Langile mugimenduaren habia

Langileen eskubideen aldeko borrokak martxan jartzen lehenengoak izan dira meatzariak, hainbat tokitan eta hainbat alditan. Europan, ordea, galdu egin dituzte azken borrokak.

Irune Lasa -

2018ko uztailak 22
Langile mugimendu indartsuenen habia izan dira meategiak Europako bazter askotan. Eta horien artean, nola ez, ikatz meategiak. Espainian, frankismo garaiko gehiegikeriei emandako lehen erantzun antolatuetako bat ere meatokietatik abiatu zen. 1962ko apirilaren hasieran, Mieresko meategi batean (Asturias), lanuztea hasi zuten destajuan ari ziren bost meatzarik; hilabete amaierarako, 65.000 langile ziren greban Asturiasko meategietan eta industrian. Bizkaiko eta Gipuzkoako siderurgia eta metalgintzara ere hedatu zen greba, eta Francok salbuespen egoera ezarri zuen Asturiasen, Bizkaian eta Gipuzkoan. Katalunian eta Andaluzian ere jarraipen handia izan zuen Huelgona delakoak. Une gorenean, Espainian, Katalunian eta Euskal Herrian 300.000 grebalari zeuden. Ekainarekin amaitu zen greba, soldata eta pentsio igoerak lortuta. Lorpenek ez zuten asko iraun, dena den.

Espainian, meatzarien mobilizazio handietan azkena 2012. urtean gertatu zen, krisi ekonomikoa bete-betean zela, Mariano Rajoyren gobernuak meatzaritza konpainiei diru laguntzak murriztu zizkien garaian. Bi hilabetetik gora iraun zuten grebek Aragoin, Asturiasen eta Leonen. Behin baino gehiagotan, errepide eta trenbideak moztu zituzten, eta istiluak izan ziren Poliziarekin, bai eta atxiloketak ere. Madrileraino martxa beltza ere egin zuten, baina helbururik lortu gabe amaitu zen greba hura.

Erresuma Batukoak, ikur

Berdin gertatu zitzaien Erresuma Batuko meatzariei 1984ko greba ezagunean. Urtebete iraun zuen sinbolismo handiko greba hura Margaret Thatcherren eta Ronald Reaganen neoliberalismoari egindako erantzun indartsuenetako bat izan zen.

Milaka izan ziren greban parte hartu zuten ikatz meatzariak —142.000 ziren grebaren une gorenean—, baina, errepresio eta presio gogorrak tarteko, denborarekin grebalarien kopurua gutxituz joan zen, eta, azkenean, 1985eko martxoan Thatcherren gobernu kontserbadorea garaile irten zen. 2015. urteko abenduan itxi zen Erresuma Batuko azken ikatz meategia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna