Trikuharrien azpian zegoena

Neolitoa Euskal Herrira nola heldu zen eta nolakoa izan zen jakiteko zantzu berriak eskuratu dituzte ikertzaileek. Biologia molekularra giltzarri izan da azken aurkikuntzetarako.
'Sorginaren txabola' deituriko trikuharria, Bilar herrian.
'Sorginaren txabola' deituriko trikuharria, Bilar herrian. J. RUIZ / ARP

Juanma Gallego

2017ko azaroak 19
Ezetz lortu gari pilo horren gainean salto egitea. Baietz dio Martin Txikik. Jentilek, barrezka, ezetz. Nolatan lortuko du halako kakanarruak horren salto handia egitea? Eta bota handi horiek jantzita, gainera! Ezetz ba. Bete-betean erori da gariz osatutako piloan, eta jentilak trufaka hasi dira.

Herrira bueltatu da Martin Txiki; antza, burua makurtuta... baita botak gari alez beteta. Inozoarena egin du, baina altxor preziatua eraman du berarekin: nekazaritza egiteko sekretua kendu die jentilei.

Horrela irudikatu du mitologiak Euskal Herrira nekazaritza nola heldu zen. Benetako istorioa nolakoa izan zen ez dakite ikertzaileek, baina gero eta datu gehiago biltzen ari dira. Azken hilabeteak garia bezain emankorrak izan dira, Euskal Herriko neolitoari buruzko informazioa ematen duten ikerketa garrantzitsuak plazaratu direlako.

Hilaren 8an bertan ezagutarazi dute azkena, Nature aldizkarian. Garai horretako giza arrastoen inguruan orain arte egin den sekuentziazio genomikorik handiena aurkeztu dute. Hungarian, Alemanian, Espainian eta Euskal Herrian bildutako 180 genoma berreraikitzeko gai izan dira ikertzaileak. Lagin horiek duela 8.000-4.000 urte bitartekoak dira.

Javier Fernandez Eraso eta Juan Antonio Mujika Alustiza EHUko arkeologoek ikerketa horretan parte hartu dute, Arabako Errioxako zenbait trikuharritako laginekin. Orain arte arkeologoek megalito horien inguruan utzitako objektuen eta hezurren azterketa morfologikoarekin konformatu behar izan dute, baina orain, paleogenomikari esker, askoz informazio gehiago jasotzeko aukera izan dute.

Gurutzatzeak

«Guztiok ezagutzen dugu Ilgora Emankorretik etorri zela Neolitoa, baina inoiz ez dira ebaluatu hemengo populazioan izan ziren eraginak», azaldu du Fernandez Erasok. Arabako trikuharriak aspaldiko partez ezagutzen diren arren, orain arte adituek karbono-14an oinarritutako datazio zehatz bat baino ez zeukaten eskura. «Inguru horretan, DNArekin egindako lehendabiziko lana da hau».

Ikerketak azken urteetan igartzen ari ziren hipotesiak babesten dituela nabarmendu du adituak. «Materiala aztertzean, ikusten genuen Neolitoaren berrikuntzak ekartzen zituzten populazioen lehen etorrera bat izan zela, baina inguruan eragin gutxi izan zuten. Baina gero, denborak aurrera jo ahala, ekarpen gehiago ikusten genuen aztarnategietan».

Genomaren analisiak ideia hori berretsi du. «Europa osoan ikusi da Neolitoa ekarri zuten lehenengoek gurutzatze gutxiagoa izan zutela. Gero etorri zirenek, berriz, gurutzatze handiago baten arrastoa zuten euren genometan». Oro har, nahasketa horrek 3.000 urtez iraun zuela kalkulatu dute ikertzaileek.

Joxe Miguel Barandiaranek marraztu zuen ikuspegiarekin zerikusi gutxi du oraingo ezagutzak. «Barandiaranek kobetan bizi ziren populazioen inguruan hitz egin zuen, garaiko arkeologoek inguru horietatik kanpo ezer gutxi aurkitu zutelako».

Europako datuei erreparatuz, zenbait laginetan arbaso mistoak identifikatu dituzte, ekonomia eta gizartea antolatzeko bi moduen arteko nahasketaren erakusle zuzenak, hain zuzen.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako ekonomia berria Ebroko haranetik gora sartu zen Euskal Herrira, arkeologoaren ustez. «Paleolitoko silexa Frantziatik etortzen zela badakigu, baina Neolitoan joera hori aldatu zen; Tuteratik gertu erauzitako silexa agertzen da aztarnategietan».

