Gaixoak, gu

Jone Arrazola Maiztegi
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bla-bla-bla. Ez dut ulertzen. Ez naiz gai Pedro Sanchez, egunero, ordu erdiz entzuteko. Ezta Urkullu ere. Politikari bat ere ez, egiazki. Ez didate ezer esaten. Agindu digute errotik gure bizi ohiturak aldatzea: etxetik ez ateratzea, ahal dela. Gu eta ondokoak zaintzeko beharrezko neurriak hartzea, higieneaz harago. Alegia, ordu gutxiagoz enplegatzea eta etxeko zaurgarrienen artarako denbora ateratzea. Baina, etxeko, nor? Eta denbora, nondik?

Harrigarria da, urteak joan eta urteak etorri, Eusko Jaurlaritzak ezer ez ulertzea. Beren-beregi sortu zuten Emakunde, 1988an, «emakumeon kontuez jarduteko», ez gehiago, ezta gutxiago ere. Ez zen, bada, erronka makala, literatura eta argazkiez harago, sistema ezbaian jarriko lukeen zerbait eginez gero, kapitala eta patriarkatuaren aliantza salatu, kasurako aurrez aurre izango lituzketelako Jaurlaritza, Confebask eta Vocento, euskal patriarkatuaren zutabe nagusiak. Asmatu zuten modua, jakina, zarata handirik atera gabe, emakumeez jarduteko: feminismo liberala eginez. Eta, hala, 25 urtez jardun dute, Europa iparraldeko herrialde bat garela antzezten: Euskadi, Basque Country. Baina folklorea gaurkotuz betiere: Euskadi, auzolana. Ez da antzezlan makurra izan, ez.

Gezurra dirudi, baina bitartean, gure Euskal Herri maitean, emakumeok azala uzten dugu geure etxeetan, ohean, erditze-geletan, eskolan, gainerakoen etxeetan, sukaldean, osasun-zentroan: «guk ez bada, nork egingo du?», «lehendabizikoa da etxekoak ondo egotea», «nahi dudalako egiten dut», «konparaezina da nire amonaren bizimodua eta nirea», «Martxoaren 8ko manifestaziora noa, nire alabengatik».

Emakumeok etxeko, esaneko eta denborarik gabe nahi gaitu euskal ongizate sistemak; doako lan etengabean, gure ikusmira etxekoetan iltzatuta: seme-alabak hezten, aitona-amonei egunerokoa goxatzen, ahuakatea jaten...enpleguan fin eta arduratsu, eskalatzaile trebe, sexy... Eta gaixotuta gauzka!

Baina sendabidea aspaldi dakigu. Ausenteek, gizonek eta instituzio publikoek, gure ongizatearen ardura moral zein legalek, behingoz, entzun gaitzaten ari gara: zaintza krisia deitzen da, egiturazkoa da eta emakumeok egunero bizi dugu. Ez da osasuna edo ekonomia ezbaian dagoenean agertu eta gero desagertzen; orain 500 urte, hautuz, gurera ekarri zenuten pandemia bat da: kapitalismo patriarkal eta koloniala.

Emakumeok ondoezari «betiko martxan..» esaten diogu, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen murrizketari, auzolana, eta, gizonek menpeko eta adinekoen zaintza sektoreko langileen borrokari: «baina, maitea, zertaz ari zara?».

Orain, COVID-19arekin, ageriko egin da: to, parez pare duzue zaintza krisia! Baina ez, zuen hitz jarioak ez dakar soluziorik gure gaixotasunerako. Ez gaituzue entzun nahi! Etxekotuta gaude, enplegatzaileen etxeetatik ezin atera, gure etxekoen indarkeriari ezin ihes egin, artista garenez gero gure lana oparitu, besterik ez dugu! Mujer hoy-n hala irakurri dugulako, garbitu eta kozinatzea terapia bihurtu dugu; mugikorrak eskuan uneoro, baina bakarrik gaude! Miope!

Galdera bat dugu lehendakariarentzat: Lehendakari jauna, familiaren eta estatuaren artean amildegi bat dago, ikusten duzu? Nik parez pare dudalako diotsut. Nola da estatu demokratikoetako giza eskubide preziatu hori: zaintza eskubidea? 1. Zaindu ala ez erabakitzeko eskubidea; 2. Zainduak izateko eskubidea; 3. Baldintza duinetan zaintzeko eskubidea.

Eta beste bat egin nahi nioke Osasun sailburu andreari: zer egingo du Jaurlaritzak emakume, etorkin, zaintzako langile, autonomo edo etxeko espazioa segurua ez dugunok gaixotzen gaituen pandemia geldiarazteko? Auzolanean zaintza sistema publiko bat sortu, akaso?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.