Noizbait izan behar lehen aldia

Eibarrek aurkari zitala izango du gaur Ipuruan: Atletico Madril. Lehen Mailan denetik, partida guztiak galdu ditu espainiarren aurka, ligan nahiz Kopan. Arbillak ezingo du jokatu
Eibarreko jokalariak aste honetan Atsabalpen egindako entrenamenduetako batean.
Eibarreko jokalariak aste honetan Atsabalpen egindako entrenamenduetako batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola

2018ko urtarrilak 13
Noizbait iritsi behar du garaipen batek: Eibarrek Atletico Madril menderatuko du egunen batean. Lehen Mailara igo zenetik, ez da gai izan puntu ale bat kentzeko ere espainiarrei. Bizitza honetan, denean omen dago lehen aldi bat, eta zenbat eta gehiago jokatu bere aurkari zitalenetako baten aurka, orduan eta gertuago egon behar du Eibarren garaipenak. Gaur izango da egun seinalatu hori, agian. Ipuruan ariko dira bi taldeak aurrez aurre, lehen itzuliko azkeneko partidan.

Ez du oinarri mehea Eibarrek balentria hori lortzeko. Izan ere, azken zazpi partidetatik sei dauzka irabaziak. Konfiantza betean daude jokalariak. Hala ere, aldarte on hori ez da nahikoa izaten Diego Simeoneren taldea azpiratzeko. Oso da zurruna jokoan, lehiakorra erabat, eta ez du behar sekulako partida egiterik hiru puntuak edozein zelaitik eramateko.

Gaur gauza asko ondo eginda ere, agian Eibarrek ez du punturik eskuratuko. Halakoak gertatzea Atletico Madrilen aurka ohikoa da talde guztientzat. Hala ere, ezinbestekoa izango du asko eta ondo egitea etxeko taldeak, gutxirekin ez baitio aukera apurrik ere emango Simeoneren taldeak. Zailtasun hori handitu egiten da nabarmen gaurko aurkaria aurretik jartzen denean markagailuan. Nekez galtzen ditu eskuan dauzkan hiru puntuak Atletico Madrilek, behin irabazten jarri eta gero.

Eibarrek egoera hori galarazi behar du, nola edo hala. Bizirik eutsi behar dio partidari, ez dezan besteak hil. Ezingo du oparirik egin Jose Luis Mendilibarren taldeak, atzo bertan entrenatzaileak nabarmendu zuen bezala: «Edozein opari baliatu egingo dute, eta beraiek apenas ematen dizuten aukerarik oparien bidez». Egoera onena litzateke Eibar bera aurretik jartzea, eta aurkariaren lana izatea emaitza berdintzea edo iraultzea. Horretan izan daiteke ahulen gaurko kontrarioa, ezertan ahul bada, behintzat.

Eibarrek ez du ohiko jokoa aldatuko, nahiz eta sar ditzakeen ñabardura batzuk. Alde horretatik, ez du ezustean harrapatuko aurkaria. Itxura hori bera eman zuen aurreko denboraldian: ematen zuen Atletico Madrilek ondo landuak ekarri zituela Eibar erasoan geratzeko egoera guztiak. Erdiraketei aurre egiteko ondo prestatuak azaldu ziren, esate baterako, eta beste gauza batzuen artean, horixe da Eibarren indar handienetakoa.

Geldikako jokaldiei aurre ondo egitea, kontraerasoan aritzeko aukerarik ez ematea... Makina bat gauza zaindu beharrean da gaur Eibar. Landuko zituzten asteon Arrasateko (Gipuzkoa) Atxabalpe zelaian, baina gaur egin beharko dituzte jokalariek.

Hamaikakoan, Mendilibarrek aldaketa bat ezinbestean egingo du, Arbillak ezin baitu jokatu, txartel pilaketagatik. Lomban edo Ramis jarri beste aukerarik ez dauka. Kanpotarren artean Diego Costa, Filipe Luis, Gabi eta Savic faltako dira. Bestalde, Eibarrek 2020ra arte luzatu dio kontratua Pere Milla jokalariari. Sasoi honetan Numantzian ari da utzita.

EIBAR-ATLETICO MADRIL

Eibar. Dmitrovic; Capa, Oliveira, Lomban, Jose Angel; Alejo, Jordan, Dani Garcia, Inui; Sergi Enrich eta Charles.

Atletico Madril. Oblak; Vrsaljko, Gimenez, Godin, Lucas; Correa, Saul, Thomas, Koke; Griezmann eta Gameiro.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 18:30ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna