontu horren sistema baliogabetzea agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren hondarrean. Konpainia elektriko nagusiek finantzatu dute orain arte bonu soziala, baina epaileek diote hori ez dela legezkoa, eta PPren gobernua irtenbide baten bila zebilen. Espainiako Gobernua hartzeko modua eman dion alderdi berak eskaini dio laguntza horretan ere: PSOEk. Bonu soziala, konpainia elektriko nagusiek bakarrik ez, baizik eta guztiek ordaintzea adostu dute alderdi biek. Hala, kontsumitzaileek izkin egin diote euren bizkarrean eror zitekeen harritzarrari. Argindarraren prezio igoera berehala iritsi da, ordea.

Errentaren arabera

Baina argindarraren legearen inguruko PP-PSOEren akordioak badu letra txikia. Dagoeneko onartu den dekretuak jaso du, hasteko, bonu soziala lortzea zailago egingo duen baldintza sistema bat. Gaur egun, deskontu berezia eska dezakete etxeko kide guztiak langabezian dituzten familiek, baita familia ugariek ere, eta baita gutxieneko pentsioa jasotzen dutenek ere, 60 urtetik gorakoak badira. Aurrerantzean, batik bat diru sarrerak eta errenta hartuko dira kontuan bonu soziala nork eduki dezakeen erabakitzeko.

Horrez gain, Rajoyren gobernuak beste arazo bat dauka konpontzeko konpainia elektrikoei dagokienez. Lobby ahaltsuak ez dio ahazten utzi bezero berankor askoren faktura mordo bat daukala kobratu gabe, eta ez dituelafakturak irentsiko, besterik gabe. Gehienak familia pobreek pagatu gabe utzitakoak dira. Nadal ministroak aurreratu du argindarraren erraldoiei zor zaiena udalek eta erkidegoek hartu beharko dutela beren gain. Erakunde horien zerbitzu sozialek Ā«eskuzabaltasunezĀ» jokatzea espero du ministro espainiarrak, eta konpainia elektrikoei zor zaiena ordaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.