Euskal Herrira duela 6.700 urte inguru heldu zen Neolitoa. Heldu berriek zekarten zeramika mota zehatz bati esker —kardiala izenekoa—, ikertzaileek uste dute Ebroren ibilbideari jarraitu ziotela. Aurretik, Frantziako eta Italiako kostaldeetatik ere igaro ziren lehen ekoizleak. «Eremu horietan guztietan, lehen etorrera horren eta bigarren etorreraren artean 200 urte inguru igaro ziren. Egia esanda, erdian zer gertatu zen ez dakigu oso ondo, orain arte oso aztarna gutxi aurkitu direlako».

Desberdintasun sozialak

Irailean, Arabako Errioxako Neolitoari buruzko beste ikerketa bat kaleratu zuen PLOS ONE aldizkarian Oxfordeko Unibertsitatean lanean dagoen Teresa Fernandez Crespo antropologoak. Kasu horretan, analisi genomikoan ez baizik isotopoen analisian oinarritu du azterketa. Zenbait elementuren isotopoak neurtuz, ikertzaileak gai dira iraganari buruzko hainbat zantzu garrantzitsu eskuratzeko. Fernandez Crespok elikadurari buruzko datuak eskuratu ahal izan ditu, karbono-13ko eta nitrogeno-15eko isotopoen analisian oinarrituz.

Ikerketaren arabera, karbono-13ko isotopo maila desberdinak zituzten mendiko kobetan eta ordokiko trikuharrietan duela 5.500-4.900 urte hilobiratuak izan ziren lagunek. Hori guztia, garai berean eta 10 kilometroko distantzian zeuden populazioetan.

«Normalean, basoko inguruetan, landareetako karbono mailak txiroagoak dira, eta inguru horretan elikatzen ziren animalietan marka hori mantentzen da», azaldu du adituak. «Baina ez genuen espero karbono mailetan tarte hori aurkitzea».

Tarte hori azaltzeko, hainbat aukera proposatu ditu antropologoak. «Agian bi komunitate desberdinduak ziren, bizibide, paisaiaren erabilera eta hilobiratze errito desberdinak zituztenak». Baina bigarren aukera ere badago: komunitate bakarra izatea, eta bertan nolabaiteko espezializazio ekonomikoa egotea. Edo, harago joanda, desberdintasun ekonomiko baten isla izatea. Azken hipotesi horren arabera, hara garaiko erretratua: «Kobetan bizi ziren lagunek estatus apalagoa zuten, eta ez zuten aukerarik haranean zeuden lur emankorragoak erabiltzeko». Megalitoetan hilobiratutakoak, aldiz, estatus sozial handiagoa zuten.

Fernandez Crespok azken aukera hori nabarmendu duen arren, Fernandez Erasok ez du hain argi ikusten. «Isotopoen alde hori agerikoa da, baina garaiko testuingurua kontuan hartu beharra dago». Adituaren ustez, bertakoa talde bakarra zen, eta elikaduran atzemandako aldea lurraldearen erabilerari zor dakioke. «Urtearen sasoi zehatz batean, udaberrian seguruenera, lagun talde batek artaldeak hartu eta mendira eramango zituzten. Udaren amaieran, berriz, haranera jaitsiko lituzkete abereak, artzain komunitate askok duela gutxira arte egin duten moduan. Baina mendian hiltzen baziren, hor bertan lurperatuko zituzten».

Fernandez Crespok espero du orain burutuko dituen ikerketek zalantza hori argitzea lortuko dutela. Izan ere, hortzetako dentina aztertzea izango da hurrengo pausoa. «Hezurretan bizitzaren azken hamarkadan jasotako elikaduraren aztarna isotopikoa gelditzen da, baina, dentinaren kasuan, haurtzaroan jasotako elikaduraren marka mantentzen da. Hori jakinda, aukera izango dugu jakiteko seinale hori jaiotzetik berdina ote den. Hala balitz, horrek esan nahiko luke komunitate desberdinduak direla. Bestela, hortzetan eta hezurretan seinalea banatzen bada, horrek esan nahiko luke talde berdina direla eta, behin adin batera helduta, jendeak bizibide bat edo bestea aukeratzeko aukera izango lukeela». Estrontzioko eta oxigenoko isotopoen analisiak ere burutu nahi ditu. Horien bitartez, posible da jakitea lagun baten sorterria gutxi gorabehera zein izan zen, eta, bi populazio egotekotan, argitu ahal izango du taldeetako bat kanpotik etorria izan ote zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna